Amagoia Mujika
IRITZIA

Umeen kontuak

Umeen gauzak dira. Hori esaten da egoera bati ertzak lixatu nahi zaizkionean; garrantzirik gabekoa dela esateko, normaltasunaren neurrian sartzen dela adierazteko, larritasuna kentzeko...

Haur palestinarrak ikusi ditut pailazo bati begira. Nekatuta daude, gosea zer den badakite, baita hotza ere, aspaldi ez dute pijama garbirik jantzi lotarako, etxeko izara gozotan ez zaie ametsik piztu aspaldi. Dantzan ari den pailazo bati begira daude; batzuk barrez, liluratuta beste batzuk, baten bat negarrez, pailazoak dantzara atera nahi duena lotsatuta... Unetxo batez gerra itzali zaiela dirudi. Bideo horri begira nagoela, nik ere une batez gerrarik ezagutu ez duten haurren irriak eta lotsak ikusi ditut.

Beti harritzen nau haurren bizitzeko konbentzimenduak; nolako gaitasuna daukaten txarra ahazteko, barkatzeko, pozari lotzeko. Gazan edo Saran, haur batek ez du denborarik galtzen gorrototan. Pentsatzekoa da aurretik denbora asko daukala bizitzeko eta, hala ere, umeak nahiago du denborarik ez galdu txartzen duten gauzetan. Aldrebeskeria egin dion lagunari nahiko azkar barkatzen dio, arratsaldeak elkarrekin jolasteko denbora gehiago emateko adina azkar.

Ez, umeen gauzak ez dira tontakeriak.

Bada joera bitxi bat. Parkean bada inoiz ilara errespetatzen ez duen haur klasea; ondokoari baloia kentzen dio, txokolatea lapurtzen dio ogitartekotik, kromo kontuetan ziria sartzen dio, zertan eta nola jolastu agintzen du... Bada, normalean, haur horren gurasoek oso barneratuta daukate “umeen gauzak dira”. Zapaltzen duena beren haurra denean, sekulako tolerantziaz ikusten dituzte parkea den jendarte txiki horretako kontuak. Denak dira “gertatzen diren gauzak”, garrantzi gutxikoak eta helduen esku hartzerik merezi ez dutenak. «Konponduko dira beren artean» estrategia aldarrikatzen dute.

Baina, tarteka, argi izpi berezi bat pizten du eguzkiak parkean eta betiko ordena hankaz gora jartzen da. Beti konformatzen den haurrak aurre egiten dio bere zapaltzaileari. Horrelakoetan nola larritzen diren normalean “umeen kontuak dira” esaten duten horiek. Orduan gurasoen esku-hartzea oso beharrezko ikusten dute eta asaldatu egiten dira “erasoekin”.

Bai, parkeko jendartea munduaren bertsio txiki bat da, munduaren ordenaren miniatura bat. Akaso txikitik hasi beharko da ordena aldatzen. Eta ez, umeen kontuak ez dira txikikeriak.