Iker Gurrutxaga • Argazkiak: Iñigo Uriz | FOKU
Entrevista
Pello Reparaz
ARTISTA

«Eroso nago zalantza konstante horretan»

Pandemiaren atarian, 2019ko azaroaren 16an, estreinatu zen jendaurrean Pello Reparazen ZETAK proiektua, nahiko modu misteriotsuan. 2018an bukatu zuen Vendetta taldeak bere bidea, baina ordurako ZETAK unibertsoa garatzen ari zen arbizuarra. Bere herrian, Arbizun, duen estudioan izan gara berarekin, ZETAKen laborategian. Musika-industriaren bueltan, ZETAK nola dagoen, industria bera nola ezagutu duen eta haren barruan Pello Reparazek nolako bilakaera izan duen jakin nahi izan dugu bere ahotik.

(Iñigo Uriz FOKU)

Ostiral bazkalostean genuen hitzordua. Hotza, Urbasa, Andia eta Aralar elkartzen dituen bailarako puntu horretan. “AAZTIYEN” labetik irten berritan, estudioko atarian zapi gorri koloretsuak ikus zitezkeen kaxa batean. Eta, zain ginela, metro eta laurogeita hamar luze duen Pello Reparaz (Arbizu, 1990) Kale Nagusian behera, txandal zuria soinean. Elkar agurtu, argazkiak egin eta estudiora. Honatx solasaldia.

Lehenengoa: non eta noiz sortu zen ZETAK sortzeko ideia, lehen hazia, erroa? Bada, Arbizura etorri zara elkarrizketa hau egitera eta erantzun logikoa litzateke hemen sortu dela, estudio honetan, baina ez da horrela. Londresen bizitzen izan nintzen eta master bat ikasi nuen bertan; han aldatu ziren gauzak. Han idatzi nuen abesti bat, printzipioz Vendettarentzat zena, eta hau ekoizten hasi nintzela ez nintzen gai Vendettaren markoan fundamentuz zentzua aurkitzeko. Bestelako ekoizpen bati ekin nion; abestiak “Errepidean” zuen izena, gerora ZETAKen lehen abestia izan dena; oso sinbolikoa eta garrantzitsua da niretzat. Hor talka potentea izan zen nire baitan. Ordurako musika elektroniko asko entzuten nuen eta abesti horrek bestelako ekoizpen bat behar zuela sentitzen nuen.

Zein urteri buruz ari gara, Pello? [Une batez pentsakor geratu da] Ez dut hutsik egin nahi honetan; esango nuke 2017az ari garela. Uste dut baietz.

Ekoizpena ikastera joan zinen Londresera, ezta? Ez, abestigintza. Musika popularraren konposizioa ikastera joan nintzen ICMPra. University of East London-ek daukan fakultate bat da, erabat musika popularrean zentratuta dagoena. Abestigintza ikastera joan nintzen, irratian entzun daitezkeen abestien egiturak, iruditeriak… nola jorratu, nola landu ikastera. Errekurtso desberdinak nola erabili, kantuen hitzak nola hobetu… Nik musika herrikoia ulertzen nuen moduan aldaketa asko eman ziren.

ZETAK elektronika proiektua izanik eta Ingalaterra horretarako lurralde aproposa izanik, Londresen, Manchesterren edo non ikusten zenuen zure elektronika? Mundu anglosaxoian, ezbairik gabe. Clean Bandit, esaterako, asko entzun dudan zerbait izan da. Agian Londresen tendentzia dena poparekin nahastekoa delako eta Alemanian ez hainbeste. Niri drum and bass musika asko gustatzen zait, adibidez, eta Chase & Status proiektuak ere baditu oso kantu poperoak, eta niri hori asko gustatzen zait. Tendentzia horrek guztiak eraman ninduen Londresera, nahiz eta ni ez nintzen elektronikagatik joan hara, abestigintzagatik baizik. Gauza da pop-a maite dudala, melodiak maite ditudala eta denak eramaten nau hara. Ez naiz elektronikaren obseso bat, ez naiz formaren obseso bat; ni abestigintzaren apasionatua naiz eta abestigintza gustatzen zaion bati Londres gustatu behar zaio. Eta Liverpool. Bueno, Erresuma Batua.

Etengabe ikasten bizi zara edo zure bizi estiloa da etengabeko ikasketarena? Bai, hala da. “AAZTIYEN” diskoak, esaterako, hori goraipatzen du, ezta? Konstruktu guztiak zalantzan jartzea, tradizioa, emozioak… Ni eszeptiko erradikala naizen horretan, hau da, dena zalantzan jartzea gustatzen zaidan horretan, disko honi horrela heldu diot, dena ezbaian jarriz. Diskoaren introak eta outroak islatzen duten bezalaxe, diskoa zalantza askorekin hasi nuen eta, disko honi eskaini dizkiodan urte intentsoen ondoren, esan dezaket zalantza gehiago ditudala oraindik. Are gutxiago dakidan sentsazioa dut eta horrek pozten nau, nire izaerarekin bat dator. Eroso nago zalantza konstante horretan bizitzen eta nire buruari aldiro erronka laboral zein filosofikoak jartzen.

Proiektu hau zuzenekoetara eramateko garaian, zeini begira ibili zinen zu? Stromae, Rüfüs du Sol… halakoak. Nik bestelako musikak entzuten nituen garai haietan, gerora hainbeste entzun ez ditudanak. Major Lazer, esaterako, entzuten nuen, baina zuzenean ez zen nik zuzenekora eraman nahi nuena. Stromaek, ordea, bai, erantzuten zion grina horri. Edota Lost Frequenciesek badu set interesgarri bat zuzenekorako. Rüfüs du Sol, zalantzarik gabe, aipatu behar dut; diskoan badago halako keinu nabarmen bat, “ANGULEELE” abestian entzuten den sintetizadore oso agudo eta potente batekin. Ni ez naiz DJa eta askok musika elektronikoa DJarekin lotzen du zuzenki, eta ZETAK proiektu pertsonala den momentutik askok hori pentsatu du lehen aldian. Euskal Herrian ez zaigu hau gertatu, baina bai Herrialde Katalanetan, adibidez. Lehenengo aldietan harrituta geratzen ziren hamabi pertsona agertzen ginenean.

DJ set eskaintzarik jaso duzu? Asko! Musika elektronikoa egiten dugun unetik, badirudi denok eduki behar dugula gure set handia eta DJ set hori prest, eta ez dugu sekula egin. Egin dugun gutxieneko set-a bi pertsonakoa izan zen; New Yorkera joan ginen Gorka Pastor eta biok. Erokeria hutsa izan zen. Berez hamabost pertsona behar dira set hori jotzeko, sekulako mobida zen, gero akatsak-eta egon ziren… Baina bueno, saltsa gustatzen zaigu, asko. DJ munduan ere sar zaitezke saltsan, baina ni musikaria naizen aldetik eta beste hirurak ere bai, beti taldean ibili garenak-eta, ezin dugu saltsan sartzea ekidin.

New Yorken, Kolonbian eta Mexikon ibili zarete atzera eta aurrera. Esperientzia hauek uste baino lehenago etorri dira edo bilatua izan da? ZETAK ez da proiektu ezaguna aipatu dituzun tokietan eta egia da guk lan handia egiten dugula ahalik eta gehien zabaltzeko. Euskal Herrian oso ondo kokatu da proiektua, baina uste dugu baduela zeresana Euskal Herritik kanpo. Lotsagabeki egiten dugu lan, eta sortzen diren aukerei gisa horretan heltzen diegu. Herrialde Katalanetan sortu dira aukerak eta sartu gara bertako eszenan; oso ederra izaten ari da bertan bizitzen ari garen guztia, eta asko pozten nau. Egia da ate asko zabaldu zaizkigula, orain arte irekitzea lortu ez dudanak, eta nahiko erraz, gainera. Beste batzuk ere itxiko ziren, noski, zalantzarik ez. Baina iritsi diren aukerak aprobetxatzen jakin dugula esango nuke, lanketa sakon, indartsu eta energia xahutze handi baten ondorioz. Hori guztia behar izan baitugu ZETAK Euskal Herritik kanpora ateratzeko.

Lotsagabe jokatzearena aipatu duzu. Li Saumetekin, Bomba Stereo taldeko abeslariarekin, ere horrela izan zen? Bai, bai. BIMEn elkartuko ginela hitzartua zegoen, haiek Kolonbiatik bazetozelako eta gu hemengoak izanik naturalena hori zelako. Aurretik hartu-eman bat egon zen; nire burua grabatu nuen zu zauden baino pixka bat atzerago, haiei esplikatzeko zer zen ZETAK, zer zen Nafarroa, Arbizu, zein zen gure hizkuntza… Hori Bomba Stereokoei bidali genien eta guztia martxan jarri zen. Abestia ere gogoko zuten eta BIMEn aurrez aurre egoteko aukera izan genuen.

Industria beste maila batean dago halako taldeak tartean sartzen direnean. Bai. Nik uste dut kolaborazioak ez direla magikoak. Bomba Stereorekin kolaboratzen duzun momentutik jendeak uste du hor kokatzen zarela eta ez da hala izaten. Bomba Stereok Bad Bunnyrekin kolaboratu duenean haren tokira iritsi ez den bezalaxe. Gainera, bi kolaborazio horiek batera irten ziren eta guk uste genuen sekulako eragina izango zuela gugan, baina ez, ez zen halakorik iritsi. Kolaborazioen balioa da bere izateagatik, eta kasu honetan Bomba Stereo aukeratu genuen erroa lantzen duelako. Bomba Stereo Kolonbiako erroa, bertako sonoritatea, eta musika elektronikoa uztartzen dituen proiektua da eta horregatik izan dut interesa. Zenbakiei dagokienez, izan dut beste hainbat proiektu potenterekin kolaboratzeko aukera; hori egon da, ez proposamena baina bai aukera. Baina ez nuen ZETAKentzat ona zenik uste. Gure aterki kontzeptualarekin bat egiten duten proiektuekin kolaboratu dugu: Fillas de Cassandra, Marala, Neomak, Erramun Martikorena, Oques Grasses… Denek dute hori komunean, gure ideiarekin bat egitearena.

Denak ez duela balio. Askok pentsa baitezakete kolaborazioekin nazioarteko proiekzioa soilik bilatu duzuela. Dena dela, uko egitearen damurik izan duzu? Ez, askoz ere errazagoa da baietz esatea ezetz esatea baino. Zerbait egin dezakezu gero jendeak ez duela oroituko pentsatuz eta hori erraza da. Baina zuk zure proposamenaren sendotasuna babestu behar duzu, argi eta garbi. Proiektua oso definituta baduzu, erabakiak hartzeko zalantza handirik ez duzu izaten, eta nik normalean ez dut zalantza handirik izaten horrelako kasuetan. Ikusten badut proposamenen batek talka egiten duela nik ZETAK definitzeko dudan ikuspegiarekin, ezezkoa oso argia da. ZETAKek identitatea jorratu nahi du, hori da gure aterkia, eta hori jorratzeko legitimatzen nauena sinisten dut euskara dela eta horren bandera egiten dugu. Identitatea, hizkuntza eta militantzia hori jorratzetik kanpo dauden aukeretatik ez dugu nahi ezer ZETAKen.

Esan duzu Londresek izan zuela zure musika ibilbidean eraginik. Identitatearen kontu honetan «Euskalonski» saioan parte hartzeak izan zuen eraginik? Bada, suposatzen dut baietz. Hor nik uste dut nire buruan egon zela hausnarketa bat. Arbizun bizi izan naizenean ez dut ikuspegi hori garatu eta kanpoan egon naizenean gehiago. Azalpena sinplea da; bidaiatzeak ikuspegi horren inguruko hausnarketa sakon bat egiteko aukera eman dit, adibidez, globalizazioaren inguruan, eta horrek nire sen kreatibo, artistiko eta identitarioa birkokatu du. Ariketa hau urte horietan eman zen, Londresen nenbilela. Han nintzela ibili nintzen “Euskalonski” saiorako bidaiatzen batetik bestera. Esan behar dut Londresen jende gehienak, klasean, ingelesez idazten zituela abestiak eta hori nazio desberdinetako jende pila bat ginela. Nik euskaraz abesten nuen eta klasera euskarazko abestiak eramaten nituen. Konturatu nintzen sekulako interesa sortzen zuela guztiak. Ez nuen kronometroa martxan jartzen, baina eskolan nire hizkuntzaren eta kulturaren inguruan hitz egiteko hartzen zen tartea gainerakoentzat hartzen zena baino askoz ere zabalagoa zen. Jendeari sekulako interesa pizten zion. Galdera asko sortzen ziren. «Zenbat eta zenbat proiektu daude ingelesez eta zer desberdinduko nau ni besteengandik?», galdetzen nion nire buruari. Artistok hori bilatzen baitugu. Bada, euskara bazen horren adibide. Vendettan euskaraz zein gazteleraz abesten genuen eta ZETAKekin erabaki nuen soilik euskaraz abestuko nuela. Eta kanpoan izan duen harrera ez dut uste okerragoa izan denik, ez dut hala sentitzen behintzat. Hortaz, horretan guztian bidaiatzeak badu erru handia eta, noski, “Euskalonski” saioak ere bai.

Komunikazio teknikak ikasi egin dituzu edota berezkoa duzu komunikaziorako gaitasuna? Nik uste urteen poderioz ikasi dudan zerbait dela, horren formakuntzari ez baitiot minuturik eskaini. ‘Txapas’ bat naiz, asko gustatzen zait hitz egitea. Kontua da, ZETAKen bueltan egun osoa ere pasatzen dugula, eta ez naiz hiru edo lau orduz hizketan ari. Erokeria hutsa da egiten ditugun bilera eta bestelako kontuen kopurua. Ikasten zoaz horrekin guztiarekin eta, gainera, disfrutatu egiten dut komunikazioan. Horri helduz animatu nintzen “Euskalonski” egitera.

Eta zenbati egin diezu uko? Programa? Euskal Telebistan? Hogeitik gora, hor utziko dugu. Saio horren aurretik ere jaso nituen eta guztiei eman diet ezezkoa. Ondoren etorri direnei ezetza ematearen zergatia argiagoa zen, nire identitatea eta nire sormena zeri eskaini behar diodan erabakitzeko garaian ideiak oso argi nituelako. Lanketa bat egina dudalako, hausnarketa bat egin dudalako eta sormen intentzioa argi dudalako. Horrekin talka egiten duen aukera oro desestimatzen dut.

Ane Escalarekin, zure taldeko langilea eta lehengusina duzunarekin, elkarrizketa honen aurretik bi hitz egin ditut eta zera esan dit: «Astebete ere ez darama hemen oporretatik bueltan eta badirudi bi hilabete direla etorri zela». Zenbat ordu eskaintzen dizkiozu egunean ZETAKi eta zenbat pasatzen dituzu horietatik estudioan? Nahiko nuke estudioan ordu gehiago pasatzeko aukera izatea. Aneren lanaren definizioa ez da ez-dakit-nik-zeren arduraduna, ez. Bere lana da Pelloren lan karga ahalik eta gehien arintzea, Pellok estudioan ahalik eta denbora gehien pasa ahal izateko. Oso eskertuta eta pozik nago berarekin. Ordu gehiegi eskaintzen dizkiot lanari, azken urteetan behintzat horrela izaten ari da. Ni naiz nire nagusia eta ez daukat mugarik; oso nagusi txarra naiz alde horretatik. Disko hau Taiwanen amaitu dut, azken bost urte hauetan oporrik hartu gabe nintzelako. Bada, bost asteko bidaia bat egitera joan nintzen, Taiwan eta Vietnamen, baina hara lanarekin joan nintzen eta hiru astez lanean jardun dut. Bi asteko oporrak egin ditut kalkulu akats baten ondorioz, baina behintzat han nintzen. Hortaz, han, Taiwanen, bai neurtu behar izaten nuela lanean ematen nuen denbora. Bi aste izan nituen, non eguneko batez besteko lanordu kopurua hamaseikoa zen. Erokeria hutsa da, zentzugabekeria bat da, eta gorputza limitera eramatea ez da batere sanoa. Duela hiruzpalau urte bi erronka jarri nizkion nire buruari. Bata antsietatea kontrolatzen ikastea zen eta bestea autoesplotazioa kudeatzen ikastea. Zorionez, antsietatea kudeatzen ikasteko esfortzu potente bat egin dut eta emaitza oso onak eman ditu. Oso-oso pozik nago eta lasai bizi naiz. Urtebete pasa daramat horretan.

Terapia egon da tartean? Bai, noski. Terapia egon da tartean, esfortzu handi bat eta lanketa handi bat. Baina bigarrena ez dut lortu oraindik; bistan denez, autoesplotazioan jarraitzen dut.

Lehengusina lanaldi osoz ZETAKentzat jarduten dela aipatu duzu. Zenbat langile ditu gaur egun ZETAK proiektuak? ZETAKen barruan ZEID Fest sartzen da eta horrela ulertzen dugu. Hortaz, bientzat lan egiten duen jendea batuko bagenu eta egunerokotasunean lan egiten duen jendea eta puntualki kolaboratzen duen jendea batuko bagenu, ehunka pertsonaz ari gara. Baina nukleo fuertea Artzai Iraurgi, Ane Escala, Iratxe Reparaz, Julen Hernandez eta Jon Basagurenek osatzen dute. Gero, ZEID Festen Jon Patxi Arratibel ‘Xafan’ daukagu, etxarriarra. Pandako Pau Vargasen inplikazioa handia da, bera da enpresaburua, baina hamarnaka lagun dira eta haien inplikazioa ere hurbiltzen da egunerokotasun horretara.

ZEID Fest sekulako munstroa bihurtu da. Taldearen irudiari dagokionez, handinahikeria aipatu duenik bada, Gazte Topagunearen datekin talka egin eta honi kalte egiten diola dioenik ere bai, erakundeekin dagoen harremana… Nola kudeatzen da hori guztia? Zenbat buruhauste sortu du hasiera batean modu xaloan sortu zen festa horrek? Gehiegi, argi eta garbi. Oso konplexua da. Buruhauste hauei guztiei aurre egiterakoan pentsatzen dut nola sortu zen hau eta honek laguntzen dit aurrera jarraitzen. Pandemian ginen, “Zeinen ederra izango den” abestia idatzi nuen, argitaratu genuen eta horrek eragin polita izan zuen gizartean. Abesti bakoitzak duen sormen intentzioari ere gustatzen zait azpiegitura bat eskaintzea. Abestiaz gain, bestelako tresna batzuk ematea gustatzen zait, abestia bera hobeto ulertzen laguntzeko eta mezua hobeto heldu dadin jendearengana. Kasu hartan bururatu zitzaidan pandemian ginela, itxialdian ginela, «zergatik ez jendeari lagundu, bizitzen ari ginena pasea zela ospatzen genuen egun bat irudikatzen?». Orduan, storie bat igo nuen sare sozialetara, sarrerak erosteko esteka bat eskaintzen nuen bertan. “Zeinen ederra izango den Fest” deituko zela, ez data, ez toki, ez talde… ezer ez geneukan une hartan.

Orduan Artzai, Iratxe eta hirurok soilik zineten gainera, ezta? Bai, bai, ez zegoen egun dagoen talderik; inertzia modukoan hasi ginen egiten guztia. Festatxo bat egingo genuela ikusten genuen; laguna genuen talderen bat gonbidatu eta zerbait egitea zen nahia. Argitaratu genuen storie hori, informazio gehiagorik gabe, eta 10.000 sarrera saldu ziren. Oso serioa da kontu hori, ez dago txorakeriarik, astakeria hutsa da. Ikaragarria da.

Zenbatean saldu ziren sarrera haiek? 17 euroan.

Horrek esan nahi du kolpetik 170.000 euro zenituztela zerbait antolatzeko. Zenbaki potoloa da hori. Horri zergak-eta kendu behar zaizkio. Hala, horrek jaialdiaren planteamendua aldatzera bultzatu gintuen, zalantzarik gabe. Hor diru bat zegoen eta nik uste dut askoz ere aurrekontu handiagoa zuen jaialdi bat eskaintzen bukatu genuela. Azkenean, kolaborazioak eta sinergiak sortzen dira eta jaialdiak hartu zuen dimentsioa eta fenomenoa bilakatuta, nik uste munstro bat bihurtu zela, zuk lehen ongi esan duzun bezala. Hortaz, bai, planteamendua aldatu genuen eta BECen ospatu zen lehen edizioa eta gaur egun oraindik gurekin den munstro hori sortu zen.

Instituzioen babesa ere beharrezkoa izango da, noski. Maila horretako jaialdi batean, bai. Tamaina horretan, azpiegitura horrekin… ez naiz aditua, baina konplikatua litzateke erakundeen babesik gabe aurrera eramatea. Nik oraingoz hau bakarrik antolatu dut gisa horretako jai bezala. ‘Behin’ diot, Arbizuko Gaztetxean Kaotikoren kontzertu bat antolatzetik hona aldea sekulakoa delako eta tartean ez dudalako ezer egin.

Esperientzia berri bat izan zen hori, baina lehendabiziko kontzertua ere, Oialumekoa, esperientzia berri gisa ulertu behar da. Hori ere erokeria hutsa izan zen. Hori ere bada ZETAKen identitatearen parte, berriz haste hori. Noizbait amaitu beharko da, lasaitasun pixka bat eskuratuko dugu noizbait, agian adinean aurrera goazen heinean, ez dakit. Erronkak betidanik gustatu zaizkigu eta ZETAK horrela hasi zen. Lehenengo kontzertu hartan gertatu zen horri heldu genion ZEID Festeko lehen edizioko komunikazioan. Oialumekoa iragarri genuenean, ez genuen non izango zen iragarri eta ordura arte abesti bakarra zegoen argitaratuta. Eta biltokia bete genuen. Hor ere sorpresa ederra hartu genuen eta oso polita izan zen, kaskoekin eta abar.

Kaskoena azken hilabeteetan ere errepikatu duzue, beste modu batean bada ere. Erantzun ona izan du horrek, bai Arbizun behintzat. Bai, ondo funtzionatu du. Baina, badakizu zenbat eman didan niri Arbizuk? Asko, asko. Ez orokorrean, baizik eta ZETAK proiektuari asko eskaini dio. Gure bideoklipetako aktore gehienak arbizuarrak dira, adibidez. Herriari asko zor dio ZETAKek, eta inon atera aurretik herritarrei abesti berriak entzuteko aukera ematea nik uste dut beharrezkoa zela.

Norbaiti kantu baten esklusibotasuna ematea hamalau egunez, garai hauetan, arraro samarra ez zen izan? Nondik etorri zen ideia? Zuk esan duzu pixka bat arraro sentiarazi zintuela horrek eta hori zen helburua. ZETAKen kasuan hori oso ederra izan dela uste dut. Egun, dena digitalean dago. Irratiek, nik uste, abestien argitalpenetan ez dute jendea lehen bezainbeste erakartzen; jendea ez dago irratiaren zain eta oso nostalgikoa egiten zait hori. Adibidez, “Begi beltz” abestiarekin bada zerbait oso kuriosoa. Hain da nostalgikoa eta hainbeste sakondu dut garai horietan, oroitzen dudala Iturmendiko Eztanda Irratia abesti bat entzuteko grinarekin pizten nuela. Garai hartan irratia zen abesti hori entzuteko nuen modu bakarra eta sentipen hori ez dut sekula ahaztuko eta, zoritxarrez, ezin dut gaur egun bizi.

Azkena: fenomeno sozial gisa, irudi publikoaren zama nola daramazu? Mundu guztiak daki Arbizun bizi zarela, ez dakit inor sekula agertu ote den zure bila… Zure tokian jartzen naiz eta ez da erraza izango. Bai, Arbizun bai. Familia bat edo beste agertu izan da, lagun kuadrillaren bat edo beste ere bai… Gurasoen etxean txirrina ere jo izan zuten bertan bizi nintzenean. Hori ez dut hainbeste sufritzen, herrian mundu guztiak ezagutzen nauelako eta haiekin dudan harremana pertsona publiko bilakatu aurretik landua delako. Euskal Herrian pertsonaia publikoa naiz, baina ez naiz David Bisbal edo Alejandro Sanz, kalera lasai irten naiteke. Gero, egia da, badaramadala bestelako zama mota bat. Mundu puta guztiak du iritzi bat niri buruz eta horrek nekatzen nau. Ez naute ezagutzen. Hainbeste maite nauen horrek ez nau ezagutzen eta hainbeste gorroto nauen horrek ere ez. Ezagutzen nau nire inguruak. Esan dezaket Arbizuko mila biztanleetatik ere ez nautela denek ezagutzen, oso-oso maitatua eta oso-oso eroso sentitzen naizen arren bertan. Euskal Herri mailan asumitu behar izan dut jende askok eduki behar duela iritzi bat niri buruz, ezagutu edo ez ezagutu. Hori nekagarria da, harremanetan beti egin behar duzulako esfortzu bat lehendabiziko pareta bat apurtu eta pixka bat harago joan ahal izateko. Baina bi aldetatik e? Batzuentzako sekulako abestigilea zarelako, makina bat, eta, beste batzuentzat, berriz, txuloputa bat edo nartzizista bat. Sentitzen dut sakonki horiek ez nautela ezagutzen eta, dios, nekagarria da beti horrekin borrokatzen ibili behar izatea. Ni nolakoa naizen ez dut azaldu beharrik, nire proposamen artistikoa gustatuko zaizu edo ez, egin ezazu horrekin egin behar duzuna. Zorionez, oreka topatu dudala uste dut guzti honetan. Baina egia da pena bat dela; urte hauetan guztietan onartu behar izan dut jendeak niri buruz hainbeste iritzi izatea.