JON URZELAI GARRIDO - SALTO TRAINING

Hidratazioaren garrantzia jarduera fisikoan

Gaur egun, pertsona askok egin ohi dute jarduera fisikoa profesional baten gidaritzarik gabe. Horrela, deshidratazioa eta elektrolitoen galera jasateko aukera nabarmen handitzen da. Gainera, kirol-lehiaketa zein entrenamenduek gero eta eskakizun handiagoa dute, esfortzuaren intentsitateari dagokionez. Horregatik, garrantzitsua da errendimenduarekin zein osasunarekin loturiko alderdi guztiak kontrolatzea. Hidratazioari dagokionez, funtsezkoa da edatearen eta gorputzeko ur galeraren arteko oreka mantentzea; hau da, hidratazio-maila egokiari eustea, kirola egin aurretik, egin bitartean eta ondoren.

Jarduera fisikoa burutzean, ura galtzen da, batik bat izerdiagatik eta arnasketagatik, eta galera hau handiagoa izango da gorputz-tenperaturaren erregulazioaren ondorioz izerdi tasa handitzen bada. Horretaz aparte, aipatu beharra dago izerdian funtsezko gatz mineralak ere galtzen direla; hala nola, sodio (Na+) eta potasioa (K+). Galera hauek, hau da, ura zein gatz mineralena, denbora luzez eta tenperatura altu eta hezeetako inguruneetan ere gertatzen dira. Urak gure gorputzeko pisuaren parte handi bat osatzen du, eta hau aldagarria da zenbait faktoreren arabera (adina, sexua…). Era berean, gorputzeko ura bi konpartimentu handitan kokatzen da nagusiki: batetik, zelula barneko ura dago eta, bestetik, zelulaz kanpoko ura, espazio interstizialaren, odolaren, linfaren eta abarren artean banatua. Ariketa fisikoa burutzean sortzen diren jariakinen galerak gorputzeko masaren %5era irits daitezke, eta errendimendua zein osasuna kaltetu. Hori gutxi balitz, fluido-galerak muskulura iristen den odol-fluxua mugatzeko joera du, plasma-bolumena eta taupada bakoitzeko bolumen sistolikoa murriztuz.

Horrenbestez, errendimendu eta osasun egokia mantentzeko ezinbestekoa da gure gorputzeko ur eta mineralen galera kontrolatzea, indarrean, erresistentzian eta oxigeno kontsumoan eragin baitezake. Deshidratazioak, gainera, lesionatzeko arriskua areagotu eta kirolarion osasuna arriskuan jartzen du. Horregatik, kirola egin aurreko, bitarteko eta ondorengo edate uneak kontrolatzen ikasi behar dugu.