Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Poliziaren paparra

Poliziak ikustean «raiatu» egiten dela esan dit. Erretxindu, aztoratu esan nahiko du. Hamar urte ditu eta hitz “modernoak” erabiliz handia sentitzen da. Udaltzainak, ertzainak eta guardia zibilak ikusi ditugu hamar minutuan errepidean.

«Lasai egon, poliziak herritarrak laguntzeko daude, komunitatearen parte dira eta komunitatea zaintzen dute. Herritarren zerbitzura daude eta herritarrentzat onena nahi dute poliziek», erantzun nahiko nioke. Baina «ni ere ‘raiatu’ egiten naiz», erantzun diot.

Behin Costa Rican bizi den euskaldun bati entzun nion esaten atentzioa ematen ziola herrialde hartan Polizia ikusteko dagoen moduak. Nonbait, herritarrek garbi daukate beren zerbitzura dagoela, laguntzeko, komunitateak bere kabuz konpondu ezin dituen arazoetan esku hartzeko asko jota. Alegia, euskaldun horrek harrituta esaten zuenez, herritarrek ez diote beldurrik Poliziari eta gertuko eta beren zerbitzurako sentitzen dute. Hara! Normala euskalduna harritzea.

Nik ez dakit Costa Rican, baina hemen niri poliziek lasaitasuna ez den beste guztia sortzen didate; larritasuna, nekea, urduritasuna, egonezina, beldurra... Eta uste dut beste toki askotan dabiltzala zakurrak hanka-hutsik eta poliziak paparra puztuta.

Duela hilabete Jaengo Linares herrian gizonezko bat taberna batean zegoen lasai ederrean. Tabernatik ateratzen ari zela, bertara sartzera zihoan gizonezko batekin urratu txiki bat izan omen zuen, elkarri traba egin omen zioten. Ez zuen zorte onik izan tabernatik atera berri zenak. Bestea polizia espainola zen –zerbitzutik kanpo– eta kanpoan beste polizia bat zegoen, elkarrekin tragoak hartzen ari zirelako. Barkaezina iruditu zitzaien bi poliziei herritar haren jokaera eta sekulako jipoia eman zioten bere 14 urteko alabaren aurrean. Aurpegia erabat desitxuratu zioten eta kornea kaltetu. Sare sozialetan ikusi genuen lanetik kanpo zeuden poliziek herritar horri emandako jipoi latza. Laster jakin zen polizia espainolak zirela gisa horretan jardun zutenak. Eta inor ez zen harritu. Aldrebes.

Gertuago etorrita, ertzain bat dabil azkenaldian Poliziaren apologia eta armen gorazarrea egiten duten kamisetak jantzita Euskal Irrati Telebistan. Paparrean daramatza idolatratzen dituen mugimendu arrazistak eta frankotiratzaile zorrotzak. Ez nioke taberna baten atarian trabarik egin nahi. Kaleko jantzita dagoenean bere kamisetak mingarriak zaizkigu eta, pentsa, laneko uniformea daramanean borra eta arma ditu eskura. Eta inor ez da harritu. Aldrebes.

Aizue, akaso badaude herritarren zerbitzura aritzen diren poliziak; gertukoak, lagunkoiak, iragarki moñoño horietakoak bezalakoak. Niri oraingoz bestelakoak bakarrik egokitu zaizkit parean, bai kontroletan eta bai taberna atarietan ere.