Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Eskuak

Bizitzan lehenengo aldiz zaindua izan behar du. Umetatik zahartzarora zaintzen aritua da; anai-arreba txikiak, seme-alabak, zahartutako osaba, bilobak... Makina lan egindakoak dira haren magala eta amantala. Eta orain berak zaindua izan behar du, hankak makaldu zaizkio eta umorea zimeldu.

Zaintzaileari ez zion harrera gozoa egin, zaunkaka hartu zuen hasieran. Emakume hari begiratzeak zaindua izan behar zuela gogorarazten zion. Zaintzaileak eta bere gorputz minberak.

Hain gertutik ikusten zuen lehenengo pertsona beltza zen. «Badakizu, eskuak beltzak ditu baina esku-azpiak zuriak», kontatu zion alabari harrituta. Kroketak egiten erakutsi dio, haragi-bolak kozinatzen bilobei gustatzen zaien puntuan, puntua egiten berak pulamentuz bukatzen ez dituen galtzerdiak errematatzen laguntzeko. Taldea osatzen dute. «Nire eskuak iristen ez diren tokira iristen dira bereak». Eta dutxan dagoenean eta esponja usaintsua eta epela hanketan suabe-suabe sentitzen duenean, begiak itxi eta bere burua bera bakarrik garbitzen ari dela imajinatzea gustatzen zaio, beti egin duen moduan.

Lehen aldiz oporrak hartu ditu zaintzaileak eta ordezkoa etorri da. Haserretu egin da amona buruzuria eta planto egitea erabaki du. Ez da ohetik altxatzen, apenas jaten du eta ez du dutxara joan nahi. Bereak bezala sentitzen dituen eskuek garbitzea nahi du, ez ordezko eskuek. Ahul dago, umore txarrez, azkura du buruan. Badira hamar egun ez dela etxe azpira jaisten eguzkitan epeltzera. Badira hamar egun ez duela kafesnerik gozatzen etxe ondoko terraza horretan. Astero joaten da ile-apaindegira eta hori ere utzi du. Haserre dago, triste.

Oporretan dagoen langileari telefonoz deitu dio bere ordezkapena egiten ari denak. Ez dakiela zer egin, ezin duela gehiago. Amonak ez duela jaten, ez duela dutxan sartu nahi, oihuka hitz egiten diola, negar egiten duela. Semea ere etortzen dela, baina alferrik. «Esaiozu mesedez telefonoan jartzeko, berarekin hitz egingo dut». Eta jarri da telefonoan bizitzan lehenengoz zaindua izan behar duen superamona. Suabe-suabe hitz egin dio bere zaintzaileak, dutxan esponja pasatzen dion bezain suabe. «Ez baduzu jaten, ahuldu egingo zara eta ezingo zara ohetik altxatu. Ezingo dugu etxepeko bankuan eseri, ezingo dugu kafesnea hartu terrazan, ezingo gara partxisean jolastu, ezingo ditugu kroketak bildu, ezingo ditugu bonboiak jan. Ni oporretan nago, baina bueltatuko naiz berriz zure ondora. Eta gaur arratsaldean bisitan joango naiz; jan zerbait, dutxatu eta margotu ezpainak, guapa-guapa ikusi nahi zaitut».

Nola izan daiteke hain ikusezina zaintzaileen lana?