Zenbat aldiz hasi liteke berriz?

Bizitza itxurakeriaren ikuskizun bihurtu nuen ezezagunak lilura-tu nahian, edo. Engainatu nahian. Egun bat, beste bat... Itsumustuka bizitzen purpurinazko utopiak desira nituen bitartean.
Amestutako distira hori egunerokotasunean goibeltzen zen, ordea. Goizero zin eginarazten nion nire buruari aukerarik izatean, txirotasun nazkagarri hura atzean utziko nuela.
Orain aitortzen dut like baten truke gero eta mami gehiago saldu behar zuen neska inozo bat besterik ez nintzela. Haragi goseak alfa arrak erakarri ahala gertatu zen. Pitinka.
Horrela aurkitu nuen Leo. Behar nuen guztia zeukan, adonis hutsa. Haratagoko mundu erosoagoa bistara ekarri zidan lehen maitasun ezezagun hark. Berarentzat bizi nintzen. Zoriontsua nintzen, inoiz ez bezala, eta tinko eutsi nahi nion nire izarlokari. Barneko zirrikitu ezkutuenean, orekari buruzko zalantza aitorrezinari eutsiz aldi berean.
Lanpostu batek hasiera berri bat eskaini zigun. Ametsak hegazkineratzean, azken orduko diru kontu bati nire aurrezkiekin egin nion aurre.
Egoera bestelakoa izan zen lurreratzean: oparotasunaren mundu erakargarri berri hark berezko arauak zituen eta ohartzerako, amarruaren gatibu nintzen. Bizitza haren bristadek erre egin ninduten. Leo ni bazter batean sosik gabe botata utzi ostean desagertu zen. Urrea esan eta urria eman.
Nola edo hala, lanak jarraian aurkitu ni-tuen. Hasierak latzak zirela eta, ordu asko sartu behar. Lankide asko nituen, bakoitza berera zihoan, erritmoa bizia: lana, lana eta lana. Nagusiari laguntza eskatu nion eta pizgarri bat eman zidan. «Horrela bai», pentsatu nuen.
Bezeroen jarioa ikusita, lankide bati soldata aurrerakina eskatzeari buruz galdetu nion. Buruarekin ezetz esan eta alde egin zuen. Baina etxera bueltatzeko asmoa neukan.
Nagusiak ez zuen begi onez ikusi nire eskaera eta zigor bezala zor bat asmatu zuen. Odoleztatuta utzi ninduten argumentuak eman zizkidan eta ezin besterik esan. Hala ere, beste pizgarri bat eman zidan lanari ekiteko.
Bezeroaren eskaeren arabera talde aurkezpenak prestatzen genituen: bakoitzaren berezitasunak ahalik eta hoberen saldu, banakako kontratua eskuratzeko. Lehia sutsua zen. Pizgarriak ugariagoak bihurtu ziren: ezinbestekoak. Bezero bezainbeste tratu mota zeuden eta guztiak aurrera ateratzeko prestatzen gintuen nagusiak. Nolabaiteko formakuntzak, edo.
Denborarekin, etxera itzultzeko nahia itzali zitzaidan. Mario nagusiarekin nengoen eta aurrekoan bezala, bere nahiak nireak bihurtu ziren. Zaila zen gure harremaneko esparruak desberdintzea: lana, maitasuna, liskarrak, sexua... Guztiak pizgarriz itsatsita. Ordurako, nik neuk eskatzen nizkion. Ez da arrosarik arantzarik gabe esaten lokartzen nintzen maiz.
Azpimundu hark harrapatu aurretik, ametsak zituen ikasle arrunt bat nintzela gogoratu nuen. Ostera, komertzial antzeko kargu batera heldu nintzen bakarrik. Lantoki birrintzaile hartatik irtetea lortu nuen: haize pixka bat, azkenik. Postu berria Marioren bikotekidea izateagatik lortu nuen zurrumurrua heldu zitzaidan eta egia zen.
Libertate hura ez nuen hutsaren truke lortu, alabaina. Diru-sarrera gehiago eskuratu behar nituen nagusi-bikotekidearentzat. Bezero onak lortu nituen: produktua gustuko zuten eta arazorik gabe ixten genituen salerosketak.
Horietako bat premium bilakatu zen. Produktu bolumen handia nahi zuen eta bileretan harremana sakontzearen ondorioz, konturatu orduko maitemindu egin ginen. Batzuetan, premium izatearen esklusibotasuna zela medio, produktua biltegian lagatzen zuen ukitu ere egin gabe ordainduta. Eta atzenean, zer? Benetan behar izan nuenean eskua ukatu, besteek bezala.
Horren berri izatean, Marioren argumentuekin bildu nintzen berriz. Sinesgarriak ziren, oso: ezkerreko ukabilarekin arrazoi bat eta eskuinekoarekin beste bat.
«Nor zara zu?», galdetzen nion ispiluan islatuta ikusten nuen ezezagun hari. Izen larregi aurpegi berarentzat.
Kartzela bat besterik ez zen balizko etxe batera aldatu ginen tupustean. Pizgarriak, pizgarriak eta pizgarriak etengabe. Mariok ez zituen jadanik bere argumentuak adierazten, ez zegoen horren beharrik. Agindu eta bete. Zergatik betetzen nuen bere esana? Zergatik ez nuen nire burua aspaldi akabatu?
Bezero nazkagarri baten aurrean kulunka nenbilela gertatu zen. Musika, alkohola eta pizgarriak ziren nire inhibidoreak. Barre inozo bat hemen, hitz zikin bat han, errealitatea hemen, linboa han... eta urdina. Guztia gainezkatu zuen urdin askatzailea. Aurpegi berri haien aurrean sentitutako lotsa gogoratzen dut, denbora pasa arren oraindik burumakur mantentzen zaituen lotsa higuingarri hori.
Koloreetako uniforme lizun hartatik jareginda eta nortasuna zein gorputza berreskuratuta. Ez zegoen dirurik hura eros zezakeenik berriro ere. Eta orain?
Esperantza bilatzen darrait ordutik garai bateko neska gazte haren puskak berreskuratu nahian. Kate ikusezinak omen dira astunenak. Zenbat aldiz hasi gaitezke berriro ezerezetik? Eta pobrea, emakumezkoa, drogazalea eta esklabo sexual ohia bazara?




