Baum etxea
XX. mende amaierako arkitektura esperimentalaren barruan azterketa berezia merezi duen kasua da, egituraren, teknikaren eta prozesu naturalen arteko harremanak modu integratuan arakatzen baititu. Eboluzioan dagoen organismotzat hartuta, proiektuak erabilera mistoak eta eraikuntza sistemak artikulatzen ditu, gizakiak eta gainontzekoak batera bizi ahal izateko. Baum hitzak «zuhaitz» esan nahi du.

Baumhaus proiektua, Darmstadt hirian Ot Hoffmann arkitektoak garatua, naturaren eta etxebizitzaren arteko harremana berriro definitzea helburu izan zuten ikerketa arkitektoniko esanguratsuetako bat da. Erabilera mistoko eraikin batean egindako esku hartze puntual gisa pentsatua, proiektuak sistema begetal konplexu bat gainjartzea proposatzen du lehendik dagoen hiri egituran, landare bizitzak intentsiboki kolonizatutako arkitektura baten aukera tekniko eta espazialak aztertzeko.
Proiektuaren testuingurua gerraosteko hazkunde ekonomikotik eratorritako lurralde eraldaketa sakonek baldintzatu zuten. Etxebizitza kolektiboaren hedapenak, hiri sakabanaketak eta bide azpiegituren garapenak modu nabarmenean aldatu zituen eraikitako ingurunearen eta sistema naturalen arteko harremanak. Hirurogeiko hamarkadaren amaieran, gauzatzen ari zen eredua zenbait diziplina esparrutatik zalantzan jartzen hasi zen, orduko beste gertakariak ere kontuan hartuta, hala nola 1968ko mugimendu sozialak eta 1973ko krisi energetikoa. Testuinguru horretan, baliabideen kontsumoari, giza eskalari eta ziko naturalak diseinuan integratzeari buruzko gogoeta kritikoa barneratu zuten jardun arkitektonikoak sortu ziren.
Hoffmann pentsamendu korronte horren barnean kokatzen zen, Alemaniako abangoardia ekologikoarekin hurbiltasun nabaria duen arren; haren hurbilketa izaera pertsonal eta esperimentala izateagatik bereizten zen. Baumhausa planteamendu zabalago baten barnean pentsatu zen, gauzatu ez zena, eta, azkenean, esku hartze autonomo gisa hezurmamitu zen. Eraikinak hasieran izan zuen harrera anbibalentea izan zen. Hormigoi armatua material nagusitzat erabiltzeak arbuioa sortu zuen inguruko biztanleen artean, baina landaredia hedatzearekin batera, eraikinaren pertzepzio publikoa apurka-apurka aldatzen joan zen, arkitekturaren eta prozesu naturalen arteko integrazioaren tokiko erreferentzia bilakatu arte.

Eraikina zortzi solairutan antolatzen da, eta erabilera mistoko programa hartzen du bere barnean, espazio kulturalak, profesionalak eta bizitegi erabilerak uztartzen dituena. Beheko solairuetan galeria bat, diseinu bulegoak eta arkitektura estudio bat kokatzen dira, eta goiko hiru solairuetan, berriz, arkitektoaren etxebizitza dago, igerileku batez, sauna batez eta lorategidun terraza batez hornitua. Egiturak hormigoi armatuzko portikoen eta karga hormen sistema konbinatuari erantzuten dio, eta horrek barne antolamendu malgua ahalbidetzen du, egitura nukleo finko baten inguruan artikulatua. Antolaketa horrek oinplano askeko eredu modernoetara jotzen du, eta eguneroko funtzioen banaketa modularra sustatzen du.
Lorategiaren azalera 200 metro karratukoa da, batez beste, eta substratuaren lodierak 25 eta 40 zentimetro artekoak dira. Sistema begetalaren diseinuak ez dio aurrez zehaztutako inolako landaketa eskemari jarraitzen; aitzitik, prozesu ireki baten emaitza da, non hasierako landaketa agente naturalek garraiatutako espezieen kolonizazio espontaneoarekin osatzen den. Proiektuak zuhaitz apaingarriak eta fruitu arbolak, zuhaixkak, baratzeak eta estalki begetalak integratzen ditu, eraikinaren mailetan garatzen den estratifikazio ekologikoa sortzeko.

Uraren kudeaketa eraikinaren alderdi tekniko nagusietakoa da. Jatorrizko sistema terrazetan kokatutako atxikipen deposituen bidez euri urak biltzean oinarritzen da, azalera begetalak ureztatzeko helburuarekin. Etxebizitzan sortzen diren ur grisak bildu eta estalkiraino ponpatzen dira, bertan azaleko putzuen bidez iragaziak izan daitezen. Estalkien iragazgaiztasuna hormigoiaren kalitateari soilik egozten zaio, eta, era berean, materiala da lur geruza horiek egonkortasunez eustea ahalbidetzen duena, bertan bizitza begetala zein bestelakoak garatzea eta iraunaraztea posible egiteko.
Etxebizitza konbentzionala baino, Baumhausa hiri sistemen eta prozesu naturalen arteko elkarbizitza esperimentalki aztertzen duen azpiegitura gisa interpreta daiteke. Landarediaren kolonizazio progresiboak arkitektura bizitza forma anitz hartzeko gai den sistema hibrido bilakatzen du. Ziklo naturalen integrazioak arkitektura jasangarriari eta metabolismo urbanoari buruzko eztabaidak plazaratu zituen, eta gaur egun zentralak diren gaiak iragarri. Ikuspegi horretatik, hiriaren, giza bizilekuaren eta gainontzeko bizidunen arteko harreman orekatuago batera bideratutako arkitekturaren mugei eta aukerei buruzko ikerketa da proiektua.



