Amagoia Mujika
IRITZIA

Umea, ume izatea

Ez omen daki etxetik ateratzen begietan errimela jarri gabe. Hamahiru urteko neskato bati entzun diot. Bospasei urteko neskatoak ikusten ditut kalean ezpainak gorriz margotuta. Shakira dantzatzen dute helduen gorputzetatik ari balira bezala. Kosmetikako dendetan ere konturatuak daude zerbait gertatzen ari dela, hamalau-hamabost urteko nerabeak gerturatzen zaizkie zimurretarako kremak erostera, ez dakit zeinek sare sozialetan iragartzen dituelako. Arropa denda askotan gero eta tailla txikiagoak eskaintzen dituzte, haurrentzako neurrikoak kasik, hor merkatu bat dutela jakitun. Haur asko ikusten dira helduen antzeko jantzita, miniaturen pare. Grazia egin dezake, baina ez da hain joera xaloa, baditu bere arriskuak.

Amonak kakorratzez josten zizkigun kuleroak eta barruko kamiseta tiradunak. Okasio berezietan jartzen genituen, maiz gure borondatearen kontra. “Handiak” egin ginela konturatzen ginen dagoeneko, ez gintuztenean behartzen artisautzako pieza ziren kulero horiek janztera. «Dagoeneko handia zara amonaren kulero horiek janzteko». Eta amonak pena hartzen zuen, tristura ematen ziolako haurrak handitzea. Hark esaten zigun ume izateko ahal genuen denbora gehien, bizitzako etaparik onena zela ume garaia. Esaten zigun ibiltzeko oinutsik, txokolatea jateko, korrika jolasean ibiltzeko, barre egiteko lasai, gereziak jateko zuhaitzera igota, ezkutaketan jolasteko... Aitonak batzuetan esaten zuen gosaritarako anis pixka bat emango zigula, txakurkumeei ere ematen ziela gehiegi handitzea nahi ez zuenean. Haurtzaroarekiko lilura bat sumatzen genuen inguruan, baina, hala ere, guk handitu egin nahi genuen, ahalik azkarren.

Udan igerilekuan elkartzen ginen ume kuadrilla. Bi neskatok adin bera genuen, baina hark bi piezako bikinia zuen, eta nik ez. Ederra matraka ematen nion amari, nik ere titi-zorroa nahi nuela. «Zertarako? Txorakeriak, traba besterik ez dizu egingo». Uda joan eta uda etorri, umeen bainujantzi harekin ni, erridikulua egiten, nire ustez.

Detaileak dira, tontakeriak akaso, baina gaurtik begiratuta osasuntsua iruditzen zait bizitzaren etapa guztiak gogoz zapaltzea, ez saltatzea laukitxorik gainetik, bizitzaren lauki guztiak jokatzea. Bestela bada arriskua berez nagusiagotan bizitu beharrekoa goizegi probatzekoa, adibidez, helduz jantzitako haurren gorputzak prest ez daudenean.

Gure neska-mutikoak merezi dute ume izatea, oinutsik eta kate estetikoetatik aske korrika egitea, bizitzan behin sikiera.