Alaia Martin
IRITZIA

Nora begiratu

Itxialdi garaian, ogi usaineko etxeetan, barrurantz begiratzeko garaia zela entzuten zen. Norberaren oskolean kiribildu eta kiribiletako ertzak lixatzeko garaia, norberaren arrakalei argia isurtzeko aroa, norberaren loraldia ureztatzeko urrezko garaia izan zitekeela entzun nuen. Ez nuen nire baitatik entzuten, kanpotik entzun nuen. Nik barruko galde-ikurrak entzuten nituen klakea dantzatzen.

Udako irekialdi hartan, hondartza dinamikoen garaian, kanporantz begiratu genuen, ahalik eta kanporen, kartografiaren izkinek erakarri zuten gure arreta eta beste norbait balitz bezala begiratzen genion bi hilabetez etxean gotortuta egon zen gu hari. Korrika ihes egiten genion bizitakoari, aurrerantz, amildegi orografia izango omen zuen irailerantz, abiadan.

Udazkena azaroan hasi zen eta erabakiei olatu izena jarri zitzaien. Wave garden izendatu genitzake, egungo paradigmetan eroso egotekotan. Olatu zelai bat izan baita, modu batean; erabaki egin da uzta noiz jaso, ospitaleak noiz bete. Gaitzaz gutxi jakin eta genekien gutxiari bizkar eman diogu. Patrikarantz begiratu dute.

Negua urtarrilaren bigarren-hirugarren astean hasi zen eta etorkizunerantz begiratzeko garaia omen da gaur-gaurkoz. 2022ari begiratzeko urtea omen da 2021a. Talaiatxo bat. Semaforoen aginduei erreparatuz gurutzatu behar ziren kaleak lehen, eta orain semaforoek Gabonetako argien itxura hartu dute eta ez dute zehazten zenbat segundoz utziko diguten pasatzen. Arriskuaren kontzeptua lauso eta labainkor geratzen zaigu sudur-mintzetan eta eztarrietan ez daukagu frogatutako hitzik.

Udaberrian arnasa etor omen liteke, baina ez dakigu udaberrira iristeko beste arnasgailu dauzkagun bitartean irauteko; erosketa-zerrenda egin zen garaian ez ziren hain garrantzitsuak, beren burua garaiezintzat zutenentzat, behintzat. Batzuk sanjose-loreei begira daude bidegorrietan.

Otsailaren 10a da gaur eta oraingoz ezin gara gure herritik ondokora joan, lan ordainduetara edo norbait musu-truk zaintzera joateko ez baldin bada, ostalariek herri gorrietan tabernak zabal ditzaketen edo ez ezbaian dago eta LABI batzordeari begira gaude batzuetan, Lakuarantz. Hori ez da aski ikuspegi nazionala izateko; beraz, Nafarroara ere begiratzen dugu hango intzidentzia tasa EAEkoarekin erkatzeko eta hango ZIU kopuruarekin eta hemengoarekin alderaketa egiteko, baina buruan argitasun pixka bat lortzerako Xilaba eremuko datuen bila hasten gara eta geure buruari galdetzen diogu han kultura-jarduerak egin daitezkeen jada edo Hegoafrikako aldaera hara heldu bada hona noiz helduko den kontuan hartuz gertu bezain urrun gaudela, 30 kilometrora bizi ezean. Gero neure buruari galdetzen diot zergatik ari ote naizen hara eta hona kontzeptuak erabiltzen, beste behin ere. Autozuzenketa. Begirada hiru puntutan jartzen dut orduan, baina orduan Madrildik dator kanpo zuzenketa edo Frantziako oilarrak kukurruku egiten du. Daturik gabeko herrialdeetan eta herrialderik gabeko pertsonetan pentsatzen dut gero eta ez dut begiratzen asmatzen.

Aspaldian ez dut asmatzen, norantz begiratu, betaurreko gehiegi pilatzen zaizkit sudur gainean.