JOKIN URAIN
IRITZIA

Justiziaren kontra

Justiziak ere baditu mila aurpegi, eta aurpegi horietako batzuek, tori eta tati, batere lotsagorritu gabe erakusten dute beren ifrentzua. Frogak behar izaten ditu justiziak, azaltzen edo ezkutatzen diren frogak. Begien bistara azaltzen edo begien bistatik ezkutatzen diren frogak esan nahi dut. Horretaz zerbait badaki gaur Madrilen ministro den Marlaskak.

Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruan dokumentuak desklasifikatu eta ikerketa berrabiatzeko eskatu zion joan den martxoan diputatu jeltzaleak Ministroari, eta gai horretan Gobernuaren aurpegia erakustea “marroia” dela ulertuz eskatu ere. Kasu honetan “marroia” ez da gaztainaren kolorea hain zuzen, gauza edo gai desatsegina baizik, edo kulparen erantzukizuna. Eta ez da adierazpen makala diputatu jeltzalearena, justizia egitea marroia dela jakinik ari dela erakusten duelako bere horretan, eta kasu honetan, Mikel Zabalzaren kasuan, justizia egitea baino ez egitea erosoagoa dela ulertzen duela ere erakusten du. Etxeko berri badakien seinale, bestalde.

Baina Marlaskaren erantzunak ez zuen zinismo gutxiago erakutsi. Zabalzaren heriotzaren inguruan dokumentu klasifikaturik ote dagoen ere ez daki ministroak, eta edozein kasutan Botere Judiziala omen da erabaki behar duena auzia berriz irekitzeko elementurik dagoen ala ez. Arrisku handikoa omen litzateke gaiaz dakiten auzitegietatik kanpoko edozein ekimen abiatzea.

Nahi izan duen edonork entzun ahal izan ditu Pedro Gomez Nieto kapitainak eta Alberto Perote CESIDeko koronelak Intxaurrondoko torturei eta torturatzeko metodoei buruz esaten zituztenak. Baina kasu honetan Marlaska eta enparauen justiziaren zeregina da, 1985eko azaro hartatik gaur artean izan den moduan, frogak begien eta belarrien espaziotik desagerraraztea eta publikora azaltzen diren frogei auzitegietarako balioa kentzea. Gutxi izango da zeregin horretarako Marlaska baino pertsona egokiagorik, torturatuen testigantzari entzungor eta ez ikusia egiten iaioagorik. Jaun horri europar auzitegietatik domina batzuk emanak dizkiote jada tortura kasuetan, eta paparra bete arte jarraitu nahiko du.

Nabarmena denean ere torturaren edozein froga ezkutatzea da hemen “justiziagileen” kezka, eta, lukurreriaren kontra, sikatearen kontra, justiziaren kontra, torturatzaile eta haien defendatzaileen kontra, badugu zer defenditu, Iratxe.