Garazi Aranguren Alberdi
ARKITEKTURA

Koherentziaren bila

Fatxada ederra duen estilo modernistako eraikin batek barrualde tamalgarria izan lezake. Hori da orain apartamentu turistikoetarako erabiltzen den Lisboako eraikin honen kasua. Aurora Arquitectos Portugalgo enpresa arduratu zen berritzeaz, barrutik zein kanpotik erosoago egon zedin.

Irudiek Avenida da Liberdade hiribidetik gertu dagoen muino batean kokatutako eraikin honen kanpoaldea eta barrualdea erakusten dituzte.
Irudiek Avenida da Liberdade hiribidetik gertu dagoen muino batean kokatutako eraikin honen kanpoaldea eta barrualdea erakusten dituzte. (Argazkiak: Do mal o menos)

Askotan, iraganeko etxe eta eraikinak ikusten ditugunean galdera ugari datozkigu burura: Zergatik dago hau horrela? Zer ari ziren pentsatzen hau horrela diseinatzeko? Nola erabiltzen zuten etxe hau? Eta, agian, garrantzitsuena: hemen esku hartu behar badut, nola hobetu dezaket eraikina, dagoenarekiko koherentzia galdu gabe?

Aurora Arquitectos bulegoko kideek, eraikin hau birgaitzeko enkargua jaso zutenean, galdera horiek eta gehiago egin zizkioten beren buruari. Izan ere, kontraesana nabarmena zen: kanpotik eraikinaren diseinua oso zaindua zegoen; barrutik, aldiz, diseinu eskasak eta erabilera zailak erabiltzaileek abandonatuta uztera eraman zuten.

Lisboako bihotzean dagoen eraikin hau Avenida da Liberdade inguruko muino batean kokatua dago, Miradouro Sao Pedro de Alcantaratik gertu. Jatorrizko diseinua Lima Francorena zen, bere obra mugimendu modernoari jarraituz garatu zuen arkitektoarena. Eraikin hau Lisboan hormigoi armatuz eginiko lehenengotariko bat izan zen.

Fatxada nagusia, Taipas kalera ematen duena, zaindutako estetika modernistarekin diseinatua dago. Atariko sarrera eta eskaileraren posizioa nabarmenduz banda bertikal apaindu bat altxatzen da erdian, eta honen albo banatan, leiho etzan eta adreilu esmaltatuzko gainazalak lerro horizontaletan antolatzen dira. Fatxada hau, bere diseinu eta materialtasunagatik, hiri-ondare izendatua eta babestua zegoen.

Paradoxikoki, barrualdeko 20 apartamentuak oso gaizki diseinatuta eta guztiz hondatuta zeuden: eskaileretan akabera erorita, hormak hezetasunak jota, zoruak hondatuta. Urte luzez osasungarritasun baldintza txarretan egon izanak eta utzikeriak eraikina egoera tamalgarrian utzi zuten. Gainera, atzeko fatxada, modu itogarrian eta ilunean diseinatua zegoen, leiho txiki eta ezkutuekin, hiriak eskaintzen zituen ikuspegi bikainei bizkarra emanez.

Eraikinak kontraesan asko zituen, eta inbertitzaile bat zazpi solairuko eraikina eraberritu eta apartamentu turistiko bihurtu nahi zituela esanez agertu zenean, Aurora Arquitectoseko kideek argi zuten gauza bat: fatxadaren testuinguru historiko eta garaikidearen arteko oreka zehatza bilatu behar zutela, sortzen ziren galdera hauei guztiei erantzuna emateko.

Sofia Couto eta Sergio Antunes arkitektoek osatutako estudio hau 2010ean sortu bazen ere, beren ibilbidea askoz lehenago hasi zuten. Bi kide hauek ikasle zirela elkar ezagutu zuten, eta pixkanakako garapenari eta bideragarritasuna ematen zuten enkarguei esker Aurora Arkitektura bulegoa sortu zuten. Izen berri honekin eta kide berriak gehitzeari esker, apurka beren lan egiteko modua findu eta garatu dute, arreta hiriaren berroneratzean jarriz. Beren ikuspegian, tokiarekiko elkarrekintzak garrantzi berezia du, eta hori espazioarekin eta eraikinaren elementuekin egiten dute.

Kasu bakoitza arretaz aztertzen dute, proiektu bakoitza esperientzia bakar bihurtuko duen irtenbidea bilatzeko.

Hortaz, proiektu honi heltzeko, atzeko fatxadan terraza zabal bat gehitu eta leiho berriak irekitzea erabaki zuten, abiapuntua erabat aldatuz. Aldaketa honek espazioaren antolaketa birpentsatzeko aukera ematen zien, apartamentuen barnealdea biratuz eta bizigarritasun baldintzak asko hobetuz.

Bestalde, ostatu turistikoak direnez, detaile txikien diseinuari arreta berezia eman zioten. Egunerokotasuneko piezak muturreraino landu zituzten, harribitxiak balira bezala. Era berean, ate, leiho eta altzari bakoitza bere posizio posible guztietan pentsatu zuten, erabiltzaile ezberdinen beharrizanetara eta erabilera-preferentzietara egokiro egokitzeko. Hori guztia materialtasunarekin uztartzean, harria eta zura bezalako materialak ahalik eta izaera naturalenean agertzen dituzte, beraien marrazkiekin espazio zuriak testuraz betez.

Horrenbestez, barrualdean eginiko esku-hartzeak eraikinaren kanpoaldearekiko elkarrizketa koherentea sortzen du, hain zuzen, fatxada modernistaren estetika zainduak duen sendotasuna barrualdera eramanez, forma argi eta zehatzekin, non material naturalek espazioaren bizitasuna areagotzen duten, iraganean eraikinak izan zuen identitate berezi hori berreskuratuz.