Alaia Martin
IRITZIA

Dena batera

Museo batera joaten naizenean historiaren ezohiko geruza batean sartzen naizela iruditzen zait askotan. Geruza horretan motelagoa da denboraren abiadura eta astunagoa da espazioa, errazagoa zait begiratzea eta sentitzea. Kontzertu batera joaten naizenean askoz ozenago entzuten ditut barne-sinfoniak, aldamenekoen arnasak eta eztulak. Antzezlan bat ikustera joandakoan presenteago sentitzen naiz nire gorputzean eta bertso saio batean inoizko bat-batekotasunik zabalena hartzen du uneak. Itsasoan burua urpean sartzean. Gozatu egiten dut sentsazio hauek guztiak sentitzen ditudan bakoitzean, aldiro berriak balira bezala, aldiro leku berera banaramate bezala, bidezidor ezberdinetatik. Aldi berean, aldiro alditik-aldira sentsazio hauek ahaztu egiten zaizkidala iruditzen zait eta aldiro ezusteko eder bat bihurtzen zait nire ezustekoaren lekuko izatea, beste behin ere.

Pertsona batzuekin gauza bera gertatzen zait. Izan liteke kooperatibakide bat, familiako norbait, hautatutako familiako norbait, ezagun bat edo pasiokide bat; topatutakoan gogoratzen dut zenbateraino den ona eta bizigarria euren konpainia, eurekin gurutzatzea. Zuk ere sentituko zenuen pertsona mota horrekin egon ondorengo aho-zapore bare hori, barne koordenada aldaketa hori, patxada alai hori. Bakoitzak bere bidea egin, elkarren berri apenas izan eta hala ere berriz ere paisaia beretik hitz egitea ahalbidetzen dizuen lotura mota hori; arina, sakona eta benetakoa.

Sentipen hauek eragiten dizkidaten lekuetan, ekintzetan edo pertsonekin egon eta bost minututara beti pentsatzen dut maizago habitatu behar ditudala leku horiek eta pertsona horiei leku zentralagoa eman behar diedala nire ekosisteman. Pentsatzen dut, nola egon ote naizen hainbeste denbora haiek bisitatu gabe, haiei poz hau adierazi gabe, nola ez ditudan egunerokoa kodetzeko eta dekodetzeko kide bezala egunero, nola jabetzen naizen hain gutxitan daukadan zorteaz…Aldiro harritzen naiz halakoetan baina egiari zor, aldiro harritzen dena segur aski, ez da benetan aldiro harritzen, aldiro gogoratzen da ahaztea erabaki duenaz, eta kito.

Garai nahasi hauetan bereziki mesedegarri zaizkit kultur ekintza horiek, pertsona horiek eta toki bizidun horiek guztiak eta jabetu naiz mesede egiten didala, haietara joateak eta haiekin egoteaz gain, haiengan pentsatzeak, denborari begirada zabalagoa eskaintzeak. On hori guztia hor dago, etengabe, begira ez nagoenean. Esker ona sentitzen dut.

Tristeago jartzen naiz, baita amorratuago ere, batzuetan, txar edo gris guztia ere hor nonbait dagoela gogoratzen dudanean. Begira ez nagoenean ere, poz hori guztia sentitzen ari naizenean ere, iluna hor nonbait dabilela gogoratzen dudanean. Itsasoaz ez, itsasoaren ur azpiaz gogoratzen naizenean, antzezlaneko langileen soldatak gogoratzen ditudanean, eskertu gabeko pertsona horiek lehen pantailara datozkidanean edo hori guztia gogoratu nahi eta telebista pizten dudanean, alfer-alferrik. Sentimendu guztiak aldi berean, proportzio egokian sentitzerik baldin balego, bizitzarekiko koherente izateko…