Ontzi bat hondatutakoan itsasoan, ez zen berehala jakiten nortzuk ziren galdutako marinelak eta zeintzuk geratu ziren bizirik. Angustia orduak edo egunak izaten ziren etxekoentzat.
Halakoak izango ziren Bayo itsasontziaren galeraren berria jaso ondorengo 1916ko urtarrilekoak, Algortan, Jesus Azkuneren etxekoentzat eta lagunentzat.
TELEGRAMA
Bayo ontziaren jabeek esperantza omen zuten marinelak (marinel batzuk behintzat) bizirik aterako zirela, zamaontzia hondatu zen partean itsasoa ez delako hain sakona (zortzi kana inguru) eta eguna ja zabalduta zegoelako.
Oso kezkaturik pasatu zuten larunbata eta igandea, harik eta Jesusen telegrama heldu zen arte. Testua laburra zen:
«A salvo en hospital. No tengan inquietud. La Rochelle, 14- 16.45».
Bai poza portu zaharrean, familiaren etxe aurrean. Gurasoak, urduri oraindik, baina biziberriturik. Frantziara joateko esan zion amak beste semeari. Manuk bendaz estalirik topatu zuen Jesus ospitalean.
Ez zuten askok suerte hori izan. «Ez dira agertzen» tituluarekin azaldu zuen Kirikiñok hilaren 18ko “Euzkadi”-n naufrago bat baino ez zela azaldu, beste inor ez:
«Ontzi jabearen etxean be ez dabe hartu barririk, Azkune algortatarren telegramea baino. Hauxe da Arroxelako ontzi arrantzaleak itsasoan bizirik harrapau ebana. Huri artako Gaixotegian dagoana».
1910, DANTE
Itsasoan hara eta hona hasirik, Nautika Eskolatik irten eta Jesus Azkune laster bideratu zen nabigaziora. Behin 21 urte zituela, kontatzekoa gertatu zitzaion Buenos Aireseko portuan, ontziaren karelean lasai zegoela.
Sei urteko umetxo bat nasan alde batetik bestera arineketan. Parean ikusten zuen nasaren ertzean jolasten. Ez zen bakarra eta, handiago batekin estropezu eginda, derrepentean, goitik behera erori da uretara. Bertatik bertara ikusita umea jausten, umea iruditu zaio behintzat, eta ikusita han behean draga bat borborka, karramarroa lez, portua garbitzen, irensteko moduan umea. Jesusek besterik pentsatu gabe saltatu du uretara.
Erraza izan da umetxoa jagon eta ateratzea, Manuk soka bat bota diolako. Jesus eta Manuelek ume bustia gurasoen etxera daramate. Umearen aita eta ama zeuden etxean:
«¡Dante, bésalo! -dio umearen aitak- ¡Es tu segundo padre, te ha salvado la vida!»
Dante Plastini deitzen da sei urteko ume hori, Jesus gazteari musu eman diona bigarren aita balitz bezala. Mende erdi geroago, ume hori akordatuko da bera itotzetik salbatu zuten bi mutilek etxera eraman zutela, eta euskaraz egon zirela bere amarekin hizketan («hablando en vasco con mi querida madrecita»), Danteren aita italianoa eta ama euskalduna baitziren, eta mutil haiek etxean ume bustiarekin edukitzea poz itzela izan zela bere amarentzat («mi madrecita, la vasquita diminuta que tanto me quería»).
Dante Plastini ja helduak, 1961eko otsailean, esker gutun bat idatziko zion Jesusi, Juan de Aranoa pintoreak (Telesforo Monzonen “Urrundik” poema liburuaren ilustratzaileak, eta besterena) eskura ekarri ziona.
Buenos Aireseko dikeak, XX. mendearen hasieran.
1916, BAYO
Lehen Gerra Handia lehertu zenetik, Bizkaiko zamaontziek lan gehiago zuten, eta arriskutsuagoa. Jesus Azkune lehenengo ofiziala zen Bayo izeneko zamaontzian.
1916ko urtarrilaren 13an Huelvatik Arroxelara zihoazen, ja helburura hurbiltzen. Goizeko zortziak aldera, ustekabean, mina bat jo eta hondatu zen ontzia. Jesus kubiertan zegoen, kolpe itzela hartu zuen aurpegian, eta ontzia urpera zihoala, txanel bat lortu zuen askatzea…
“The New York Times”-ek, urtarrilaren 17an informatu zuen:
«LA ROCHELLE, France, Jan. 16.-
News of the sinking of the Spanish steamer Bayo by a floating mine near Oleron Island on Thursday was brought here yesterday by a sailor named Pilolo, the sole survivor of the crew of twenty-six. He was picked up by the schooner Arvoris off the Isle of Groix, badly wounded.
According to Pilolo, the Bayo, a vessel of 1,793 tons, was on its way from Huelva, Spain, to La Rochelle with a cargo of pyrites when the mine was struck…».
Jesus Azkune izan zen 26 marineletatik bizirik geratu zen bakarra. Bayo SS baporea Huelvatik Arroxelara omen zihoan pirita kargarekin ostegunean goizean, zortziak aldera, mina bat lehertu eta urperatu zenean. Arrantza ontzi batek jaso zuen naufragoa, oso zauriturik, eta Arroxelara eraman zuten, Saint Louis ospitalera. «Pilolo» deitzen dio “The New York Times”-ek, «piloto» zela esango zuen Jesusek beharbada, eta horregatik Pilolo deitura oker hori.
Urtarrilaren 19ko “L’Écho Rochelais” kazetan, beste itsasontzi hondatu batzuen berri ematen zen: «Bateaux coulés par des mines».
Manu anaia joan zitzaion bila Arroxelako ospitalera. Jesusek, Bilbora itzuli zenean, ontzi lagun guztien hiletan egon behar izan zuen. Bizirik geratu zen bakarra zen.
1918, MERCEDES
Itsasoko gerrak ez zuen pausarik izan, makina bat izan ziren ontzi galduak. Ontzi jabeen irabaziak ere itzelak ziren, gauzak orekatzeko-edo.
Jesus laster sendatu eta itzuli zen itsasora, nora bestela, Bilboko R.O. Artiñano konpainiako Mercedes baporean. SS Mercedes hau 2.164 tonakoa zen, West Hartlepooleko ontzioletan eraikia 1887an. Jabe ingelesak izan zituen, harik eta 1906an bilbotarrak jabetu arte. Izen diferenteak izan zituen, azkenak: SS Uriarte 5, SS Begoña, SS Patricio. 1918an, Ricardo Ortiz de Artiñanok erosi eta berrizendatu zuen SS Mercedes. Minerala garraiatzen zuen ontzi zahar horrek Bilbotik Cardiffera.
1918ko urriaren 4an, Pasaia parean (43° 25'N, 1° 59'W), torpedoz jo zuen, ustekabean, U-91 urpekari aleman batek. Jesus zubian zegoen, kamarero bat kafearekin etorri zitzaion momentuan. Jesusek ikusi egin zuen torpedoa. Orduko torpedoek ubera edo burbuila lorratza egiten zuten, eta ikusi zuen torpedoa etortzen uretan; eta kamareroa ere katilu kafearekin etortzen beste aldetik.
Zamaontzia urpera joan zen. 26ko eskifaiatik bi baino ez zirela salbatu kontatu da batzuetan, Jesus Azkune, pilotua, eta kafea zekarkion mutila. Beste kontakizun batzuen arabera, ez zen bajarik izan. U-91 hura urpetik azaldu eta alemanek jagon zituzten ontzi gabe geratutako marinelak. Txalupak zituzten Donostia alderantz joateko. Hala ere, badirudi Jesusek urpekarian egon behar izan zuela egun batzuetan, eta gero libre utzi zuten.
SS Mercedes hondatu zuen U-91 urpekari hark hamasei torpedo jaurtitzeko ahalmena zuen, eta 51 bat itsasontzi urperatu zituen gerra denboran. Urpekariko komandantea Alfred von Glasenapp zen. Beste Nikolaus zu Dohna-Schlodien bat: Öls-eko silesiarra (Silesia Polonia da gaur egun), militar prusianoa, gerra merituengatik askotan kondekoratua.
«Naufragoak» (Aurelio Arteta, 1930). Sota y Aznar ontzi-enpresaren SS Algorta baporearen galeran inspiraturiko koadroa. Submarino alemaniar batek torpedoz hondoratu zuen 1917ko urtarrilean. Eskifaiako bi kide hotzak hil ziren Bresteko kostaldean. Museo Reina Sofía
ALTURAKO PILOTUA
Jesus Azkune Markaida 1888an jaioa zen Algortan. Aita karlistadan Gipuzkoatik etorria, ama Gorlizkoa, Arrigunagako hondartzan zehar ibiliko zen umetan ortozik. 1900ean, 12 urteko umemokoa, kaira inguratu eta txo edo mutil txiki moduan hasi zen beharrean. Ez txikia ez handia, bizkar zabala eta azkarra, begi argikoa, irribarretsua. Pilotari moduan egin zen ezaguna Algortan eta inguruetan: «Algortarra» esaten zioten; «Algorteño». Nautika Eskola pasatu eta itsasoan ibili zen.
1910eko, 1916ko edota 1918ko sustoak gorabehera, Jesus Azkunek itsasoan jarraitu zuen, edo itsasbazterrean. Etxera itzultzen zen. Gorlizeko baserri batean zuen etxea, Ormaza. Han zeukan familia, ortua eta sustraiak. Baina bertan zeukan itsasoa ere.
Birmania eta Asiako uharteetan zehar, Afrikan eta bereziki Gineako kostaldean, zuhaitz enborrak garraiatzen zituen Manuel anaiarekin. Gabarra negozio batzuk antolatu zituen Fernando Poo aldean bazkide daniar batekin. Fernando Poo, inor ez da akordatzen baina probintzia espainola izan zen (Bioko deitzen da gaur egun). Kontinente aldean, ibaian ere nabigatzeko gauza ez zen ontzi bat jarri omen zuen martxan Río Beniton (Mbini edo Wele deitzen da ibaia gaur egun).
Pio Barojak nobelaren bateko protagonista moduan hartzeko asmoa izan zuela kontatu da. Barojak Jesus Azkuneren moldeko pertsonaiez populatu zituen eleberri batzuk: “Las inquietudes de Shanti Andía” (1911), “El laberinto de las sirenas” (1923), “Los pilotos de altura” (1929) edota “La estrella del capitán Chimista” (1930).
Beste gauza bat da ea Jesus Azkunek nahi zuen bere bizitza jendearen bistan ipini. Umetan ere, nahiago zuen hondartzan ortozik ibili eskolan denen aurrean zutitu eta leziorik azaldu baino. Telebistan behintzat ez zuen agertu nahi izan. TVEko “Esta es su vida” telebista programara eraman nahi izan zuten, eta ez zuen onartu. Ralph Edwardsen “This is your Life” programaren erreplika zen “Esta es su vida”, 1962ko urrian hasi eta 1968ko udara arte ikusi zen, eta beste ikustaldi bat laurogeiko hamarkadan: Federico Martin Bahamontesek, Benito Perojok, Antonio Mingotek, Camilo Jose Celak, Pastora Imperiok, Ricardo Zamorak, Pinito del Orok, Salvador Dalik eta enparauek desfilatu zuten pasarelatik. Jesus Azkunek ez zuen telebistan bere burua ikusi nahi izan. Libreago zebilen bakarrik itsasoko oroitzapenekin…
JESUSEN AZKEN BARKUA
Ertzilla dorretxea izan zen Jesusen azken ontzia. Haritzezko atea, burdinazko esku herdoilduarekin, beheko atea. Goiko leihotik, soka bat luzatzen omen zion bisitariari.
«Zahartuta nago ja ni eskaileretan behera eta gora ibiltzeko, igo zeuek…».
Giltza handia. Ate astuna. Lauza gastatuak. Eskailera erpina. Bisitaria argazki kamerarekin heltzen ikusita, esango zuen:
«Guapoagoa nintzen lehen, argazkiak ateratzen ez zirenean».
Litera bat dago ganbaran, itsasturien objektuak nahinon: sestantea itsasoaren altura neurtzeko, bitakora koadernoa gauzak apuntatzeko, bruxula handi bat, Gin botila, Karmengo Amabirgina fluoreszentea...
Ertzilla jauregiko leihotik, Bermeoko portua ikusten da, eta itsasoa:
«Antioju batzuk ditut barkuen joan-etorriak ikusteko…».
Museoa ofizialki 1949an inauguratu zen, abuztuaren 18an, eta “conservador honorario” titulua eman zioten Jesusi.
«Etxe zahar honi deitzen diot nik ‘neure azken itsasontzia’».
EPITAFIOA
Ondo hartzen omen zuen edozein bisitari, oso eskuzabala omen zen. Itsasora joan nahi zuten gazteei nautika klaseak ematen zizkien dohainik.
Denborak ez du onik ekartzen, “zahartzaroko dementzia” deitzen zenak (Alzheimer deitzen da beharbada gaur egun) kalte itzela egin zion hondarreko urteetan. Eta TVEn agertu gabe, “El Correo Español-El Pueblo Vasco”-n edo “Gaceta del Norte”-n famatu gabe, memoriarik idatzi gabe joan zen.
Idatzi, bere epitafioa utzi zuen oso ondo idatzita, Robert L. Stevenson airekoa eta hunkigarria, honela itzul daitekeena:
Kapitain zahar bat
datza hemen, hilobian,
gogo handirik gabe
sartu zen lurpean.
Hemendik beste norabait
joaten uzten badiote
Beste Munduko itsasoan
nabigatu nahi luke.
Itsasora itzultzeko
otoitz egitea komeni da:
fededuna bazara
errezatu Agur Maria.
Ez dakit inork errezatzen duen gaur egun «agur Maria, graziaz betea»-rik. Familiak ez zuen testu hori kanposantuan inskribatu, hilarrian idazteko luzeegia zelako.