Kozinatzeko, ahobizi eta sabelaprest
Euskaraldiko egunetan, 7K-ko sukaldariak bat egin du ekimenarekin, eta gastronomia eta hizkuntza uztartu ditu; belarriak ez ezik, urdaila ere prest izan behar dugula uste du. Izan ere, sukaldetik tokiko ekoizpena, ohiturak eta tradizioak defendatzen dira, baina baita hizkuntza ere.

Kaixo familia, igaro dira aste batzuk gai zehatz baten inguruan aritu ginenetik: “euskaraz kozinatzea zein zaila den”. Euskarak sukaldean dituen erronken inguruan jardun ginen, alegia. Badakizue, barruan dudan deabru erretxin eta bihurri horrek proposatzen dizkidan gai zirikatzaile eta gordin horietako bat. Dena zalantzan jarri eta hizkuntzari soilik helduz, kozinatzerako garaian, gizarte gisa ditugun kontraesan eta gabeziei begirada eskaintzen zion gai-artikulua zen. Zer da errazagoa, euskaraz kozinatzea edo euskaraz hitz egitea? Galdera horrek erantzun korapilatsua du, baina ziur dakiguna da euskararekin harremantzeko modu erraz bat izan daitekeela kozinatzen hastea.
“Kaixo, euskara ikasten ari naiz eta euskaraz kozinatzen dakit”. Bat baino gehiagori egingo dio min belarrietan kozinatu hitzak, baino dakienari, poz handia emango dio kozinatu hitza modu egokian erabilia dagoela entzuteak. Izan ere, sukaldatu hitza erabiltzen dugun arren, ez da gramatikalki zuzena. Beraz, askorentzat, ahobizi edota belarriprest izan, kozinatzearen ekintza izan daiteke hasiera bat. Hizkuntzan eta/edo sukaldean. Eta horixe da, hain zuzen, sukaldea eta hizkuntza batzen dituen erronka berbera, hiztun eta sukaldari berrien beharra.
Belarriak eta sabelak prest behar ditugu datozen hitz edo mokaduei tokia egiteko. Eta horretarako, noski, gogoa, gosea (edo jateko nahia) eta errespetua ezinbestekoak dira. Hizkuntza maitasunez defendatzen duenak, zuek amonaren kroketei diezuen errespetu bera merezi du. Sukaldariok badakigu teknikoki gure amonen kroketak ez direla perfektuak, baina maite ditugu eta gure amonen kroketak dira. Inor ez da inor horrelako errezetak ongi ala gaizki dauden epaitzeko. Inor ez da jaio bexamelaren errezeta kozinatzeko ahalmen eta jakintzarekin. Amona solteren bat, akaso. Baina ez. Eta hizkuntzarekin ere berdin gertatzen da. Inork ez du bere ama “iepa” batekin agurtu jaio eta lehen segunduetan. Hitza eta hizkuntza, etxeko errezeta liburu maitatuenaren gisa, belaunaldiz belaunaldi igarotzen doan ondare baliotsu bat da. Eta baldintza horrek baieztatzen du euskarak etxe bakoitzean dituen mila bertsioak. Zergatik ez dute zapore bera, errezeta berarekin egiten diren kroketek, persona edo etxe ezberdinetan egiten direnean? Zergatik aldatzen dira hitzen amaierak eta hauek ahoskatzeko modua etxe edo herri batetik bestera, gramatika, oinarrian, bera bada?
Amek, amonek, aitek eta aitonek, jaten erakusten diguten moduan erakusten digute entzuten. Eta hauek hitzetan uzten dituzten aztarna txiki guztien baturak osatuko du etxe eta inguru bakoitzeko euskalkia. Euskarak, beraz, badu errezeta bat etxe eta inguru bakoitzean. Eta gure gastronomia da hauen guztien isladarik ederrena. Zapore berdin ezberdinez beteriko hizkuntza dugu gurea. Gaur egun fonetika eta zapore latinoa, asiarra edota eskandinabiarra izan dezakeena. Baina, funtsean, euskara. Orain arte defendatu dudan moduan, eta aldiren batean belarrietatik tira badidate ere, gurea, AMA jatetxea, jatetxe euskalduna da. Momentu honetan, taldeko sei kideetatik hiru euskal herritarrak gara. Baina horrek ez du zertan esan beste hiruak euskaldunak ez direnik. Denok dakigu etxean bezeroa euskaraz agurtzen. Agian bati besteari baino gehiago kostako zaio euskaraz plater oso bat aurkeztea, baina horretan ari gara, saiatzeko nahia badagoelako. Eta taldeak bertako produktua, bertako kultura, moduak, ohiturak edota tradizioak defendatzeko duen nahiak, hizkuntzarekin batera, hizkuntzari berari egiten dion onura ikaragarria da. Pixkanaka, osagai berrien izen berriak euskaraz ikasten eta bezeroekin partekatzen goaz. Gure etxetik igarotzen dena euskalduntzen edo eusko ahalduntzen saiatzen gara. Eta berdin dio non sortuak garen. Bertakook ere badugu gure burua estutzeko beharra gurea defendatzen hasteko. Gure herrian, gureak, exotiko izateari utz diezaion.
Familia, lagunok, batzuek badute habilezia berezia hitzak kozinatzen. Beste batzuek, berriz, piperrautsarekin bertsoak egin ditzakete. Baina, esan bezala, ezinbestekoa dena da belarri edo sabela prest izatea, gurea defendatzeko. Eta hori gauzatzen has gaitezen, errezeta sinple pare bat utziko dizkizuet, Euskaraldia, lagun eta familiarekin ospatuko baduzue, zertxobait ere kozinatu diezaiezuen.
Antxoa eta gazta tosta: Lagun artean prestatu izan dugun mokadua da. Brie motako gazta krematsua erabiltzea gomendatzen dizuet. Gustuko ogi tosta prestatu. Horretarako, aukeratutako ogiari gurin pittin bat igurtzi aurpegi guztietan eta labean erre 190 gradutan, gorritzen hasten den arte. Segituan, jarri tosta beroaren gainean brie gazta krematsu pusketa bat eta Getari, Bermeo edo Santoñako antxoa gatzatua ipini. Askoz hobe mokadua bero dagoela jaten bada.
«Xolomo tomate» 2.0 ogitartekoa: Badira urte mordoa horrelako ogitartekoak prestatzen genituela herriko festa edo ospakizun berezietan gazteen artean. Askorentzat izango da, ziur, beren bizitzako lehenengo parrandetako ogitartekoa. Eman diezaiogun bada buelta txiki bat. Tomatea egiteko, 8 tomate ale zurituko ditugu eta, ondoren, baratxuri buru oso batekin batera, labean erreko ditugu 180 gradutan 40-45 minutuz, aurretik baratxuri burua eta tomateak oliba olioarekin igurtziz. Segidan, tomate erreak eta baratxuri hortz ale erreak turmixarekin irabiatu eta, lortzen dugun kremari, oliba olioa, gatza, pikillo piper gorri bat eta 6-7 bat hur ale gehituko dizkiogu. Dena berriz irabiatu eta tomate saltsa prest egongo da. Badakit romesku saltsa kutsua duela, baina berdin dit. Segidan, aukeratu gustuko ogia eta labetik pasa, ogia bitan eginda dagoela. Ogia gorritzen denean, tomate saltsarekin ongi busti eta xolomoarekin bete. Xolomoa prestatzeko, zartagia kea botatzen hasten den arte berotu, olio tanto bat gehitu eta xolomo xerra onduak (adobatuak), buelta eta buelta egin. Ogitartekoari gazta gehitu nahi badiozue… zoragarri familia!
Gogoratu, sukaldetik ere euskara defendatu dezakegula eta euskaratik sukaldea. “Kozina” euskaraz bizi dutenak, izango dira ahobizi berandu baino lehen. Baina kozinatzen euskaraz ikasteko izan behar dugu denok, gutxienez, belarri eta sabelaprest.
On egin!