MARKEL URRATE ANTIA - SALTO TRAINING

Emakume kirolariak

Martxoaren 8an, emakumeok, zuen eguna izan zen. Zuetariko asko Donostiako kaleetan korrika arituko zineten seguru, beste batzuek mendi buelta bat emateko aprobetxatuko zenuten, eta beste batzuek gertukoekin bazkari goxo baten bidez ospatu, baina espero dugu zuetariko inor ere ez etxean gelditu izana, martxoak 8 kalean ospatzeko eguna baita.

Pixkanaka atzean uzten ari gara segurtasun ezak, beldurrak, ezjakintasunak, eta zorionez gizarte aldaketa honekin batera jarduera fisikoa edota kirol zehatzen bat egitera animatzen diren emakumeen kopurua handiagoa da. Ikusi besterik ez dago zure herriko kiroldegiko saio zuzenduetan (pilates, yoga, spinning...) edo talde kiroletan (futbola, saskibaloia, eskubaloia...) aurki daitezkeen emakume kopuruak! Gure kasuan ere antzeko zerbait sumatu dugu; emakume gehiago dira beraien bizi kalitatea eta osasuna hobetze aldera indar entrenamendua lantzera guregana jotzen dutenak; benetan, datu hau poztekoa da. Eta bai, indarra lantzea pisuak jasotzea baino askoz ere gehiago da. Entrenamendu honek norbere autoestimuan eta autokonfiantzan zuzeneko eragina duela egiaztatu da, ahuleziak uxatuz eta lesioen kontrako pilula nagusia izanik. Gure entrenamenduetan emakumeek ez dituzte hankak, gluteoak eta abdominalak bakarrik lantzen, ezta kilo erdiko edo kilo bateko pisu arrosak jasotzen ere. Egunetik egunera gorputzari estimulu berriak eskaintzean datza beraien entrenamenduaren gakoa, eta harrotasun osoz baiezta dezakegu zenbait gizonezko baino indartsuago daudela, indarra ez baita soilik kilotan neurtzen.

Eredugarria da emakumeok ongizateari eskaintzen diozuen balioa, zeuen gorputzak zainduz eta estigmei aurre eginez, Lilatoia moduko lasterketetan marka guztiak hausten ari baitzarete. Jarrai ezazue jarduera fisikoaz gozatzen, emakume kirolari izatea gauza ederra baita.