Sustrai Colina
IRITZIA

Kudeaketaz

S. apurgarria,

Urtarrila ala ilbeltza izan da aurtengoa? Sexu abusuengatik kondenatutako hezitzailea kanporatu dute umetan jokatzen zenuen futbol taldetik, bizilagunak bandera espainola zintzilikatu du balkoian, zure belaunaldia ETA-tik ETS-ra igaro delako kexu da E., Lucia Berlinen “A Manual for Cleaning Ladies” berrirakurri behar zenukeela pentsatu duzu… Zenbat pellet-pinporta dauzkazu zure baitan? Noiz arte jarraituko duzu, lider populisten gisan, promesak, betetzeko ez, ilusioa pizteko egiten? Hasieratik zenekien ez zenuela yogan izenik emango, ez zinela N.rekin hitzartutako kafea hartzera geratuko, lehen beste begiratuko zeniola sakelakoari ala, besterik gabe, ez zeneukala bizkarrean duzun orezta medikuari erakusteko asmorik. Zauriak agerian bizi beharra aldarrikatuko duzu, berriz musukoa janzteak nagia eragiten dizula, baina beldur zara, iraganera itzultzearen zein etor litekeenaren izu. Zergatik bilatzen duzu, bestela, nekeak berundutako hesteek diafragma ixten dizutenean, sosegua semeen loari so? Hainbestekoa al da zinemak zugan duen eragina? Justine Trieten “La Bataille de Solférino” ikusi zenuenetik zuzeneko konexioak egiten dituzten berriemaileei bestelako begiekin erreparatzen diezula kontatuko didazu, errazago irudikatzen dituzula Tamesis ibaiaren ertzak Ebro bazterrak baino, etxeko tinbrea jotzen dizutenean…

Bai, etxeko tinbrea jo zizuten atzo. Zu baino emakume helduago bati ireki zenion atea. Etxegabetzeko arriskuan zegoela azaldu zizun, hilabete amaierarako sosa bildu ezean kalean geratuko zela. Zer nahi zuen ulertu orduko galdu zenuen arreta. Gezurretan ariko zitzaizula otu zitzaizun lehenik, kalean hotz egiten zuela gero. Limosna eman zenion. Eskatzen dizuten guztientzat dirurik ote duzun galdetu zizuten semeek. Beragatik ala zugatik egin zenuen galdetzen dizut nik. Badakit ez dela inor eskean gustuz ibiltzen erantzungo didazula. Badakit bi erruen artean txikiena aukeratzen duzula ia beti. Badakit, alkatez aldatu zutenetik, zure hirian ez duela inork kalean lo egiten irakurtzeak lasaitu zintuela.

Loa, erruak, beldurrak, indarrak, harremanak, agenda, ardurak, atzokoa bezalako egoerak... hobeto kudeatzen ikasteko urtea behar zuen aurtengoak. Ez da izango. Ez dadila izan. Ez irentsi kudeatzaile onaren mitorik. Ziurtasunak, dena kontrolpean izan nahiak eta neutro ustekoaren bortxak sentiarazitako panikoa ez duzu semeen loari begira bezatuko.