Zu ere joan-etorrian?

Liburu bat begi parean dugularik izenburua izan ohi da irakurtzen dugun lehendabizikoa eta, kasu honetan, bai ala bai paratu behar diogu doinua azalak dakarrenari: “Puf”. Hiru hizki bertzerik ez, eta harridura, nekea, lotsa edo zer ote da adierazi nahi digutena? Irakurlearen bizkar erantzuna.
Disko baten formako argitalpena esku artean, erran gabe erranez lanak baduela bere ahairea, sintonizatzen asmatzen duenarentzat. Izan ere, idazle eta ilustratzaile aritu dira Alaia Martin Etxebeste eta Udane Ansa Iragorri, baina hitzek zein irudiek aurki-ifrentzuan kontatzen dutenaz gain, bien arteko konbinazioak adierazpide propioa eratzen du, eta irakurleak ohartu gabe egiten du bat eresiarekin.
Lanean 3 zati bereizi dituzte: nentorren, nabil, noa. Soka dantzarako gonbidapena: hartu eskutik, sartu zirimolan eta aski duzu estuago heltzea berriz atera nahi baduzu. Bertze modu batera erranik, hasieran ordena dago, galderez betetako orriek orekari eusten diote: «Noiz hasi nintzen ispiluari iritzia eskatzen?»; batzuetan umore beltz eta guzti: «Zergatik egin zuen ileak nire buruaz beste?». Gero, kaosa dator, baina badago forma baten promesa ikusmira luzean «Arnasak ez du ito nahi... Nahiz itsasoa zoratu, nola dago balea hain lasai?». Akaberan irudiek zein hitzek galdekatzen gaituzte, itxuraz hasmentan bezala, baina ez da inondik inora berbera, elkarri neurria hartu diote bulkadek: «Zer da zailago, amets bat bete edo amets bat hustea?».
Gorputza oso presente dago, baita izadiarekiko harremana ere. Hala ere, emozioak dira protagonista. Alde horretatik, Maite Mutuberriak “Lohia” liburuan egin zuen lan bikaina ekarri dit gogora. Dena den, egiazki liluragarria dena koloreek kontatzen dutena da. CMYK kolore sisteman, hots kolore primarioen hizkuntzan dago kontatuta. Urdinetik abiatzen da, kolore hotzak lagun, eta bigarren atalean sartzen da horia, orrialdeak aldez alde epeltzen saiatzen ari den argia. Hirugarren atalean, eraldaketa magentari zor diogu. Gainera, teloia bera ere txertatu digute orri artean, trantsizioa fisikoa izan dadin.
Ez da ohiko liburua, gertakarien ordez sentipenak irudikatzen direlako, baina hori baino humanoagorik! Horrez gain, hizkuntza aunitzetan dago emana, harilkatuta baitaude hitzak, koloreak, formak eta musika, denak joan-etorriko bidean lagun. Funtsean, obrak denbora oparitzen dio irakurleari, hortaz da oparitan emateko ezin aproposagoa, eta iraun egiten du gero. Zirkulu bat marrazten digu, hetsi hurren dagoelarik, espiralerantz garamatzana.



