Amaia Uribe
IRITZIA

Ni, baserritarren alde

Ez dira garai onak baserritarra izateko. Uzta txarra baino kolpe latzagoak jasan dituzte azkenaldian. Artajorrean aritzeak baino neke handiagoa eragiten die biziraupenak. Eta ez da bidezkoa.

Ez da bidezkoa bertako baserritarrei pestizida kontrol zorrotzak egitea, Marokotik datozen marrubiak begiratu ere egiten ez dituztenean. Ez da bidezkoa nekazariek burokraziari aurre egin behar izatea, dirulaguntza gehiago jaso ordez. Ez da bidezkoa baserritarrek euren produktuengatik gero eta diru gutxiago jasotzea, baserrian opor egunik ere ez dagoenean. Ez da bidezkoa kontsumitzaileok zentimo batzuk aurreztearren 5.000 kilometrotara ekoitzitako produktuak erostea, 0 kilometrokoa horren eskura dugunean. Eta, batez ere, badakizue zer ez den bidezkoa? Azokan lau letxuga saltzearren, baserritar jubilatuei 6.000 euroko isunak jartzea.

Ia astelehenero joaten naiz Gernikako plazara, eta gero eta hutsago ikusten dut. Gazte gutxik egiten dute baserrian bizitzeko hautua. Eta egiten dutenek, sarritan beste lan bat aurkitu behar izaten dute hilabete amaierara iristeko.

Etsita, gure nekazariek traktoreak atera dituzte, ikusgarriak izateko. Bozinak jo dituzte, euren ahotsa altxarazteko. Protesta egin dute, euren eskubideak aldarrikatzeko. Eta nik, behintzat, argi daukat noren alde nagoen. Baserria negozioa baino askoz gehiago da. Baserria bizitzeko modu bat da. Baserria kontsumo jasangarria da. Baserria identitatea da. Nire aitona-amonak baserritarrak ziren. Ez dut imajinatzen baserririk gabeko Euskal Herririk. Ez dut imajinatzen bertako produkturik gabeko mahairik. Eta ez dut imajinatu nahi baserritarrik gabeko etorkizunik.

Ogasuna has dadila baserritarrek baino soldata handiagoa izan eta dirua poltsikora sartzen dutenak kontrolatzen. Europako Batasunak utzi ditzala albo batera baserritarrak itotzen dituzten politikak. Eusko Jaurlaritzak gehiago lagundu diezaiela baserritik bizi gura duten gazteei. Kontsumitzaileok hasi gaitezen ahal den guztia 0 kilometrokoa erosten. Denok batera, bermatu dezagun nekazaritzaren etorkizun duina.