Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Mundu honetakoa

Hotza egiten duenean, amonak egindako galtzerdiak. Normalean urtebetetze egunean oparitzen zizkigun galtzerdiak eta barruan ondo begiratu beharra zegoen, «jator portatzen zenari» billeteren bat sartzen baitzion galtzerdietan. Kolore bizikoak, apalxeagoak, beltzak eta soilak...bakoitzaren nortasunaren arabera. Duela gutxi aspaldi lehengusu baten bikotekide izandakoak barrez aitortu dit berak ere badituela gure amonaren galtzerdiak. «Maite zintuen seinale», esan nion. Bera hil berritan, mesanotxean topatu nuen galtzerdien poltsatxoa. Berak jositako azken galtzerdiak. Ez zegoen pareko parerik, denak tamaina desberdinekoak. Azken hilabeteetan beti zegoen galtzerdiekin «haserre», bakoitza nahi zuen tamainakoa ateratzen omen zen.

Antoniok 97 urte ditu, memoria pribilegioduna eta hitz jario apartekoa. Erretiratu zenean hasi zen puzzleak egiten. Lehenago, lanaren ondoren lana, ez zuen besterik ezagutu. Berarekin hitz egitera joan gara eta egongelako mahai gainean 10.000 piezako puzzlea dauka, pieza gutxi batzuen faltan. Ez omen du puzzlea bukatuko, «haserretu» egin omen da puzzlearekin. Amorratu, puzzlearekin haserretu eta horrelaxe utziko omen du. Gure amona galtzerdiekin haserretzen zen eta, Antonio, puzzlearekin. Liluratzen naute azkenera arte bere buruaren jabe izateko borrokatzen direnak.

Martxa egiteko prestatzen ari dela esan digu Antoniok, eta puzzlea horrela geldituko dela, kito. Norako martxa. «Hiltzeko, zer izango da ba?».

Behin sukaldean zorabiatu eta erori egin zela kontatu digu. «Esnatu nintzenean, pena hartu nuen, bueltatu izanaren pena. Hain gozo, hain lasai, hain ondo nengoen toki hartan, pena eman zidala bueltatzeak. Ez dakit non nengoen, baina bake-bakean nengoen». Isilik geratu gara. Heriotzak ez diola beldurrik ematen aitortu digu. Nola emango dio ba? Hiru urte zituela hil zitzaion ama. Amona ikusi zuen amaren logelara sartzen esne-zopa katilua eskuan hartuta. Logelatik atera omen zen segituan, ama Jaungoikoak zerura eraman zuela esanez. Bederatzi urte inguru zituela, inguruko baserri bateko amona hil zen. Gauean, ilunpean, kandela hartu eta oinez bidali zuten hildakoaren baserrira, etxekoen partez doluminak ematera. Oraindik begietan dauka beltzez jantzitako hildako amonaren irudia, «sudur luze-luzearekin». Geroxeago bere amona hil zen, amaren magala eskaini zion amona.

«97 urte dauzkat, nola emango dit beldurra heriotzak? Gauza naturala da, normala, derrigorra. Seme-alabek esaten didate ez esateko horrelako gauzak, ez hitz egiteko horrela heriotzaz. Zergatik? Heriotza ez da beste munduko gauza, mundu honetakoa da». Eta mundu honetan kasik ehun urte egin dituenak zerbait jakingo duela pentsatu dut.