Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
CHALLENGER TRANSBORDADOREAREN HONDAMENDIAK 40 URTE

Challenger: 73 segundo, historian sartu eta memorian betikotzeko

Challenger transbordadoreko zazpi astronautako tripulazioa eztanda itzel baten ondorioz hil zen, duela 40 urte, munduko milaka milioi telebista-ikusleren aurrean. 1980ko hamarkadako irudi ikoniko eta gertakari esanguratsuenetako horrek aztarna sakona eta herrialde oso bat shock egoeran utzi zuen. Eta ekidin zitekeen neurrian, espazioko lasterketa markatu zuen.

(Getty Images)
(Getty Images)

Gaizki baino okerrago atera zen dena. Eta zorigaitza hondamendia baino txarragoa izan zen. Ia-ia 73 segundo iraun zuen. Denbora-tarte labur horretan, lasterketa espazialaren historian begi-kliska bat den horretan, balentria izan behar zuena desegin egin zen milaka lekukoren eta milioika ikusleren begien aurrean. NASAren harrotasuna, agentzia espazial estatubatuarraren bandera-ontzia, espazio-ontzien «zamaberea», artifizio pirotekniko bat bezala lehertuta desintegratu zen eta bertan zihoazen zazpi astronautak hil ziren.

Benetan hunkigarriak izan ziren irudiak: telebistaz zazpi pertsona haien heriotza ematen, milioka estatubatuar zuzenean ikusten. Eta, agian, arraroagoa da 40 urte geroago AEBren irudi seguruarekin bat zetorren «amets amerikarra» nola desintegratu zen berrikustea. Hondamen handiak, telebistaz ematen direnak batez ere, erretinan eta burmuinean grabatuta geratzen dira. Hala, 1980ko hamarkadan telebistan informazioa ikusten genuenok Challengerarenak zirraratuta utzi gintuen. Pentsa, estatubatuarrak! J.F. Kennedy presidentearen hilketaren eta irailaren 11ko atentatuen parekoa izan zen haientzat, eta milioika traumatizatu zituen. Bestalde, gogoratu beharra dago 1986an Gerra Hotzaren lerro banatzailearen bi aldeetan bi jazoera katastrofiko gertatu zirela: urtarrilaren 28an, aireratu eta 73 segundora Challengera deuseztatu zuen leherketa; eta hiru hilabete geroago, apirilaren 26an, Txernobylgo istripu latza; erreaktore nuklearraren fusioak laino erradioaktibo bat zabaldu zuen Europaren eta Sobietar Batasuna zenaren zeruan.

IKUSMIN PUBLIKOTIK NEGAR ETSIRA

Iragan mendeko irudi nabarmenetakoa izan zen, ikonikoenetakoa. Garai bat definitzen duen hondamendi telebisatua. Nolabait, inozentziaren amaiera ere izan zen, teknologia bat arrakastatsua izateko errealitateak harreman publikoen gainetik egon behar duela erakutsi baitzuen, natura ezin dela engainatu. Goi mailako teknologiaz zer espero dugun pentsatzeko gonbidapena izan zen, nahiz eta zaila den gure egungo delirioek zazpi astronauten heriotza haien prismarekin filtratzea.

Duela 40 urte, 1986ko urtarrilaren 28an, goizeko 11.38an, Challenger transbordadorea eta, hizkera tekniko kriptikoaren arabera STS-51-L,3 misioa, betirako galdu ziren. Komunikaziorako bi satelite orbitan jarri behar zituzten, beste sateliteen eta lurreko kontrolaren arteko lotura egiteko. Hirugarren bat ere orbitaratu behar zen, Halley kometaren ibilerak aztertzeko. Challengerek, baina, bazuen bestelako misio bat, sinbolikoagoa, kuttunagoa. Bere zazpi tripulatzaileetako batek, Christa McAuliffe irakasleak, espaziotik historiako lehen eskola emateko ardura zuen.

Challenger-eko tripulazioa. Aurrean, eserita, ezkerretik hasita, Mike Smith, Dick Scobee eta Ron McNair. Atzean, zutik, Ellison Onizuka, Christa McAuliffe («Espazioko irakaslea»), Greg Jarvis eta Judith Resnik. (Getty Images)

Ez zen astronauta profesionala, baina astronauta profesional baten eskakizun eta zorroztasun berberarekin entrenatu zen: gerra-hegazkinetan hegan eginez, zero grabitatean entrenatuz eta misio bateko zama erabilgarria maneiatzeko tekniketan. New Hampshireko institutu bateko irakaslea zen, “Irakasleak Espazioan” NASAren programan izena eman zuten 11.000 irakasleen artean aukeratua. NASAko tripulazio batean parte hartu zuen lehen pertsona zibila zen; Newtonen legeekin, mikrograbitatearekin eta magnetismoarekin esperimentuak egin behar zituen, filmatu, eta gero material didaktiko gisa erabili, espaziotik 15 minutuko bi klase emateko. Ikusmin itzela piztu zuen horrek guztiak, bai komunikabideetan, baita gizartean ere.

Bidaia sei egun eta erdi irautekoa zen eta jaurtiketa urtarrilaren 22rako aurreikusita zegoen, baina arazo tekniko batzuk zirela kausa, urtarrilaren 28ra atzeratu zuten. Hainbat ingeniarik ohartarazi zuten aurreko gauean izandako tenperatura oso baxuek (-13 °C) eta jaurtiketa eguneko tenperaturek (-2,2 °C eta -1,7 °C artekoek) izan zitzaketen «balizko efektu kaltegarrien» inguruan, baina misioak aurrera egin zuen, «goitik» hala aginduta.

Floridako Cañaveral lurmuturreko Gune Espazialean, AEBren amets estelarren sehaskan, astronauten senideak palko berezi batean jarri zituzten. CNNk transmititu zuen seinalea nazioarteko kateentzat. Challenger aireratu baino bi minutu lehenago hasi zen emanaldia, NASAko off-eko ahotsaren atzerako kontaketarekin, eta hotzagatik aireratzeak zituen zailtasunak aipatuz. Ezusteak eta ezinegonak harrapatu zituen esatariak, eta desintegrazioa ikusten ari zirela, isiltasunak hartu zuen katearen atmosfera.

Lurra utzi eta 73 segundora, Challengera airean 15.000 metrora suntsitu zen, bertaratuen eta milioika ikusleren izu-ikara aurpegien aurrean. NASAko bozgorailuetan kontrol-ahotsak gertatu zena iragarri ondoren, harridura hura negar etsia bilakatu zen. McAuliffe irakaslea eta beste sei astronautak kabina barruan hil ziren, ozeanoaren hondoan amaitu zen ia hiru minutuko bidaian, heriotza ziurrera amiltzen zirela ere bizitzaren alde borrokatu zen ia hiru minutu dramatikoetan.

Cañaveral lurmuturrean senideek palko batetik eta milaka bisitarik bertatik bertara ikusi zuten istripua. (Corbis)
HUTSEGITEA, AKATS TEKNIKOA, KLIMA

Adituen ustez, hiru kausa posible zeuden: giza hutsegitea, akats teknikoa eta klima gaiztoa. Hirurak gertatu ziren. Ingeniariek abisatu zuten: tenperatura hotzek erregai-deposituaren junturen funtzionamendua aldaraz zezaketen. Baina, gerora jakin zenez, NASAren presioaren ondoren, amore eman eta aireratzea baimendu zuten. Horra giza hutsegitea. Eta halaxe gertatu zen; Floridako negu goxo samarretan hotz handiko egunak izan ziren, eta hotzak junturak pitzatu zituen. Junturek huts egin zuten, elastikotasuna galdu eta airean kolapsatuz. Horra akats teknikoa.

Challengeren, halako aluminiozko eta altzairuzko munstroan, espazioaren konkistarako puntako elementu teknikoak izanda, gomazko juntura batek kale egitea, ironikoa ez ezik, zitala ere bada. Juntura torikoak -torikoa, forma geometrikoagatik-, edo ingelesez «O-Ring» eraztunak, orokorrean, altzairuarekin indartutako gomazko eraztunak dira, fluxu edo likidoak besteekin, edo ezerekin, ez nahastea ziurtatu behar dute. Challengereko juntura torikoek ontziari itsatsitako eta hidrogeno likidoz beteriko bi «arkatz» erraldoi -45 metroko altuerakoak eta hiru eta erdiko diametrokoak; kanpoko erregai-depositu boteretsuak, alegia- zigilatu eta estanko mantendu behar zituzten.

Aireratzean, eskuineko abiarazletik ke beltza irteten hasi zen: bi segundoan bederatzi aldiz. Suziria piztu zenean, Challengerak metro bat zabuka egin zuen, eta mugimendu bakoitzean ke beltza ateratzen zen: ihesa zeukan. Aireratu eta 58 segundora, haize korronte indartsu bat pasatu eta ontziaren ezegonkortasuna areagotu zen. Horrek juntura torikoak are gehiago zabaldu, ke beltza suzko zutabe bihurtu eta Challengeraren kanpoko erregai-depositua erre zuen. Handik gutxira dena suzko bola erraldoi bat zen, oraindik igotzen ari zena, 73. segundoan dena lehertu eta ontzia erabat deuseztatu zen arte.

Desintegratu ez zen bakarra astronauten kabina izan zen. Balistikaren legeei jarraituz, zeruan gora, ia hogei kilometrora, gasen lainotik atera zen. Bere zazpi tripulatzaileak, hiru minutu iraun zuen jaitsiera zorabiagarri eta hilgarrian, Atlantikora erori eta hil ziren.

Aireratu eta 73 segundora, Challengera milioika telebista- ikusleren izu-ikararen aurrean desintegratu zen unea. (Getty Images)

EKIDIN ZITEKEEN HONDAMENDIA

Historia triste honetan tristeena da ekidin zitekeela. NASAren nolabaiteko harrokeria egon zen; arriskutsua da proiektu onenak ere lurperatzen dituen hutsezintasun horretan itsu-itsuan sinestea. Bazen beste faktore bat ere: Reagan presidentea gau hartan estatuaren batasunaren egoeraren gaineko hitzaldia ematekoa zela, eta paparra puztu nahi zuela.

Hondamendiaren froga forentseek amesgaizto bat erakusten zuten; AEBren handitasunaren mitoa faltsua zela. Eztanda eragin zuten akatsak aztertzean, harropuzkeriaren kulturaren erdian, gaitasun eza eta arduragabekeria ikus daitezke hutsezina zela uste zuen agentzian. NASAk zabaltzen zuen ideiaren arabera, Challengerean bidaiatzea ia bidaia komertzial baten parekoa zen arren, jaurtiketa bakoitza proba hegaldi bat zen, eta, beraz, oso arriskutsua. Eta bitartean, suziri propultsatzaileen ardura zuten ingeniariek alerta ugariren seinaleak eman zituzten arren, ez zituzten kontuan hartu. Ronald Reagan presidenteak emanda zuelako agindua: «NASA ez lotsarazi». Bere apustu politikoa argia zen: «Ametsak egia bihurtzea».

Kronograma bete behar zen kosta ahala kosta, Kongresuak emandako milaka milioi dolarrak justifikatu behar zirelako. NASAk alertei entzungor egin zien. Pentsa, ingeniari nagusi batek propultsatzaileen ziurtasunaren inguruko zalantzak agertu zituenean, bere arduradunak hau esan zion: «Ingeniariaren kapela kendu eta gerentearena jartzeko ordua da». Pertsonak hil ziren, bai, baina, nonbait, hori da aurrerabidearen ordaina.

Dena zegoen aurreikusita: Challengeraren arrakastak indartu behar zuen NASAk gure aspirazioen muga berrietara modu ziur eta efizientean gu garraiatzeko konfiantza eta fedea. Bat-batean, porrotaren kommozioarekin, zalantzek gain hartu zuten, eta ez soilik espazio-ontzien eta NASAren legendazko gaitasunaren inguruan.

AEB, Challenger transbordadoreen programa alboratu, eta errusiarren Soyuz espazio-ontziak kontratatzen hasi zen. Hori izan zen beste ondorioetako bat. Aipatu behar da, egun, NASAren helburu nagusia 2030eko hamarkadan jendea Martera eramatea dela, eta, hartara, Ilargiaren orbitan asteroide bat harrapatzea, misiorako nolabaiteko tranpolin bilakatzeko. Challengeraren hondamendia gogorarazpen bat ere bada: espazio-bidaia, berez, beti dela proposamen zail eta arriskutsua.