Jon Jimenez
LITERATURA

Goizero

Euskal Herrian eta atzerrian proiekzio handienetakoa duen komikilaria da Javier de Isusi (Bilbo, 1972). Orain arte askotariko gai sozialak jorratu ditu bere lanetan -guziak Astiberri etxeak argitaraturik-. Ez aldameneko, baizik eta erdiguneko tema bezala hartu ere. “La divina comedia de Oscar Wilde” lanaz, zeinarekin 2020ko Espainiako Komiki Sari Nazionala irabazi baitzuen, Wilden ondare literarioa oinarri hartuta eta idazle irlandarraren ikuspegi bitala omenduz, homosexualitateaz eta bere errepresioaz jardun zuen. Aurretik idatzi eta irudikaturik zuen “Los viajes de Juan Sin Tierra” trilogia, Ameriketako hainbat herrietan barna egindako bidaietan oinarritutako kontakizunak, kolonizazioaren eta deskolonizazioaren inguruko hausnarketa eskaintzen diguna. Euskaraturik ditu, halaber, migrazioari buruzko “Asylum” eta “Baleak ikusi ditut”. Dokumentazio lan handia egin ostean, euskal gatazkaren ondorioak aztertzen dituen komikia da hauxe, etakide ohi baten, GALeko kide ohi baten eta ETAk aita hil zion lagunaren arteko elkarrizketa.

“Goizero” eleberri grafikoa argitaratu berri du Isusik, FICE, Resilis, Agintzari eta Astiberriren eskutik. Batik bat Gipuzkoako kasu zehatzetan oinarriturik, behar bereziak dituzten adingabeen familia harrera jorratu du gidoilari eta irudigile bizkaitarrak oraingoan. Gai konplexu eta ikusezin hau trama sinple baten bidez baina sakontasunez landu du. Ikuspegi guziz errealista alde batera utzi gabe, baina gizatasun eta sentiberatasun handiz, gordintasun eta samurtasunez gainezka egiten du hizkuntza arazo larriak dituen Axelen eta Ukrainatik etorritako Kristina errefuxiatuaren istorioak txirikordatzen dituen eleberri honek. Gizarteratze prozesu horretan, emozioak azaleratzeko ezintasuna eta horrek eragiten dizkien gabezia eta beharretara iritsiko gara. Hitz edota negar egitea tortura bilakatuko zaie biei, baita indarkeria eta autolesioak aterabide bakar bihurtu ere. Baina, horrezaz gain, bien harrera familiengan ere fokua jarriko du egileak. Hala, asteko zazpi egunetan, goiz, arratsalde eta gau, Ana eta Laia eta bien familien egunerokoari jarraituko diogu. Komikigintzaren teknika tradizionalaren bidez, hots, akuarelaz, okre, gorri-hori eta gris-urdin tonuekin, bi familien beldur, neke eta etsipen uneak margoztatuko dizkigu. Zaintza eta babes ereduan pertsona jakin batzuen ahaleginak eta eskuzabaltasunak agerian geratuko zaizkigu. Gorabeherak gorabehera, haur baten bizitza hobetzeko egindako hautua da nagusituko dena. Egunero, goizero.