Garazi Albizua
IRITZIA

Etzaulkia hartuta

Gogoko dut mitologia, eta, modan dago, gainera. Pelikulek eta erreferentziek egunerokoa janzten dute, eguna epikoa bihurtuz. Erronkak bilatzen ditut bizi-xede balira bezala, edo, behintzat, lan-xede moduan: hainbat testu bukatu data zehatz bat baino lehen, aurkeztu proiektu bat beka batera, amaitu zenbait irakurketa aste honetan bertan.

Gerora, lortuz gero, bidean dauden oztopoak gaindituz gero, heroiaren izate langileari eutsiz gero, agendako zerrendatik marratuko ditut, lortu izanaren poz handiaz.

Kontua da, batzuetan, ez beti, baina azken garaian gehiago, mitologiaren kontu honek esku artetik ihes egiten didala. Eta epopeiak, sirenen kantuak eta sorginkeriak edonon ikusten ditudala. Izan ere, hauek guztiek badute bakea ematen duten zerbait: ezaugarri sorta ezaguna. Badira borrokak. Jainkoak. Ordena. Bete beharreko arau sinpleak. Oro har, zelan jokatu azaltzen duen gida bat. Bada, sirenen kantuak dira, hain zuzen, egunotan entzuten ari naizenak. Propietatearen distirarekin tentatzen gaituzte: zatoz, etorri, hartu zuretzat zatitxo hau! Izan zaitez lur eremu honen nagusia!

Ni saiatzen naiz ez entzuten; mastilera gogor lotzeko eskatzen diot familiari. Izan ere, sirenek euren erreinura erakartzen gaituztenean, agindutakoa emateaz gain, bizitza bera xurgatzen digute. Zentzu horretan, hipotekek ere badute sirenen kantutik. Aitortu bezala, obsesionatuta nago antzekotasunak hor edo hemen topatzearekin. Oporretan, diferente egingo nuela sinetsita nengoen, mitologiaren afera lanaren kargak sortutako obsesio bat zelakoan.

Bada, bero olatu erraldoiak jota geunden momentu horretan, kanpineko igerileku ez oso handira gindoazen arratsaldean, eskuoihalak non utzi bilatzen ari ginenean, sirenen kantuen ondorio bortitzez jabetu nintzen: etzaulkiak hartuta zeuden. Hainbat pertsonak toallaren bat edo kapazu hutsen bat utzi zuten lekua, etzaulki publikoa, eurentzat aldarrikatuz. Baina pertsonak ez ziren hor, sirenek bazkatuko zituzten! Bizidun arrasto oro garbituta. Propietatearen kantuaren xarmak liluratuta eurenak egin zuen, gizagaixoak!

Larri hasi nintzaion mitoaren inguruan bikotekideari, berak alaba lasaitzen zuen bitartean, izan ere, ez zuen ulertzen, zergatik ezin zuen uretan sartu, zergatik lortu behar genuen toki bat gauzak uzteko. Ez dakit beroak, alabaren urgentziak edo sinpleki haserreak gogaitu zuen bikotekidea, baina nahiko argi esan zuen sarkasmoa ez zela konponbidea.

Ados naiz.