Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Komunitatea

Eraso matxista bat gertatzen denean (atzo, gaur, bihar) dena dardaratzen da. Bortitzen, erasoa jasan duena. Lurrikara latzena, bere azalean lehertzen dena. Eta komunitatea ere astintzen du. Erasotakoaren ingurukoak, erasotzailearenak, kuadrillak, familiak, kirol elkarteak, lantokiak, militantzia guneak, herriak… Ustezko bakean zegoen lurra zartatzen da eta zulo, zirrikitu, arrakaletatik irristatzen dira komunitatea deitzen zaion horren joskurak. Espazio seguruak, konfiantza, harreman osasuntsuak, aisialdi libreak, zoriontasun parekidea, kale askeak… dena lokazten da.

Hernaniko herritar talde batek hitzaldi interesgarria antolatu du: Komunitatearen erantzukizuna eta erreparazioa. Izenburua irakurri hutsarekin pizten da gogoetarako txispa. Zer egin dezake eta zer egin beharko luke komunitateak eraso matxista baten aurrean? Izan ere, ulertzen bada eraso bat ez dela bi pertsonaren arteko kontua, onartzen bada jendarte matxista baten biolentzia modua dela, erantzukizunaren parte bat komunitatearena izango da, ezta?

Erasoak baimendu, erraztu, elikatu egin daitezke. Justifikatu ere bai, ulertzen saiatu, erasotako pertsonaren eta erasotzailearen ñabarduretan arreta gehiegi jarri… Samurragoa litzateke bi pertsonaren arteko arazo zehatza balitz. Konpontzeko ere errazagoa. Hainbestetan eta hain gaizki erabili den «gaizki konpondutako sexu-tentsioa». Baina errealitateak egunero zaplazteko forman gogorarazten digu ezetz, ez dela bi pertsonaren arteko kontua, sustrai sakoneko eta zabaltasun kezkagarriko arazoa dela.

Hernaniko gogoetan ikasitako batzuk paratu ditut koadernoan. Erreparazioa erasoa gertatu eta berehala hasten da. Erasoa jasan duenak gertatutakoa kontatzen dion lehen pertsona horrek hasten du prozesua. Lehen begiradak, lehen hitzek, lehen galderek… mina areagotu edo mina txikiagotu egin dezakete. Lehen hartzaile hori izan daiteke polizia bat, lagun bat, osasun langile bat, senide bat, herritar bat… Horregatik da garrantzitsua denok hausnartzea zer egin beharko genukeen horrelako egoera baten aurrean, zer ez genukeen esan behar, zerk areagotu dezakeen mina eta zerk samurtu.

Esperimentazio fasean gaude. Hain errotuta dagoen jendarte matxista sustraietatik erauzteko, lana egin behar da majo, batzuetan asmatuz eta beste batzuetan, ez. Eraso matxista bat ekintza bortitza da, latza, kudeatzeko ‘marroi’ bat. Baina sortzen duen dardara, lurrikara, baliatu daiteke gauza batzuk tokiz aldatzeko, galdera batzuk paratzeko, komunitatea astintzeko. Zein zaila eta neketsua den. Eta zenbat lan egiten duten mugimendu feministatik, zapaltzen dugun lur hau denontzat gozoagoa eta bizigarriagoa izan dadin. Benetan, ez dago tarterik ergelkerietarako.