Maialen Sobrino Lopez
LITERATURA

Zahartzea galtzen ikastea da

Bizitzari buruzko obra dugu gaur solasgai, Delphine de Vigan idazle ospetsuak 2019an sortu eta berriki Aiora Jaka itzultzaileak euskaraz birsortu duena. Hiru pertsonaia nagusi ditugu: Michka, zahartzaroan murgilduta dagoena; Marie, Michkak inoiz izan ez duen alaba; eta Jerôme, Michkaren ortofonista baino aunitzez ere gehiago. Dena den, bizitza da protagonista, gorazarre egiten baitzaio etengabe: «Gogoko dut adinaren lore-lorean nola zauden ikustea, baina zein da adin hori? Hogei urte? Hogeita hamar? Berrogei?».

Afasia batek jo du Michka eta burutik ahorako bidean hitzak galdu edo itxuraldatzen zaizkio. Frustrazioa eragiten dio erran nahi eta ezinak, doike, nahiz eta batzuetan itxuraldatutako hitza jatorrizkoa baino aproposagoa izan: «amets-aiztoak», «gausaria», «soinetakoak»… Haatik, arras argi solastatzen da geroz eta hurbilago duen heriotzaren inguruan: «[Kide baten heriotzaren inguruan] Zer nahi duzu esatea, zaharrak gara. Esana dizut lehenago ere… errealistikoak izan behar dugu. Gauzek ezin dute betiko iraun. Eta hobe horrela, egia esan. Ez da tristea, baina beldurra ematen du».

Marieri, ordea, izua eragiten diona zahartzea bera da, edo zahartzeari ezartzen diogun kondena: «Michka bisitatzera joaten naizenean, egoiliarrak aztertzen ditut. Zahar-zaharrak, erdi zaharrak, ez hain zaharrak. Eta, batzuetan, hauxe galdetzeko gogoa izaten dut: norbaitek laztantzen al zaituzte oraindik? Noiztik ez zaituzte ukitu beste norbaiten azalak?». Nonbait, ez da batere askatzailea elkarri lotuta egongo ez bagina bezala bizitzea, ezta zahartzaroan ere.

Jerômek deskubritzen du bizi dugunak bizitza baldintzatzen digula, nahiz eta batzuetan bizitza osoa joan horretaz ohartu orduko. Egoera jakinen aurrean, nahiz eta ohikoak izan, nahiz eta etorriko zirela jakin, jarraibide orriak paper bustia dira eta bertze nonbait bilatu behar dira heldulekuak. Ortofonistaren lanabesa da hizkuntza, baina gizatasunaren oinarri-oinarrian ere badago, are gehiago hitzok euskaraz irakurriz gero: «Borrokan jarraitu behar da. Hitzez hitz. Urratsez urrats. Bidean ezer utzi gabe. Ez silaba bat, ez kontsonante bat. Hizkuntzarik gabe, zer geratzen da?».

Fabula ederra da obra hau, duintasuna eta maitasuna gauza txikietan bilatzen duena. Iruditzen zait alegiak haurtzarora erbesteratu ditugula, ez dakit uste ote dugun heldu ahala kontakizunek ez digutela balio, baina liburu honek makur gaudela frogatzen du. Irakaspenez josita dago, bizitza bezala, batzuetan hondar orrialdera arte ez baikara ohartzen begi bistakoenaz, errazena baita egiten zailena: «Beti uste dugu badugula gauzak esateko denbora, eta bat-batean beranduegi da. Uste dugu nahikoa dela erakustea, keinu bidez adieraztea, baina ez da egia. Esan egin behar da».