Nekane Azpiazu Lejardi
ARKITEKTURA

Baratze iraultzaileak

Gizarteak berak bezala, lorategiek ere beren bilakaera bizi izan dute azken hamarkadetan. Handitasun aristokratikoaren erakusle izatetik hiri eta herrietara zabaldu ziren, industrializazioa heltzearekin batera. Ez ziren kontenplazio guneak, prekaritateari irtenbidea emateko tokiak baizik.

Pertsona bat, Berlingo lorategi batean lanean, 1961ean hartutako irudian.
Pertsona bat, Berlingo lorategi batean lanean, 1961ean hartutako irudian. (Pierre CromFine Art ImagesHeritage ImagesKinderman / United ArchivesGetty Images)

Aurreko zenbakietan lorategi barrokoen handitasuna arakatu ondoren, argigarria da historian aurrera egitea ikusteko nola mende gutxiren buruan lorategia handitasun aristokratikoaren seinale izateari utzi eta langile klaseen eguneroko baliabide bihurtu zen. Errege baten indarra erakusteko diseinatutako parterre zabaletatik hiri industrialaren ertzetan landutako lursail txikietara igaroko gara. Eta, itxuraz kontrajarriak diren arren, bi eredu horiek oinarri bera dute; biak oinarrian duten gizartearen antolaketa islatzen eta gauzatzen duten paisaiak dira.

XIX. mendearen bigarren erdian Europako hiriak kez, fabrikaz eta pilaketaz beteta zeuden. Landatik hirirako migrazio masiboek auzo trinko, osasungaitz eta espazio irekirik gabeak sortu zituzten. Testuinguru horretan ugaritzen hasi ziren allotments deiturikoak Ingalaterran eta, geroxeago, Schrebergärten deiturikoak Alemanian. Ez ziren kontenplazio estetikorako pentsatutako espazioak, baizik eta prekaritateari irtenbidea ematen zioten guneak: familia baratze txikiak, langileei arnasa ematen zietenak hiriaren itolarriaren aurrean, elikagaiak landatzeko, aire zabalean atseden hartzeko eta, partzialki bazen ere, naturarekiko kontaktua berreskuratzeko lekuak.

Lorategien bilakaeran espazio hauen jatorria beharrean errotuta bazegoen ere, logika barrokoko zerbait gorde zuela esan daiteke, izan ere, horietan ere natura zehaztasunez antolatu zen, lursail berdinetan eta arautuetan banatua. Lorategi barrokoak monarkiaren botere absolutua erakusteko balio zuen tokian, langileen lorategia gizartea erreformatzeko eta kontrolatzeko espazio gisa agertu zen. Baratzea zaintzen zuen langilea diziplinatua, familiarra eta tabernan edo hitzaldi iraultzaileetan galtzeko joera gutxiagokotzat hartzen zen. Leipzigen, Schrebergärtenak karga pedagogiko handiz garatu ziren, Moritz Schreber mediku eta hezitzailearen ideietan inspiraturik, eta azkenean benetako kolonia arautu bihurtu ziren, baratze bizitzaren keinu bakoitza markatzen zuten etxola berdinekin eta araudiekin. Ingalaterran, aldiz, allotmentsek lotura handiagoa zuten bizirautearekin, bereziki krisi edo gerra garaietan janaria ziurtatzea, eta, arauak ere bazeuden arren, asmoa ez zen hain moralizantea.

Jardinak, antzeko formak izan arren, ez dira inoiz neutroak; testuinguru bakoitzean ekoizten duen gizartearen beldur, asmo eta balioekin zipriztintzen dira. Scrrebergärten alemaniarrak langile klasea kontrolatzeko antsietate burgesetik sortu ziren, eta allotment britainiarrak, berriz, bizimodua bermatzeko beharrari erantzuten zioten batez ere. Alabaina, biak bat datoz hiri berderako sarbidea demokratizatu izanarekin, lorategiko esperientzia jauregietatik harago eramanez eta herritarrengana hurbilduz.

Baratze errepikatu eta zaindu horietan ere sortzen ziren autonomia haziak, diziplinarako diseinatuta bazeuden ere. Azken batean, nortasun espazioak eskaini zituzten bertan janaria baino zerbait gehiago aurkitzen zuten familientzat, berezko lekua hiriko kaosaren erdian. Anbibalentzia horrek, kontrolaren eta askatasunaren arteko talkak, beharraren eta plazeraren arteko tentsioak, egiten ditu lorategi horiek pieza hain liluragarriak paisaiaren historian. Distantziarekin behatzean, funtsezko ikasgaia erakusten dute, lorategiak ez direla inoiz izan apaindura soilak, garai bakoitzeko gatazkak eta itxaropenak irudikatzen diren eszenatokiak baizik.

Gaur egun, hiriek jasangarritasun, desberdintasun eta osasun publikoko erronkei aurre egin behar dietenean, premiazkoa da iraganera begiratzea. Defenda daitezen berdeguneak ez kontrol tresna gisa, ez gutxi batzuen luxu gisa, baizik eta eskubide komun gisa, natura hierarkien mende egoteari uzten dion eta hiri bizitza duinaren berme bihurtzen den lurralde gisa.