MARKEL URRATE ANTIA - SALTO TRAINING

Uda garaiko ohiko bizkarreko minak

Bizkarreko mina, eta bereziki lunbar edo gerrialdekoa, biztanleen %80 inguruk noizbait jasan ohi duten osasun gaitza da eta mediku kontsulten zati oso handia hartzen duen patologiatzat jotzen da, honek eragiten duen kalte ekonomiko, fisiko eta soziala kontuan hartzekoa izanik. Izan ere, min lunbarra mediku bisiten bigarren arrazoi nagusia eta interbentzio kirurgikoen hirugarren arrazoi nagusia da. Gainera, Espainiako lan istripuen %25ek esfortzuagatiko lunbalgia diagnosia izaten dute (%14 AEB-etan eta %26 Britainia Handian) (Perez Guisado, 2006).

Gerrialdeko min pasartearen iraupena kontuan izanik, lunbalgia lau multzotan sailka daiteke: akutua (6 aste baino gutxiago), azpiakutua (6-12 aste), kronikoa (12 astetik gora) eta errepikaria (aurrez noizbait min lunbarra izan ondoren eta hiru hilabetez minik gabe egon eta gero, berriz ere lunbalgia akutua duten pertsonen kasuak). Hala ere, lunbalgia kasuen %80k 4-6 asteren buruan hobekuntza sumatu ohi dute eta %10 lunbalgia kroniko bilakatu ohi dira. Bilakaera horren arrazoi nagusia lan faktore psikosozialak (antsietatea, depresioa, gorputz jarrera desegokiak…) dira (Perez Irazusta eta lag., 2007; Fernandez Prada eta lag., 2015).

Lunbalgia kasuen %80-85ek ez dute jatorri zehatzik. Hortaz, %15-20 kasuetan soilik jakiten da zein den min horren jatorria. Uda garaian zein oporraldi amaieran, bizkarreko minen kasuak nabarmen ugaritzen dira. Arrazoi zehatza zein den zehaztea zaila den arren, arrazoi posibleen artean gehiegizko pisuekin ibiltzea (maletak, esaterako), ohiturarik gabeko mugimendu errepikatuak, postura desegokiak, jarduera fisikorik eza, eta bereziki, urtean zehar izandako estres mailaren jaitsiera aipa daitezke, besteak beste.

Hortaz, uda ondorengo garai honetan, jarduera fisikoari dagokionez, gorputzari trantsizio egoki bat ematea oso garrantzitsua da honelako patologiei aurre egiteko. Trantsizio horretan arnasketa, mugikortasun lana eta gorputz enborreko giharren (Core) indartze lana ezinbestekotzat jo behar ditugu. Zentzuz jokatu berriz ere mugitzen hasi aurretik.