Ane Urkiri Ansola
Futbolaria
BI HAMARKADA TXURI-URDINEZ

«Nik neuk eman nahi nion amaiera Realeko zikloari, eta ez Realak ni alde batera uztea»

Bi hamarkadaz elastiko txuri-urdina jantzi ondoren -tartean Real Madrilen egindako bi urteak-, etapa berri bat hasi du Asier Illarramendik, Ameriketako Estatu Batuetan, MLS txapelketako Dallas FC taldearekin. Zurrumurru ugari izan dira udan; AEBetan kokatzen zuten askok, «baina zurrumurruak beti zurrumurru». Talderik gabe eman du uda erdia, patxadaz, lasaitasunez. Halakoxea da bere izaera berdegunean ere, taldearen iparrorratza izateak eskatzen duen argitasunarekin. Zubieta eta Mutriku atzean utzi eta dagoeneko Dallasen da, orain «gauza berriak probatzeko desira» eta «disfrutatzea» erdigunean jarrita.

(Gorka Rubio FOKU)

Estatu Batuetako futbol ligako (Major League Soccer, MLS) Dallas FC taldearekin fitxaketa itxi baino ordu batzuk lehenago elkartu zen Asier Illarramendi 7Krekin. «MLSko merkatua ixtear zegoen. Ez neukan esperantza handirik AEBetara etortzeko, baina hura itxi baino egun eta erdi lehenago euren dei bat jaso nuen. Lehenagotik interes apur bat egon zen, jarraitzen nuen taldea, entrenatzailea ere ezagutzen nuen, eta justu arratsalde iluntze aldera deia izan nuen, handik bi ordutara bideo dei bat egin nuen, denak ezagutu nituen: staffa, kirol zuzendaria... Aurkeztu zidaten proiektua, instalazioak eta abar. Eta aurrera. Denbora asko ez zegoen dena ixteko, eta egun bakarrean itxi genuen akordioa. Nahiko azkar joan zen, baina pozik. Hau nahi genuen, eta pozik gaude. Esperientzia honekin disfrutatzeko eta lehiatzeko gogotsu», kontatu du, akordioa itxi eta berehala, telefono bitartez.

«Lehendabiziko eguna pasatu da hemen. Taldekideak ezagutzen nabil, eta gustura. Bilatu dudana talde familiarra izan da, Realaren egitura antzekoa dauka. Gazte asko lehen taldearekin entrenatzen, harrobiarekin kontatzen dute, eta Realarekin identifikatzen dut taldea. Ongi etorri ona eman didate, eta gustura nago».

Taldea aurkitu aurretik, uda arraroa izan dela onartu zuen. Arraroa baino ezohikoa, baina era berean sekula ez bezala atseden hartu eta disfrutatzeko parada izan du. Joseba Beitiarekin eta Unai Bustinzarekin entrenatzen aritu da Mutrikuko futbol zelaian, forma fisikoa ez galtzeko. Futbolak emandako lagunak dira -Beitia, gainera, bere kuadrillakoa ere bada-. Orduko harremanak mantentzen ditu eta gustatzen zaio, hankak lurrean edukitzera eramaten baitu, Lehen Mailara iritsi eta bertan mantentzearen zailtasunaz ohartarazten dio.

Mutrikutik Madrilera eginiko urratsak sortu zion «itolarri» sentsazioak ere gauza garrantzitsuagoak baloratzera eraman zuen. «Horretarako batzuetan konfort zonatik atera beharra dago». Bi hamarkadaz etxea sentitu du Zubieta. Ziklo bat ixteko bulkada sentitu zuen joan den denboraldian, eta barne sentsazioek gidatuta hartu zuen erabakia, «Txapeldunen Liga jokatze soilagatik jarraitzea bidezkoa izango ez zela» sinetsita. Taldekide, klubeko langile, afizio eta gertukoenen maitasuna agerian geratu zen bere agurrean eta bihotza beteta eman zituen bere azken baloikadak Anoetan. Futbolaz, osasun mentalaz, lagunez, Mutrikuz..., oro har bizitzaz mintzatu da ‘Illarra’, etxean, herrian, ezagunen agurrak jasotzen dituen bitartean, Dallasera abiatu aurretik, Realean une oro %100 eman duenaren bakearekin.

Nola zaude? Gustura amaitu nuen urtea eta nire ibilbidea Realean. Argi neukan gauza bakarra zen ongi amaitu nahi nuela klubean, ondo irten nahi nuela. Sentitzen nuena zen nire zikloa amaituta zegoela Realean, neukan guztia eman nuela eta ez neukala gehiago eskaintzeko. Alde horretatik, lasai. Datorrenarekin saiatuko gara disfrutatzen eta ikasten. Oraindik ez gara zaharrak, gazteak gara, gauza asko daukagu bizitzeko eta ikasteko.

Zikloa bukatzearen kontua aipatu izan duzu sarri. Nola ohartzen da bat zikloa bukatu dela? Galdera hori ere askotan egin izan diot neure buruari. Hainbeste urte klubean aritu eta gero, lehen taldera igo eta gero, pentsatu izan dut ea nola izan zitekeen nire azken urtea, nola izango zen nire agurra. Inoiz ez dut aurkitu erantzun bat. Egia da aurten sentitu egiten nuela. Ez urte amaieran, urtea aurrera joan ahala sentitu egiten nuen neukan gehiena emanda neukala eta hortik aurrerakoa ez zela ona izango, ez niretzat, ez eta klubarentzat ere. Sentimendu hori iritsi zait. Eta urtea amaitu ahala argi neukan. Nahiz eta inoiz pentsatu ez agurra nolakoa izan zitekeen. Horrela gertatu da eta gustura bukatu dut modu honetan.

Suposatzen dut helburu bat bazela zelaian ondo bukatzea, maila on bat emanez. Oraindik ere futbola badaukazula erakutsita. Egia da azken urteak ez direla errazak izan. Lesio asko tarteko. Lesio horietan errekuperazioak ere ez dira izan oso errazak, batzuetan zaildu egin dira. Gauza asko pasatu izan zaizkit burutik, baina argi nuen gauza bakarra zen suspertzea eta ondo amaitzea klubean. Uste nuelako neuk ere merezi nuela hainbeste urte eta gero. Eta horretan saiatu naiz, buru-belarri, ondo errekuperatzen. Ikusi dut jende askoren agurra nolakoa izan den, eta nik neuk eman nahi nion amaiera zikloari, eta ez Realak ni alde batera uztea.

Gainera, begira, adibidez, David Silva zein modutan erretiratu den... Futbolari baten ibilbidean agurrak markatzen du, ezta? Bai, zalantzarik gabe. Pena handia da horrela gertatzea. Gogoratzen naiz berarekin. Aduriz ere horrela erretiratu zen. Sasoian zegoen, baina horrelako adinean lesio batek esaten dizu agur esateko ordua iritsi dela. Azkenean horrelakoak edonori gerta dakizkioke. Nik, zoritxarrez, denbora luzeko lesioak izan ditut, baina gazteago naiz eta zortea eduki dut horri buelta eman ahal izan diodalako eta futbolean jarraitu ahal dudalako. 

Etapa zail bat igaro zenuen, lesio bat bestearen atzetik, ia bi urtez jokatu gabe. Nola ematen zaio buelta egoera horri? Horrelako prozesu batean gorabehera asko izaten dituzu. Egun batzuetan ondo zoaz, hurrengo astean lesio edo operazio horretako molestiak berragertzen dira, umorean ere eragiten du. Luzera begiratu behar da. Ohartu nintzen jartzen diren epeei ez zaiela begiratu behar, sentsazioekin egin behar dela lana. Nahiz eta medikuak epe bat ezarri, batzuetan zaila izaten da hori laburtzea, eta beste batzuetan luzatu egiten da. Nire kasuan, bi ebakuntzez luzatu da. Banekien denborarekin dena bere lekura itzultzen dela, eta saiatu naiz agindu didaten lana egiten. Luzatu egin da errekuperazioa, baina pozik nago. Uste dut lana gogor egin dudala berriro ere ondo sentitzeko; nahiz eta zaila izan, lanean jarraitu behar da.

Realari ahal izan duzun guztia eman diozun sentsazioa daukazu edo badaukazu arantzarik? Ahal dudanero %100 ematen dudala kontsideratzen dut. Batzuetan gauzak hobeto ateratzen dira, beste batzuetan okerrago; kasu batzuetan, denbora igarota, ohartzen zara beste modu batera egin izan banu hobeto izan zitekeela... Baina, unean-unean %100 eman izan dut, eta uste dut inork ezin didala ezer aurpegiratu, ez eta nik neure buruari ere.

Agurrean ikusi zen pertsona preziatua zarela aldagelan. Taldekideak emozionatuta, harmaila txaloka, lagunak eta familia ere Anoetara gerturatuta... Zerbait ondo egin duzun seinale izan daiteke, ezta? Horrelako agur bat edukitzea ez da erraza. Makina bat jokalari joan dira Realetik, eta beste taldeetan ere izan dira agurrak, horrelako agur politik eduki ez dutenak. Zorteduna sentitzen naiz. Bai, klubak, taldekideak, lagunak, familia... oso maitatua sentitu naiz, eta horrek ez dauka preziorik.

Gaua luzatu egin zen. Agurra izan zen, baina modu batean ospakizun kutsua ere hartu zuen. Eta hori da polita. Negar egin genuen, baita barre ere. Oso polita izan zen. Horrelako eguna maite duzun jendearekin konpartitzeak ez dauka preziorik. Egunean zehar bizitako sentimendu kontrajarri horiek, azken partida zen, dena azken aldiz egiten nuen eguna zen... Pozik nago guztia nola gertatu zen ikusita.

 

 

Gorka Rubio

Afizioaren aldetik ere igarri zen maitatua zarela. Baina Real Madriletik itzultzea ez zen izan erraza. Ez, itzulera ez zen erraza izan, ez. Baina itzulera baino, han egon nintzen bi urteak. Anoetan arerio bezala jokatzea ez zen erraza izan. Nik konfiantza nuen neure buruarekin, itzulera gertatuz gero egoera horri buelta emango niola, naizen modukoa izateagatik. Eta horrela izan da. Horrenbeste urte eta gero, ikusi da aprezioa didatela, eta oso pozik nago.

Hori da eramaten duzun saririk handiena? Ingurukoen maitasunaz gain. Bai, zalantzarik gabe. Irabazten dituzun garaikurrak hor daude, baina jendearen maitasuna edukitzeak ez du preziorik. Jokalari askok nahi dute eta gutxik lortzen dute. Eskerrak emateko moduan nago.

Real Madrileko bi urteko etapa hori zaila izan zen. Mutriku bezalako herri txiki batetik, Madril bezalako hiriburu batera jauzi egiten duzulako; familia giroko Realetik, talde oso profesional eta izarrez betetakora. Bertigo gehiago ematen du horrek? Bai, zalantzarik gabe. Eta nire orduko izaerarekin are zailagoa. Beti izan naiz familia giroko pertsona, lagunen laguna, nire ingurukoekin aritu naizena. Urrats hori egitea mundu berri batera jauzi egitea izan zen. 23 urte nituen. Unean bertan nahiko ondo ikusten duzu zeure burua, baina orain, atzera begiratuta, ohartzen naiz nahiko gaztea nintzela (barrezka), oraindik gauza asko nituela bizitzeko. Hasieran, lehendabiziko bi-hiru hilabetetan, nahiko itota sentitu nintzen han. Mutrikutik hiri batera ateratzea, dena berria, Real Madrilek ere beste dimentsio bat dauka... Baina, tira, gauza positibo modura hartzen dut. Pertsona bezala asko hazi nintzen, gauza asko ikasi nituen, jende berri asko ezagutu nuen, eta hori aberasgarria da.

Uste duzu bi urte horiek baliagarriak izan zirela ondoren Realean jokalari osoago bat izateko? Bai. Ni neu ere aldatu egin nintzen. Hemen itxiago nengoen. Eta han pentsamendu ezberdina dutenekin bizimodua egitea... Gauza berri asko izan ziren. Hemendik atera gabe zaila da ezagutzea, eta nik aukera hori eduki nuen. Pentsatzen dut ondo etorri zitzaidala pertsona moduan hazteko. 

Gogoan daukat partida bat, Real Madrilen eta Dortmunden artekoa, Txapeldunen Ligako multzoen fasean. Akats bat egin zenuen eta oihartzun handia izan zuen. Real Madrilek hori dauka txarra, begirada gehiago daudela eta akatsek handitasuna hartzen dutela? Bai, baina ez han bakarrik. Jendearen begipean gaude edozein gauzetan. Jende aurrean lana egitean, ez gara konturatzen askotan horren atzean pertsona bat dagoela. Pentsatzen dute kobratzen duzunagatik dena pairatzeko prest egon behar duzula, eta ez da horrela. Gaur egun datozen gazte guztiak horretarako prestatuago daude, psikologoekin, coach-ekin... Eta uste dut beharrezkoa dela, arlo garrantzitsua baita burua. Bai futbolean lehen mailan zaudela, bai telebistan albistegi bat ematen, zeren hor zaude merezi duzulako. Baina garrantzitsuena burua da. Kalitatea baldin badaukazu hor egoteko, ondo eduki behar duzuna burua da, etorriko dena jasateko. Horri garrantzia ematen zaio gaur egun, eta ondo egiten dute.

Real Madrilera joan zinenean, nolakoa zen egoera, psikologo edo coach-ei dagokionez? Orduan Realean ez geneukan, eta Real Madrilen ere ez zegoen. Madrilera iritsi eta klubeko batek laguntzen dizu etxea bilatzen, dauzkazun arazoak konpontzen; eta, kasualitatez, hark, Javi Garcia Collek, asko lagundu zidan. Bere lana ez zen coach-a izatea, baina coach-eko ikastaro asko egindakoa zen. Berak asko lagundu zidan. Saskibaloiko jokalaria ere izan zen eta, tira, prozesu hori guztia ezagutzen zuen. Haren oroitzapen oso ona daukat, harreman ona egin genuen eta oraindik ere mantentzen dugu.

Futbolari baten ibilbidean foku mediatiko handia dago. Hori da futbolari baten lanean zailena? Bai. Gaztetatik prestatzen zaituzte urtetik urtera aspektu fisikoan eta taktikoan gauzak hobetzen joateko. Buruari gero eta garrantzi gehiago ematen ari dira. Kirolari askorengan ikusi da. Simone Biles, esaterako, Tokioko Olinpiar Jokoetan; hortxe eman zitzaion dimentsio apur bat, garrantzi gehiago osasun mentalari. Eta garrantzitsua da jendea ohartzea goi mailan lehiatzen ari diren horiek beraien modukoak direla, nahiz eta beste gauza batean lan egitetik bizi, horien atzean pertsonak daudela eta sufrimendu bat badagoela.

Osasun mentala da hain garrantzitsua, edozein lesio fisikoren moduan. Arlo fisikoan lesioa saihesteko prebentzioa dagoen bezala, osasun mentalean ere prebentzioa garrantzitsua da, ez iristeko puntu batera, jada tratamendua eskatzen duena. Horrelako arazoak garrantzitsuagoak dira beste edozein arazo fisiko baino. Arazo fisiko larri batek ebakuntzara eramango zaitu, baina buruko arazo larri bati buelta ematea zailagoa da. Ez dakizu zer egin behar den, ez zaizu pasatu inoiz. Eta, hor bai, profesionalen laguntza behar da.

Oso gazte iritsi zinen Zubietara. 12 urterekin. Hankak lurrean izatea garrantzitsua izango da. Garrantzia gehien gurasoek daukate. Uste dut ni ondo hezi nautela, eta arlo horretan ez didate inoiz presiorik jarri, ez niri, ez eta Mutrikun aritzen nintzenean entrenatzaileei ere. Nintzen bezalakoa izanda ere, ez nengoen pentsatzen momentu hartan Lehen Mailara iristearekin. Ametsa hor dago, hori beti izan da nire ametsa, baina kontziente nintzen oso zaila zela. Garrantzitsuena disfrutatzea da. Bidean egindako kilometro denak ez dira errazak izan. Asko pentsatzen duzu ea merezi duen edo ez, ze zure lagun guztiak hemen daude, herrian, beste gauza batzuekin disfrutatzen, eta zu errepidean kilometroak egiten. Baina, behin Zubietara iritsita, merezi zuen, han ere lagun asko egin bainituen. Oraindik harremana dut, eta horrek merezi du.

 

Gorka Rubio

Futbolak eman ala kendu egin dizu gehiago? Eman, zalantzarik gabe. Bizi izan dudan guztia oso polita izan da. Kontziente naiz baita ere munduan jende askok ez daukala aukera hau. Nik aukeratu dudan gauza bat izan da. Urratsez urrats hor joan naiz gora egiten. Nahiz eta gaztetan, edo orain ere, gauza batzuk alboratu behar izan, nik aukeratu dudan gauza bat izan da, eta gauza asko eman didana. Ez naiz ezertaz damutzen.

Futbolean egindako lagun horiekin mantentzen duzu harremana. Jagoba Beobide, Aitor Aldalur eta Joseba Beitia, herrikide eta kuadrillakoarekin, egin duzu bidaiatxo bat. Futbolak jende asko ezagutzera eraman nau eta harreman asko mantentzen ditut. Bidaia bat egin genuen, astebetekoa. Egunerokotasunean bakoitzak bere gauzak ditu, baina gustatzen zait noizean behin batzea eta geure gauzak elkarrekin banatzea.

Horrek ere hankak lurrean mantentzen laguntzen dizu? Ze, hiru horiek zurekin ibili ziren Zubietan, Sansen, baina bide ezberdina eraman dute, ez dira iritsi Lehen Mailara. Ez dute jokatu Lehen Mailan, ez. Jagobak eta Aldalurrek Bigarren Mailan jokatu dute, ‘Jose’ Indian ibili da. Ez da erraza Lehen Mailara iristea. Bidean jende asko geratzen da, gaztetan sakrifizio berdina eginda. Batzuk zortearengatik edo kalitate gehiagorengatik edo beste edozein gauzengatik iritsi egin gara, eta beste batzuk ez. Baina denen gainetik lagunak dira, eta politena horixe da.

Zure palmaresean daude bi Kopa, Txapeldunen Liga bat, Superkopa, Kluben arteko Munduko txapelketa... Zein da bereziena? Realarekin Kopako finala jokatu bezperan lesionatu egin baitzinen, hor arantzatxo bat ere izango duzu. Hala eta guztiz ere, Realekoa da bereziena. Pena, bai, eman zidan. Lesiotik nentorren, momentu zaila pasatzetik, eta ikusten nuen nire momentua zela, gauza polita, titulu bat jokoan... Buruan gauza batzuk imajinatzen dituzu eta azken egunean berriro lesionatzea beste kolpe bat izan zen. Ez zen erraza izan.

Nolakoa izan zen gau hura? Eskasa, oso eskasa. Baina esan dizudana, Reala familia bat da. Fisioterapeutek heldu ninduten, pare bat garagardo edan genuen han, barre batzuk ere egin genituen, negar gehiago. Baina, tira (barrez). Ez gara jokalari bat gehiago; denok gara lagunak, eta lagun bat horrela ikustea ez da pozgarria. Giro osoa tristatu zen. Horretarako daude eurak, lagun bat horrela dagoenean animatzeko, eta beraiei esker gaua apur bat errazagoa izan zen.

Gero ondo ospatuta geratu zen? Bai, azkenean makulu gabe amaitu nuen. Baina uste dut hurrengo egunean okerrago nuela oina (barrez). Gustura. Pena izan zen gure jendearekin ospatu ezin izana. Horrenbeste urte eta gero, titulu bat irabaztea polita izan zen, baina politagoa izango zen geure jendearekin ospatzea, bai, Donostian, Gipuzkoan, herriz herri. Egoera horrelakoa egokitu zen, baina behintzat Kopa hor dago. Ea laster iristen den beste bat.

Posible ikusten duzu? Bai. Espainiako ligan Reala punta-puntako talde bat da. Bartzelona, Real Madril gainetik daudela argi dago, baina partida bakarrera Reala gai ikusten dut edozeini aurre egiteko. Ligan erregularra izan behar duzu, eta hori oso zail dago. Baina Kopa partida bakarrera da eta Realak talde ona dauka, eta gai ikusten dut.

 

 

Gorka Rubio

Real Madrilera joan zinenean Txapeldunen Ligan sailkatuta utzi zenuen taldea, orain ere bai. Ilusio gehiago egiten du taldea hor laga eta bigarren plano batera pasatzeak? Jokatzeak ilusio handia egiten zidan, noski. Baina balantzan jarrita, sentintzen nuen nire zikloa amaitu zela, eta ni ere ez nengoke lasai Txapeldunen Liga jokatze soilagatik jarraitzearekin.

Camp Nou-en jokatu eta hurrengo astean adierazi zenion erabakia Imanoli. Zer esan zizun? Azaldu nion zer pentsatzen nuen, zer sentitzen nuen. Pena hartu zuen. Ikusten zuen, jokatuta edo jokatu gabe, aportatzen nuen pertsona nintzela, gazteentzat eredu bat nintzela. Ulertzen zuen berak ere zer sentitzen nuen, nola nengoen, zein zen nire ikuspuntua. Esan nion futbola hasi eta bukatu egiten dela, eta nire zikloa han bukatzen zela.

Kontzientzia trankil duzula zoaz. Hori da. Beti eman dut %100, ez dut uste inoiz gorde dudanik apurren bat ere, eta oso lasai noa. Inork ezin dit ezer aurpegiratu.

Zubietatik zer botako duzu faltan? Denak. Jokalariak, fisioak, sukaldariak, gimnasioko prestatzaileak... Familia bat da, eta horrela sentitzen gara. Zelaian ordu eta erdi horretan jokalariekin lanean diharduzu, baina hortik kanpo denbora asko pasatzen duzu gimnasioan, fisioekin, eta harreman handia egiten duzu jokalarien inguruan dauden jende horrekin guztiarekin.

20 urte hauetan nor izan da gehien lagundu dizun pertsona, zure aingura, gaizki zaudenean orekan eutsi zaituena. Asko izan naiz gordetzekoa. Sufrimendua, barrutik beti. Fisioterapeutarekin bai konpartitzen nituela gauzak. Kadetetan ezagutu ginen, eta hor bai egin dut harreman gehiago, berarekin bai soltatzen nintzen gehiago. Baina azken lau urteetan coach bat sartu zen. Nik soltatzeko konfiantza behar izaten dut eta pixkanaka bai joan naiz soltatzen, bera ere laguntzen. Baina harreman gehien fisioarekin izan dut.

Mutrikuk zer ematen dizu, oreka bat, agian? Nik uste dut norbera gustuen herrian dagoela, bere jendearekin, bere familiarekin, konfort zona horretan. Nire konfort gunea Mutriku da. Hala ere, horretaz ohartzeko kanpora ere atera behar da, pixka bat deseroso egon behar duzu leku batzuetan, baloratzeko benetan zer daukazun. Ikusi da nire ibilbidean erosoen hemen egon naizela. Baina orain ere badut gogo hori, zerbait berria bilatzeko, sentitzeko, eta horregatik egin dut urrats hau alde batera. Sentitzen nuelako nire zikloa Realean amaitu zela, baina bai nahi nuelako beste zerbait probatu Realetik kanpo.

Orain agian heldutasun bat ere baduzulako. Orain badakit zer egokitzen zaidan. Lehenago ere bizi izan dut horrelako zerbait. 33 urte dauzkat, gauza asko bizi izan ditut, eta argi daukat une hartan bizitakoak lagunduko didala. Kontziente naiz, baita ere, ez dela samurra izango, gauza asko aldatuko direla, bikotearekin bakarrik egongo naizela, beste inguru bat izango dela, beste kultura bat, beste hizkuntza bat, bestelako gizarte bat...

Buruari buelta asko ematekoa al zara? Lehen, gaztetan, bai. Orain, jada ez. Lesioekin bai pentsatu izan dut, ea zergatik ez naiz errekuperatzen edo zer gertatzen zaidan hain ondo ez errekuperatzeko. Egoera horretan, dakitenei kasu egitea besterik ez dago, nahiz eta mina daukazunean haserretu.