Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Apple I ordenagailuaren jaiotza

(Kim Kulish Corbis Getty Images)

Denboran atzera jauzi bat egin eta 1975eko ekainaren 29an geratu da makina, AEBn. Steve Wozniak da egun horretako protagonista. Ingeniari estatubatuar honek lehen aldiz konektatuta eta elkarlanean jarri zituen ordenagailu bateko mikroprozesadorea, pantaila bat eta teklatu bat, eta, hala, gerora ezagutuko genuen ordenagailu pertsonalaren lehen prototipoetako bat sortu zuen.

Apple Inc. izango zen enpresaren hastapena izan zen. Izan ere, institutuan lagun zuen Steve Jobsekin batera merkaturatu zuten Apple I izenez ezagutu zen ordenagailu pertsonal hura, eta haren atzetik teknologiari lotutako soka luzea ezagutu dugu, gaurdaino iristen dena.

Denda batean saldu zuten bi jeniook lehen ordenagailu hura, 666,66 dolarreko prezioan (Wozniakek gustuko zituen digituen errepikapenak). 200 unitate sortu ziren denera. Gainera, Apple I-en erabilera nahiko sinplea zen garairako; erabiltzaileak teklatu bat eta telebista merke bat soilik behar zituen pantaila gisa erabili eta lanean hasteko.

Gaur egun bildumagileen munduan oso pieza baliotsua da. Kalkulatzen da 2008an 30-50 bat Apple I soilik zeudela munduan. Beraz, enkanteetako harribitxietako bat da. Hori bai, ordenagailu hauek duten prezioa ez da nolanahikoa. Azken urteetan egin diren salerosketetan 300.000 dolar baino gehiago ordaindu dira.