Galder Perez
IRITZIA

Kaka polo pila

Poloak ez dira udako kontua. Urte osoan ditugu eskuragarri, eta munduko lau puntetan sakabanatuta daude. Planeta bera, sozialki barik, fisikoki ere polarizatuta dago, hegoa eta iparra. Fisikoki izoztutako hego eta ipar poloak. Politikoki eta sozialki, zapaltzaile eta zapalduen iparra eta hegoa, goikoa eta azpikoa, begiratzen duen begiaren arabera, noski. Baita zaporeduna edo zaporebakoa dastatzen duenaren arabera. Hotzean pentsatzeko kontuak direnez gero, eta uda garaia izanik, polo bat zurrupatzen dugun bitartean egingo dugu poloen hausnarketaren dastaketa. Poloak ahalik eta sentsualen miazkatzen saiatuko gara, izoztutako poloa epel bihurtu arte. Horrela, beste poloan dauden horiek izorratuko ditugu, edo saiatuko gara, behintzat. Jipoituko gaituzte kalean, botako gaituzte tabernatik, baina zurrupatzen jarraituko dugu.

Zalantzarik ez dago: poloak jatea maite dugu, enpatxatu arte. Baina poloen gaindosia hartuta, amatxok esaten zigun bezala, gero zer, ai, eta tripetako mina etortzen da. Poloen gaindosiak sekulako beherakoa ekar dezake, hori ere bada egia. Eta horrela gabiltza, kristoren pirriak zipriztinduta, sekulako kaka-nahastean murgilduta. Baina bost axola, geurean jarraituko dugu, aspaldi ikasi genuelako ipurdia garbitzen. Norberak berea eta, beharrezkoa bada, lagunarena. Elkarri ipurdia ematen jarraituko diogu, elkar begiratu barik, aldamenekoa zertan ari den jakin nahi gabe. Bukatuko dugu, dagoeneko egin ez badugu, kaka poloak jaten, hotzak, oso hotzak. Izoztutakoak. Egunero jasotzen ditugun albisteekin bezain hotz eta izotz. Baina beharrezkoak ditugu poloak, izan ere, onar dezagun, gero eta urrunago gaude onartzen ez ditugun sinesmenetatik. Kaka eta poloak ez dira beti txarrak.

Konkistak egiten joan ahala, erasoak gehitu egiten dira. Adibide argiak dira azken eraso homofobo, lesbofobo eta transfoboak. Kontua ez da berria. Zer esanik ez eraso matxistekin. Emakumeen kontrako indarkeria oraindik ere normalizatu nahi duenik badago, eta izozkien kartelean agertzen dute, ohiko postrea balitz bezala. Aurrerakoia dela erakutsi nahi duen herri honetan gero era gehiago agertzen zaizkigu ere eraso arrazistak eta inongo lotsarik gabeko eraso klasistak. Ez daitezela gure poloak urtu, beldurra hedatzea helburu baitute erasoek. Etxera bidali nahi gaituzte, isilpean gure izozkiak miazkatzera. Baina uda kalean egoteko da. Uda poloez gozatzeko garaia da. Koloreetako poloak, berdin dio zapore kimikoegia badute ere, gure aukera hori izan bada. Nork sinetsaraziko digu zein den polo naturala, bada?

Colajet kohete hura ahotik sartzen bagenuen ere, ipurtzulotik sartzen genuela amets egiten genuen. Jarrai dezagun bertan. Poloetan. Hori da dagokigun lekua. Bilakatu dadila gure poloen miazkatzea, gure kaka poloen epeltze goxoa.