Amaia Uribe
IRITZIA

Ama onak eta ama «txarrak»

Ama “txarra” naizela sentiarazi didate sarritan. New Yorkeko korrespontsala izatea eskaini zidatenean, espero ez nituen galdera asko egin zizkidaten: “Nork zainduko du umea?”, “zer egingo du zure senarrak?”, “ez al zaude lasaiago semearekin Euskal Herrian?”. Eta orduan ikusi nuen, berdintasunaren aldeko borrokan ibilbide luzea daukagula oraindik. Ze, seguru nago, nire senarrari bere enpresak Txinan lanpostu bat eskaini izan balio inork ez ziola halako galderarik egingo. Lau urte igaro dira ordutik eta, oraindik ere, bidaiaren bat egiten dudanean batzuek galdetzen didate: “Eta umea?”, aitarik izango ez balu eta kalean abandonatuta balego bezala. Errudun sentiarazten naute galdera horiek, nahiz eta ez daukadan errudun sentitzeko motiborik. Bizitzan gertatu zaidan gauzarik onena da ama izatea, baina ama baino gehiago ere banaiz.

Estatu mailan, amen erdiek baino gehiagok uste dute amatasunak euren lan ibilbidea baldintzatu duela eta ez dituztela lankideek adina aukera profesional izan. Are gehiago, seme-alabak dituzten emakumeek gizonek baino bi aldiz probabilitate handiagoa dute langabezian egoteko, eta zazpi aldiz probabilitate handiagoa, lanaldi partziala izateko. Enpresek eta gobernuek kontziliazioa errazteko pauso sendoagoak eman behar dituzte, baina geugandik hasi behar da aldaketa. Ez dezagun barneratu ama onak izateko lanari uko egin behar diogula. Eta ez dezagun pentsatu ama izatean gure ibilbide profesionala amaitu egiten dela. Nire kasuan, ama izan nintzenean iritsi zitzaidan nire bizitzako aukerarik onena.

Ordu asko ematen ditut lanean. Familiarekin antolatutako plan asko bertan behera geratu dira azken orduko albisteengatik. Eta lan bidaia asko egitea tokatzen zait. Argi dago ez naizela parkean ordu gehien igarotzen dituen ama, baina semeari ikasgai garrantzitsuak irakasten ari naiz: ametsak betetzeko gogor egin behar dela lan, erronken aurrean ez garela kikildu behar eta emakumeok gizonek dituzten aukera berberak izan ditzakegula.

Zortea izan dut, bikotekidearen aldetik erabateko babesa izan dudalako. Lana utzi behar izan zuen New Yorkera etortzeko, umearen zaintzaren zama bere gain hartu du eta erantzukidetasunez jokatzen du egunero. Aita bikaina da, baina pentsatu nahi nuke ni ez naizela ama “txarra”.