Sustrai Colina
IRITZIA

Lubakiez

S. apurgarria,

Ze zeruertzetan esnatu zara gaur? Futbolak zure emozioetan duen eraginaz gogoetatu behar zenuke, mahuka motzetan bizimodua xaloagoa zergatik iruditzen zaizun ebatzi, atzo Marienian landatutakoak emango duen uztarekin amets egin. Errenta-aitorpena bete duzu, autoaren IATa berritu, baina zure burua ikuskatzen hasi eta argi luzeak piztu ezinik zabiltzala ohartu zara. Errentarik ez, aitorpenik gabe; aitorpenik ez, errentarik ezean. Aldian behin autoa bezala garbitu behar zenuke arima: metatu duzuna bota, arnasa ematen dizuna eskueran utzi, zure zentrora sartu eta emisio gutxiko eremu izateari laga. Agian, jabetuko zinateke zergatik ez zaizkizun arrotzak suertatu sorterritik 400 kilometro iparraldera lehen aldiz ibili dituzun lurrak. Ezagunak egin zaizkizu hizkuntza, karriken izenak, lautaden argiaren kolorea, Mundu Gerran hildakoen oroitarria, ostatuan eskatzeko manerak, ordutegiak, jakien zaporea, jendearen aurpegiera...

Bazenekien Telecincok espainolizatzen zintuela, baina zerk frantsestu zintuen? Ez tematu erantzunaren bila, baina onar ezazu inguruko espainiartasunak gainezkaturik hasi zarela Veronique Ovalderen “A nos vies imparfaites” irakurtzen ala Isabel Hupperten azken filma ikusten. Nora ihes egiten duzun hausnartu behar zenuke, lubakia gudu-zelaia baino hobea den ala, ezinbestean, nahi duzuna ezin eta ahal duzuna egiten ote duzun zuk ere.

Gehiegi pentsatzen duzu, beharbada. Haurrak eskolan goizez hasiko dira laster, ikasturte amaierako ikuskizunek zure jendaurreko jardunak baino ikusle eta pasio gehiago biltzen dituztela ondorioztatuko duzu, haizea eta laineza sartuko zaizkizu autoaren leihatilatik, terrazetan zitatuko zaitu agenda sozialak eta, sandaliak janztearekin batera, gero eta urrutiago sentituko zara egunkariek ardazten duten mundutik, nahiz eta, akaso, orduan egongo zaren munduarekin lerrokatuen.

Filtrorik gabe oheratzen zarenean esnatzen zaizu zure zinezko ideologia. Nekatu egiten zaitu izan nahi ez duzuna ere bazarela onartzeak. Ez ahantzi desegitea eraikitzeko modu bat baizik ez dela. Monotonia ohitura bihurtzen da lehenik, beharra ondoren. Horregatik diozu izua premia bilakatzen den monotoniari. Horregatik ez diozu bizitzeari utzi nahi, baina bizitzak ez du inoiz itzultzen, ordaintzera ateratzen da beti. Badakizu noiznahi geratu zaitezkeela argindarrik gabe.