Jokin Urain
IRITZIA

Aire fluxua

Itomenetik irteteko jotzen dugu batzuetan abstrakziora, eta ondokoaren abstrakzioa ez da beti ondo ulertzen. Bazkaritan bere alboan eserita izaten du gehienean, baina beste munduren bateraino joanda dabilen bidaiariari legez deitu behar izaten dio emazteak sarritan, kasurik egingo badio. Senarrari zerbait gertatzen ote zitzaion susmoak zituen aspalditik eta nekearena izan zitekeela pentsatzen zuen batzuetan. Kezkatuta zebilen azken boladan, bai baitaki ez dela entzungor egitearren hartzen duen jarrera, ezta mahaikideen hizketa gaia interesatzen ez zaiolako ere, baina gehiago hitz egiten omen dio etxean txakurrari.

Sendagilearengana joan behar zuela konbentzitu zuen azkenean, eta hark espezialistarengana bidali. Espezialistak arnas poligrafia egin eta loaren apnea diagnostikatu zion. Baita tratamendua ipini ere. Arnasbideko presio positibo jarraitua egiten duen makinarekin joan zen etxera, aho-sudurretara aire-fluxua sortzen duen maskara ipinita lo egin zezan. Espezialistak aldian-aldian egin behar zion kontrola, presio maila doitzeko.

Lehen egunetan ahalegin handia egin zuen maskararekin lo egiteko, eta emazteak alde handia sumatu zuen. Bat batean isildu ziren senarraren trumoia halako zurrungak. Baina egun batzuen buruan hasi zen lo hartu bezain bizkor maskara kentzen, eta luzera gabe lo hartu aurretik kentzen zuen, ezin gehiago jasanez, lotarako traba eta guztiz desatsegina zitzaiolako maskara hori. Ez zegoen, bada, modurik, aire-fluxuaren kontrola egiteko. Emaztea kezkatuta berriro; ea nola doitu behar zioten makina, ez bazuen maskara ipinita lo egiten? Sendagileak abisua eman zion, gainera, maskara ipinita lo egin ezean, kendu egingo ziotela makina. Alde guztietako presioa, itomena... Zer egin?

Abstrakziora jo omen zuen senarrak, beste behin, eta txakurrari kontatu zizkion kezkak, aztoramenik eta gogoeta bakoitzari kontrako iritzia eman beharrik gabe entzuten zekielako. Edo erabakiak hartzen laguntzen ziolako haren isiltasunak.

Zurrunga hotsekin esnatu omen da goizean. Ohe ondoko alfonbra gainean etzanda ikusi du txakurra, loaren apnea tratatzeko ekarritako makinaren maskara muturrean ondo lotuta duela. «Aire fluxua behar du horrek ere» esan dio senarrak. Eta bai, Asier, denok behar dugu aire fluxua, eta espezialistek ere jakin behar lukete.