Estepetako koreografoak
Batak basoilo handia («Otis tarda») du izena; besteak, basoilo txikia («Tetrax tetrax»). Bi espezieek sekulako koreografia egiten dute emeak erakartzeko. Horretarako, arrek ugaltze sasoian soinekorik ederrenak jazten dituzte.


Basoilo handia munduko hegazti hegalaririk pisutsuena da. Arrek hemezortzi kilo izan ditzakete. Estalaldia martxoaren erdialdean hasten da eta ekainera arte irauten du. “Errobera” esaten zaio hegazti hauen gorteatzeko moduari; lepoa harrotuz hasten da, emeak erakartzeko “lek” (kanta leku) batean. Arrek buztana altxatu eta bularra puzten dute. Ondoren, lepoa eta burua atzerantz eginda, hegaletako luma zuriak aurrerantz eramaten dituzte burua ia estaltzeraino. Urrutitik ikusita kotoi bola bat dirudite. Lumak astinduz, basoiloak harro-harro ibiltzen dira, gainerako arrak beldurtu nahian.

Zereal-soroetan egotea atsegin dute. Landarez eta ornogabez osatuta dago haien dieta. Noizean behin, ornodun txikiak ere jaten dituzte; karraskariak eta muskerrak, besteak beste. Neguan, lekaleak izaten dira haien elikadura-iturri nagusiak. Estalketaren ondoren, emeek bizpahiru arrautza erruten dituzte lurzoruko zulo txiki batean, eta han 21-28 egunez inkubatzen dituzte. Inkubazio-prozesu osoaz eta txitak zaintzeaz emeak arduratzen dira. Europan, Ipar Afrikan eta mendebaldeko Asian daude. Iberiar penintsula munduko lekurik onenetakoa da horiek ikusteko, baina ez daude batere egoera onean. Euskal Herrian oso gutxi gelditzen dira: Nafarroako hegoaldean eta neguan ikusi izan dituzte.

Basoilo txikia hegazti isila bada ere, gorteatze erakustaldian arrak dantza ikusgarri batean “prreet” labur eta lehor bereizgarriak etengabe errepikatzen ditu, jauzi txikiak, gora eta behera, egin bitartean. Basoilo txikiaren arra ugaltze garaian eraldatzen da. Lepoa beltzez tindatzen zaio marra zuriekin. Bularrak ere zuri kolorea hartzen du, burua grisaxka, eta horrek arra nahasezin egiten du . Txori egoiliarra da, hau da, urte osoan bizi da Iberiar penintsulan, baina neguan nahiago izaten ditu Espainiako hegoaldeko eremu epelagoak. Tamainari dagokionez, sexuen artean ez dago alde handirik, baina ugaltze garaitik kanpo zailagoa da arra eta emea bereiztea; biek bizkarrean lumaje marroi fin-fina eta sabelaldeko atal zuriak dituzte. Basoilo txikia batez ere lehorreko zereal-laboreak edo larre zabalak dituzten nekazaritza-eremu irekietan bizi da. Basoilo txikiaren dieta asko aldatzen da urtaroaren arabera; udaberrian eta udan intsektujalea delarik ere, udazkenean eta neguan barazkijalea izaten da.

1980ko hamarraldira arte basoilo txikia ia Nafarroa hegoaldearen erdi osoan hedatzen zen, baina egun Lizarrako lurraldeko, Tafallako eta Bardeako lautadako herri gutxi batzuetan baino ez da ikusten ohi.





