Jolas nodoa
Mugara Arkitekturarena da estalki honen egiletza, original bezain eraginkorra. Berako Labiaga Ikastolaren parean kokatuta, ikasleak eguzkitik eta euritik babesteko elkargune gisa balio du. Aisialdirako gune ere bada eta eskola orduetatik kanpo ere elkartzeko edo jolasteko erabiltzen da.

Euria hasten denean aterpe, eta eguzkia pizten denean gerizpe bila abiatzen gara Euskal Herrian. Horregatik, gero eta arruntagoak dira gure kale eta plazetan espazio publikoa estaltzen duten egitura arinak. Baina badaude batzuk, xumeak diruditen arren, atzean duten hausnarketa eta konplexutasunagatik aipamen berezia merezi dutenak.
Horietako bat da Bera herrian, Labiaga ikastolaren aurrean eraikitakoa. Mugara arkitekturaren lanetan deigarria da arkitekturako arlo ezberdinak muturrera eramateko duten abilezia eta ausardia. Mota ezberdinetako proiektuei trebeziaz heltzen diete, eta horren emaitza da duela gutxi argitaratu diren EHAEO-ko sarietan Okelarreko ardi bordak irabazitako aipamen berezia.
Bulegoak filosofia argi bati jarraitzen dio: arkitekturaren eginkizuna aukerak aurkitzea da. Oin-planta orokorrenetik eraikuntza xehetasun gertueneraino, ikuspegi espezifiko eta arrazoizko batetik aztertzen dituzte kasuak, espazio bakoitzaren berezitasunak arakatuz eta objektu berriak proposatuz. Lortutako emaitzaz, proiektuaren ideia guztiak transmititzeko gai den pieza bat sortzen dute, elementu gutxirekin eta baliabide sinpleekin zentzuzkoa dena, betiere komunitatearen zerbitzura.
Gaurko proiektua erabaki garrantzitsu bati irtenbide ematetik sortu zen. Labiaga ikastolako Guraso elkartea dilema handi baten aurrean zegoen: barruko patioa estaltzen bazuten, eskola itxita zegoenean leku estalia erabili ezinik gelditzen ziren; baina, estalki hori kanpoan sortzearen konplexutasuna handia zen, eremua ezpondaz beteta baitzegoen.
Mugara Arkitekturako kideek oso argi ikusi zuten, kanpoaldean eginiko estalkiak onurak biderkatzen zituen. Goizean haur eta gurasoek estalpean itxarongo lukete; atsedenaldian jolastoki erabilgarria bikoiztuko litzateke; arratsaldean topaleku berri bat izango zen; eta asteburuetan, espazio publikoa izanik, beti irekita egongo zen.
Arrazoiketak konbentzituta abstrakzio guzti horri forma emateko momentua iritsi zen, diseinatzekoa. Estalkiak espazialki irekia eta erdigune hutsez osatua behar zuen, jolas-ekintza, imajinazioa eta elkarbizitzarako lekua sortzeko.
Bada forma geometriko bat, oso purua, ideia guzti hauek transmititzeko gai dena: zirkulua. Forma honek ez du ez aurrerik ez atzerik, adirekzionala da, edozein norabidetatik sar zaitezke bertara, eta bere erdigunea -hutsik dagoena- bihurtzen da espazioaren benetako protagonista. Gainera, perimetro irregularrean txertatzeko forma egokiena da, bere kabuz duen potentziak elementu aske moduan irakurtzea errazten baitu.
Erronka handiena egitura definitzea izan zen. Beheko aldea libre uzteko, estalki elementuak erabat zurruna izan behar zuen. Maketa gaineko lanketa sakonaren ondoren, altzairuzko zertxa bidez ebatzi zuten arazoa. Honek bi ardatz nagusi izango zituen, ipar-hego eta ekialde-mendebalde norabideetan kokatuak, eta lau euskarritan bermatuak. Ondoren, erradialki, zertxa sekundarioak lotuko ziren. Guztira, 16 metroko diametroko zirkulua estaltzea lortu zuten, 200 m²ko leku zabala eta zutaberik gabea sortuz.
Haizearen xurgapena orekatzeko, zimendatze pisutsuetara jo ordez, hauek azalera atera eta funtzio bikoitza eman zieten. Ipar eta hego muturretako hormigoizko bolumenak bat komun eta bestea biltegi bihurtu zituzten, egitura egonkortzeaz gain programaren gutxieneko baldintzak betez.
Elementuen hautemate modua ere zaindu da. Kuboak forma biribilez leundu dira, espazioaren jarraitutasunarekin eta haurren munduarekin bat eginez. Perfil metalikoak kolorez pintatu dira, orientazioa eta egitura indarrak adierazteko ordena didaktiko bat sortuz. Landareek espazioa biziarazten dute, haize babes eta zaintzarako aukerak eskainiz.
Horrela, urrunetik objektu hegalari bat dirudiena, hurbiltzean logikaz betetzen da, eta haurrek espazio hori bizitzen duten modua ikustean ulertzen duzu hau ez dela estalki huts bat, hau jolas nodo bat dela.
Navidades invertidas

«Ser los más salvajes tiene su belleza, y yo ahí me siento muy cómodo, porque es coherente con lo que pienso, digo y hago»

Mantala jantzi, ondarea gal ez dadin

La mercantilización de la menopausia
