Amaia Uribe
IRITZIA

Kantzelazioa

Orain arte, hegaldiak kantzelatzen ziren. Edo aurretiaz hartutako hitzorduak. Amazon Primeko harpidetza ere kantzelatu izan dut noizbait. Orain, baina, artistak eta pertsonak kantzelatzen ditu ultraeskuinak.

Berriz ere jomugan jarri dute Itziar Ituño. Zer eta manifestazio batean parte hartzeagatik. Zer eta presoen auziari konponbidea bilatzeko eskatzeagatik. Zer eta beste milaka lagunekin batera iritzi bat partekatzeagatik. BMW Lurauto eta Iberia, ultraeskuinaren jokoan erori dira. Ituñorekin adostuta zituzten kolaborazioak bertan behera utzi dituzte eta argudiatu dute ez dutela nahi euren markak ideologia jakin batekin lotzea. Erabaki horrekin, baina, Itziarren kontra joan direnen taldean kokatu dira. Eskuin muturreko ideologia besarkatu dute. Tolerantziari atea itxi diote. Eta zer nahi duzue esatea. Gogoa kendu zait BMW bat izateko edo Iberiarekin bidaiatzeko.

2017an hasi zen Ituñoren kontrako boikota. “La Casa de Papel” telesaila ez ikusteko eskaera zabaldu zen sare sozialetan. Ez zuten lortu, baina, Basauriko aktorearen distira itzaltzea. “La Casa de Papel” historiako telesailik ikusienetakoa izan da. Mundu osoko ikusleek 6.700 milioi ordu eman dituzte lapur taldearen gorabeherak jarraitzen. 191 herrialdetan ezagun egin dira Daliren karetak eta buzo gorriak. Brasilen, Bolsonaroren kontrako protesten ereserki bihurtu zen telesaileko soinu bandako “Bella ciao” abestia. Eta arrakasta honen erdian, antzezle zerrendako gogokoenetakoa bihurtu da Raquel Murillo inspektorearen atzean dagoen Itziar Ituño. Instagramen bakarrik, 5 milioi jarraitzailetik gora ditu (Euskal Herriko biztanleak baino gehiago). Gure herria, gure hizkuntza eta gure kultura lau haizeetara zabaldu ditu eta Uruguain edota Perun bere jarraitzaileek euskara ikastea lortu du. Ordaindu ezin den promozioa egin digu euskaldunoi eta euskara indartsuago egin du munduan.

Itziarrek argi izan ditu beti bere ideiak. Bai “Goenkale”n ertzain baten papera egiten zuenean, bai eta alfonbra gorriak zeharkatzen dituenean ere. Sekula ez du klase kontzientzia galdu. Sekula ez du pentsatzen duena ezkutatu. Basauri eta Euskal Herria beti izan ditu bihotzean. Eta ideologia beti jarri du diruaren gainetik. Fama burura igo zaion aktore txolina izan zitekeen. Publikoki pentsatzen duena ez esatea erabaki zezakeen proiektu gehiago lortzeko. Baina horrela ez zen Itziar izango. Eta guk Itziar dugu maite.

Gustatzen ez zaizkidan gauza asko daude munduan. Vox ez zait gustatzen eta Ferrazen aurrean egin ziren protestak ere ez. Saudi Arabiako legeak ez zaizkit gustatzen eta Israel Gazan egiten ari den sarraskia ere ez. Baina horregatik ez dut inor kantzelatu. Argi daukat kantzelazioa demokraziaren, adierazpen askatasunaren eta elkarbizitzaren kontra doala eta, horregatik, kantzelazioa bera da behin betiko kantzelatu behar dena.