Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Gogoaren apetak

Ez nuen inoiz pentsatuko Julio Iglesiasi buruz idatziko nuenik hemen. Aitortzen dut Whatsappeko emotikono moduan erabili izan dudala; badakizue, “y lo sabes” sonatuaren grazia erraz hori... Denok daukagu zertaz lotsatu.

Patetikoa iruditu zait beti pertsonaia. Ez naiz fio aurpegia laranjaz makillatzen duten gizon boteretsuekin. Eta, gauzak nola diren, makillaje esajeratua maite duten eta zimurrekin borrokan bizi diren gizon boteretsu horiei neska gazteak gustatzen zaizkie. Zenbat eta zaharrago haiek, orduan eta gazteagoak inguruan dituzten emakumeak. Titietako eta ipurdiko haragiaren tenkatasuna neurtzen diete kontratatu baino lehen. Higuina ematen didate. Zenbat eta helduago ni, orduan eta okerrago daramat. «Bertin Osborneren ilusio berria, 28 urteko emakume brasildar bat» irakurri eta botaka egiteko gogoa sortzen zait. Eta berdin Trump ikusten dudanean neskato nerabe bat bere izter gainean eserita duela. Nazka infinitua.

Ez nau harritu Iglesiasen eraso sexualen berri jakiteak. Ez dakit norbait harritu ote den. Horren harira sortu diren eztabaidek ere ez naute harritu; gogaitu, dezente. Espainiartasunaren eta gizontasunaren erreferentzia gorena da Julio Iglesias. Zer espero zitekeen? Gizontasuna eta boterea binomioak zein forma hartzen dituen gauza jakinegia da. Gizon boteretsuek gehiegitan norbait zapaltzen dute; askotan inguruan dituzten emakumeak. Eta pobreak eta arrazializatuak badira, herra bereziz.

Baina akordatu naiz zaharren egoitzetan lan egiten duten emakumeekin. Gorputzak eta buruak zimelduta izan arren, gizontasunaren grina hori ezin gobernatu ibiltzen dira gizon asko. Esku zimurtu zikinak zaintzen dituzten emakumeen ipurdietan pausatu nahian; arreta haien bularretan jarriz; ipurdiak garbitzen dizkieten bitartean lizunkeriak esanez... Eta etxeko zaintzan aritzen diren emakume askok ere badakite zertaz ari naizen. Benetan aztoratzen nauena, Julio Iglesiasek adina botere eta diru izanez gero, gizonkote askok egingo luketena imajinatzea da. Zeren gainean dago eraikia gizontasun klase hori? Gizontasun supremazista eta toxiko horren zimenduetan dago xomorroa.

Izan ere, imajinatu ezazu sekulako boterea daukazula, gogoak agintzen dizuna egin dezakezula. Zer iradokitzen dizu gogoak? Norbait bere borondatearen kontra behartzea? Norbait bortxatzea? Gogo horren eraikuntzan dago gakoa. Maskulinitate klase hori erauzi behar da bai ala bai, errotik.