Sustrai Colina
IRITZIA

Aberriaz

S. apurgarria,

Aberri egunaz idatzi behar zenuke, aberria zer den bazeneki. Ez duzu ikurrinik jartzen balkoian, ez duzu lagun zaharrekin urtean behingo bazkarira biltzeko ohiturarik, aspaldi da epikarekiko deboziorik sentitzen ez duzula eta, zaplaztekoa nola, “aberri ezberdinak daudelako ospatzen dira hainbeste aberri egun?” bota dizu semeak. Geratu zintezkeen isilik baina, printzipioz, Real Madriden eta poliziaren aurka zaudetela oroitarazi diozu. Bakoitzak bere genealogia argi izatearen onurak ez lizuke arrapostuaren lotsa estali behar. Zure iraganarekin ahal duzuna egiten duzu zuk ere. Zer baino norekin lehenetsi izan duzu sarri. Horixe da aberria agian, parte izateko ilusioa. Gero datoz justizia hizkuntzarentzat, muga zergarik ez pertsonentzat, zaintza, etxebizitza, lurra, gezurrik gabeko nortasun agiria eta elkarri helduta kantatzeko himno bihotz altxagarria.

Laura Perezen “Nocturnos” eta Yamada Murasakiren “Una mujer de espaldas” eraman behar zenituzke zure aberrira, lotarako amets batzuk, negar egiteko sorbalda bat, gazta eta intxaurrak, sakelakorik ez eta, ezinbestean, hurrengo gerra hotzerako elur bolak prestatzeko kuraia. Lagun ikusezin bat zeneukan umetan, etsai imajinarioak dituzu orain eta, kontrakoa sinetsi arren, opor egunek ez dizute egunerokoaz beste egiten uzten. Baina, hala ere, bere kontzerturako Madril eta Bartzelonako pabiloiak betetzea erronka nazionala dela dio musikariak, kanpoko talentua erakartzeko euskara oztopoa dela bankariak, bihotza taupaka jartzen dion ezer ez dela jada existitzen komikilariak eta zuk oporretarako aberri bat egin nahi zenuke aldarri.

Alferrik kontatuko diozu semeari gaurko egunez ekitaldi politikora joaten zinela behiala, ETAk komunikatua ateratzen zuela, egun sinatuko ez zenituzkeen bertsoak kantatu izan dituzula, zure ondoan gaua argitzen zutenak kartzelan ez bada preso daudela nolabait. Zer baino errazagoa egiten zaizu norekin azaltzea. Orduko esloganak jogurtak bezala iraungitzen dira. Ez zaude nostalgia eta distopiaren artean aukeratzeko prest.

Bakean bizi nahi duzu zure genealogiarekin. Bakean, ustez aberririk ez zutenak gerraz mintzo diren bitartean. Nork esango zizun nazionalismoak kirol lorpenek ardazten zituzten sasoiak faltan botako zenituela.

Aberri egunaz idatzi behar zenuke, aberria zer den bazeneki. Parte izateko ilusioak bizi zaitu zu ere.