IONE RODRIGUEZ - SALTO TRAINING
KIROLA

BDNF substantzia eta indar-entrenamendua

(Getty)

BDNF edo garuneko jatorri neurotrofikoa deritzon faktorea gure garuneko proteina bat da, funtzio neurologikoetan eta osasunean ezinbesteko eginkizuna betetzen duena. Substantzia honek neuronak babestu, sendotu eta berriak sortzen laguntzen du, neuroplastikotasuna hobetuz. Azken urteetan, BDNFak duen garrantzia gero eta gehiago azpimarratu da, batez ere ariketa fisikoarekin eta, zehazki, indar-entrenamenduarekin duen loturagatik.

Indar-entrenamenduak, giharren indarra eta masa hobetzeaz gain, garunean ere eragin positibo nabarmenak ditu. BDNFaren ekoizpena areagotzen du, eta ondorioz, burmuineko zelulen arteko komunikazioa hobetzen da. Honek oroimenean, ikaskuntzan eta gaitasun kognitiboetan eragina du, eta, gainera, depresioa eta estresa murrizten lagun dezake.

Ariketa fisikoaren ondorioz odol-zirkulazioa hobetzen da, eta garunera oxigeno gehiago iristen da, BDNFaren mailak igoz eta neurona berriak sorraraziz. Indar-entrenamenduaren kasuan, gorputz osoko muskulu handiak aktibatzeak eragin handia du BDNFaren askapenean, intentsitate altuko lanak eta entrenamendu progresiboak eraginkorrenak izanik.

Gainera, adinarekin batera, BDNFaren mailak naturalki jaisten dira, eta honek kognizioan eta osasun mentalean eragina izan dezake. Hori dela eta, indar-entrenamendu erregularra oso gomendagarria da zahartze kognitiboa atzeratzeko eta burmuinaren osasuna mantentzeko. Ez da beharrezkoa intentsitate altuko ariketak soilik egitea; ariketa progresiboa eta etengabeko erronka funtsezkoak dira BDNF mailak modu eraginkorrean mantentzeko.

BDNFaren mailak hobetzeak beste eragin positibo batzuk ere baditu: memoria hobetzen da, estresaren eragina murrizten da eta zenbait neuroendekapenezko gaixotasunen arriskua txikitzen da (alzheimerra, parkinsona...). Entrenamenduak, beraz, ez du soilik muskuluetan eta errendimenduan eragiten; gure burmuineko osasuna ere hobetzen du. Ez ahaztu zure entrenamendu saioetan indar-lanak sartzea, zure gorputza ez ezik, zure burmuina ere indartuko baituzu. Ariketa progresiboa, intentsitatea eta atsedenaren arteko oreka zainduz, zure osasun fisiko eta kognitiboa sustatuko duzu.