Naoshima, uhartea nahiz artea
Artikulu honen egileak Naoshimara garamatza, artez betetako uharte batean barrena, hainbeste non «aire zabaleko museo erraldoi eta sormenaren santutegi» esaten zaion. Aurten, Japonian Osakako Munduko Erakusketa eta artea, arkitektura eta natura ardatz dituen Setouchi Trienala ospatzen dira.

Japoniako maparen posterrak baditu pare bat txintxeta 2025. urte honetan herrialdea bisitatzea pentsatzen ari direnentzat: Osakako Erakusketa Unibertsala eta Setouchiko Trienala. Bietako bat aukeratzekotan, nik badut bat faborito, eta artikulu honen bitartez zuekin partekatzea sekretu bat azaleratzea bezala sentitzen dut.
Alabaina, zer da Setouchiko Trienala? Bada, Seto itsasoko uharteetan -Naoshiman, Teshiman eta Inujiman, besteak beste- artea, arkitektura eta natura uztartzen dituen ospakizuna. Hiru urtean behin ospatzen den ekimena, 1986. urtean hasi zen, Soichiro Fukutakek Benesse Art Site proiektua sortu zuenean Naoshima berreskuratzeko asmoz. Uhartearen diru-iturri nagusia kobrezko findegi bat zen, erasotzailea hango ekosistemarentzat, eta egoera ekonomiko hori iraultzen hasteko asmoz, Tetsuhiko Fukutakek (Soichiroren aitak) lursail bat erosi zuen irlan eskola-kanpamentuak eta abar antolatzeko, eta uhartearen hondatzea saihesteko akordio batera iritsi zen alkatearekin. Semeak jarraipena ematen jakin izan du, eta izaera desberdineko egitasmoen bitartez arrantzaleen herrixka aire zabaleko artearen eta ongizatearen museo bilakatu du. Naoshimaz gain, Teshimara eta Inujimara ere hedatu da sormenaren olatua (18 galeria daude guztira), eta Tadao Ando, SANAA, eta beste hainbeste arkitektoren instalazio artistikoak, museoak eta ostatuak bertako arrantzaleen etxeekin tartekatzen dira, naturak bitartekari lana eginez.

NAOSHIMA
Benetan kontraste bereziak sortzen dira. Okayamako Uno portutik abiatu eta Naoshimara iritsi bezain laster nabari daiteke hori, lehorreratzearekin batera SANAAren transbordadoreen terminalaren proiektuan murgiltzen baitzara. Metalezko estalki zeharo mehea zabaltzen da ontziratze-kaiaren zabalgunean, eta beirazko itxitura gardenak biltzen ditu instalazioak. Bolumenaren arintasuna sekzio txikidun elementuen errepikakortasunaren eta akabera islatzaileen erabileraren emaitza da, uhartearen paisaiari zeharkatzen uzten diona. Bertatik, ondorengo biek ematen dute ongietorria: Sou Fujimotoren Pabilioiak (2017), eta Yayoi Kusamaren kalabaza gorriak (“Red Pumpkin”).
Alabaina, ezagunena artista beraren kalabaza horia da (“Yellow Pumpkin”), uhartea bizikletaz inguratuz kai zahar baten ertzean dagoena. Kusamak barazki horrekiko izan duen maitasuna haurtzaroan sortu zen, eta 70 urte baino gehiagoz presente egon da bere jarduera artistikoan. Naoshimako irudi bereizgarri bihurtu da motadun bolumen horia itsasoko ortzi-mugaren parean.

TADAO ANDO
Dena dela, uharteak Tadao Ando arkitetoaren zigilua dauka; eraikin kopuru handiena harena da, eta, artea erakusteko azpiegiturez gain, luxuzko ostatuak ere eraiki ditu. Ezagunena Chichu Art Museum da (2004). Baliteke Claude Monet margolariaren Water Lilies saileko bost margolan daudelako izatea, besteak beste. Museoa lurpean eraikita dago, itsasoko paisaian eraginik ez sortzeko, eta argi naturalari barnean sartzen uzteko trazadura geometrikoak mendixka berdean nabari dira. Azpimarratzekoa da uharteko esperientzien zainketa maila; eraikin bakoitzean sartu aurretik trantsizio bat dago bizipena muturrekoa izan dadin. Chichu museoaren kasuan, lorategi bat da ‘kanpoaren’ eta ‘barruaren’ arteko lotura, eta 200 landare eta zuhaitz espeziez osatuta dago, erakusketan ikusiko direnen aurrekari erreal eta ukigarria.
Uharteko ibilbidean aurrera jarraituz gero, arkitekto beraren beste bi proiektu bisita daitezke bidearen albo banatara, parez pare. Bata Valley Gallery da (2022), eta hormigoizko eraikin txikiaren barruan nahiz inguruan goza daiteke Yayoi Kusamaren “Narcissus Garden” instalazioaz. Ispilu akaberadun esferen performancea lehen aldiz 1966ko Veneziako biurtekoan estreinatu zuen artistak, eta nartzisismoaren inguruko hausnarketa ernarazi nahi izan zuen, material islatzaileen, loreen eta formen bidez, ikusleengana hurbilduz. Haren lorategi berezia leku askotan erakutsi dute, eta Naoshiman ere bisita daiteke orain. Dir-dir egiten duten geometriek fantasia sentsazioa sorrarazten dute gainontzeko landarediaren artean, eta uretan daudenek ikusmenaz gain entzumena ere dantzan jartzen digute, elkar ukitzen dutenean sortzen den soinu leunarekin.
Bestea, berriz, Lee Ufan Museum da (2010), izen bereko artistaren lanen biltokia. Bidean zehar dauden eskaileretan behera jaitsiz iristen zara honen kanpoaldera, natura eta arkitekturaren arteko elkarrizketaren testigu bilakatuz. Eraikina hiru gela laukizuzenek, patio triangeluar batek eta hormek osatzen dute, baina haren materialtasunak, argiak eta sinpletasunak berezi egiten dute. Naturaren, arkitekturaren eta artearen arteko elkarreraginak bisitariak kontenplazio baketsu eta lasaira gonbidatzen ditu.
Zerrendaturikoak Naoshiman ikus daitezkeen gutxi batzuk besterik ez dira. Uhartea zainduriko turismoa baino askoz gehiago da; aire zabaleko museo erraldoia nahiz sormen santutegia da, non minimalismo arkitektonikoak eta adierazpen artistikoak elkar topatzen duten, bisitaria lekuaren esentziarekin sakonki errotzeko.



