Gurutze Anduaga
Jokoari, etena

Tenisaren istantak

Fisikoki zein psikologikoki ondo prestatuta egotea eskatzean duen kirola da tenisa. Gihar eta zuntzak puntu puntuan izateak berebiziko garrantzia du jarduera azkar honetan. Abiaduratik asko duen kirol honek, ordea, edozein partidatan gure begien kaptura gaitasunetik kanpo geratzen diren momentuak uzten ditu. Hauexek dira batzuk.

Pasatu den hilabetean jokatu zen Australiako irekian hartutako irudiak dira erreportaje hau ilustratzen dutenak. Lehia amaitu arren, irabazleen zerrendak kasu honetan ez dauka berebiziko garrantzirik, txapelketako une ezberdinetan hartutakoak izan baitira argazkiok.

Izoztutako uneak dira argazkiak, paper edo pantaila gainean betikotuak. Australiako kasuan, tenisari mugimendua geldiarazi eta ohikoan ikusten dugun horretatik kanpo geratzen diren istantak ikus daitezke erreportaje honetan. Sakeak, errestoak, pilotak erraketaren kontra egindako talka, iritsi ezinezko piloten joana, giharren estutzea, gorputz keinuak... Aurkari baten kontra baino harago doan lehia instintibo bat.

Ezkerretik hasita, goitik behera, Aryna Sabalenka tenislari bielorrusiarraren intentsitate keinua pilota kolpatu aurretik eta Andrey Rublev errusiarra pilota batera iristeko lanetan. Erdiko irudietan, goian, Magda Linette ia hegan eta azpian Tallon Griekspoor nederlandarra gorputza erabat makurtuta errestoan. Lerroon ondoan, goitik hasita, Nikoloz Basilashvili georgiarrari egindako irudi artistikoa; Caroline Garcia frantziarraren gorputz espresio esanguratsuarekin, eta Aryna Sabalenka berriro, salto batean. Argazkiak: David Gray, Martin Keep, Anthony Wallace, Paul Crock, Martin Keep, Manan Vatsvayana | AFP