Galder Perez
IRITZIA

Barkatu gure zorrak

LGTBIfobiaren aurkako egunarekin hasi dugu astea, eta biharamunean zer eta trans legearen bozketa Espainian. Aniztasun sexualen fobien hariari helduz, beste hainbeste kasu sozialekin gertatu bezala, pandemiak datuak baldintzatu ditu; zaila indarkeria egoerak salatzea eta zenbatzea, hortaz. Horrela agertu zuen Lapurdiko Les Bascos elkarteak, baita Ikusgune Gasteizko behatokiak ere Araban egindako lanaren emaitzekin. Sekulakoa da eragileok egindako lana, ezinbestekoa eta deserosoa askorentzat, ziurrenik. Eskaini dituzten datuek argi erakusten dute transfobia dela kolektiboak jasaten duen arazo larrienetakoa; gorroto eta biolentzia kasu gehien transek jasaten dituzte. Horrez gain, kezkagarriena, beste gizarte talde askotan bezala, arrakalaren zabalera izaten ari da, migratzaile izateagatik, gazte izateagatik, adineko izateagatik, dibertsitate funtzionala izateagatik. Berriz ere, jaun zuria nagusi. Berarentzat eraikitako erreinuan bizi garela gogoratzen digu egunero, umetan otoitzak buruz ikastera behartu gintuzten bezala, «hemen nago» diosku, «belaunika zaitezte».

Salaketa egunaren aurretik, LGTBI kolektiboko zenbait protagonista zituen albisteak zur eta lur utzi gintuen, Alemaniatik: ehunka abadek “sexu bereko” bikoteak bedeinkatu zituzten. Ez zuten edozein egun aukeratu. Mila koloretako bedeinkazioa egiteko Bibliak kontatzen duen Uholde Handiaren eguna aukeratu zuten. Izan ere, egun horretan, Jaungoikoak Noeri ortzadarra oparitu omen zion. Ez ziren meza horietan, bada, ortzadarrak falta, zeremoniari berezkoa duen kutsu folkloriko eta pornografikoari morbo gehiago gehitzeko. Ezinbestekoa da edozein estamentutatik etor daitekeen babesa eta, zergatik ez, batzuentzat baita behar duten onarpena ere. Baina Eliza Katolikotik, barkamenaren monopolioa duela uste duen instituzio horrengandik, oso urrun sumatzen dut egia hori. Izango da abade eta mojaren bat, baina estamentua bera ez, Jaungoikoarren! Eliza Katolikoak mendeetan zehar hauspotu du LGTBIfobia, eta horretan dihardu. Ahaztu gabe, oraindik ere sexu-abusuen gaineko zerrenda amaigabea argitzea duela egitekoen artean. Baliteke, zoritxarrez, sekula amaituko ez den zerrenda izatea eta sotanak dantzan bezain bizi jarraitzea sexu jazarpenak.

Ehunka abade horiengana bedeinkazio bila joan ziren bikoteen lekuan jarriz gero, buruak burutik egin dit. Fededunak izango dira, nola ez. Kristau fede eta eliza zale, bale. Izango da ezkontzaren aferarekin zalantza izan dudala beti, bai. Ez dut ukatzen eskubidea denik, ez. Baina ezkontzak disidentziatik ezer gutxi eta onarpenetik gehiegi duela uste dut, sistemaren ezinbesteko pilare eternala mantentzeko amua. Onartzen dut eragiketa administratibo praktikoa dela, ados. Baina elizan? Badirudi hara joandako kideei bekaturen bat barkatu behar zitzaiela. Abadeen oniritziarekin deabruarekin txortan jarraitzeko pasaportea dutela orain. Edo zeruko bizitza ideal horretarako tiketa jaso zutela, eta mila koloretako hodeien artean ordenatuak eta arautuak izango direla, mandamentu arrosa eta moreen agindupean. Edo beharbada, balizko berpizkunde batean, hetero izatea eskatu diete sotanadun kuadrillari? Hara, nahiago bedeinkatutako marika eta bollera horiek sadoak direla pentsatu. Igande eguerdian, gaupasan sartu dira elizan dantzan, birjina, gurutze, ogi bedeinkatua eta Jesu Kristoren odolarekin parrandan. Igandea da, elizak zabalik daude, bagoaz, bazatoz?