Okupatua
Gizon okupatua gauza ederra da», kantatu zuen Xabier Letek 1976an. Geroztik, askotan entzun dugu kopla hori emakume okupatuek ere. Letek lehen aldiz abestu zuenean ere seguru nago emakume asko okupatuak bizi zirela. Baina horrek ez du abesti askotarako eman (buelta nadin bidera, gaur ez bainuen horri buruz idatzi nahi).
Okupatua egotearen inguruan pentsatzen aritu naiz. Azkenaldian, norbaitek “zer moduz” galdetu orduko akordatzen bainaiz zein okupatua nagoen. Batzuetan “ondo” erantzuten dut kanporantz. Barrurantz, egiteko ditudan gauzen zerrenda pilatzen zait burutazioetan. Beti ez diogu egiatan erantzuten “zer moduz” galderari.
Baina, noiztik bizi gara hain okupatuak? Noiz bihurtu da egitekoen artile pilota korapilatu hau errutina?
Autoek espazio publikoaren %80 okupatzen dutela irakurri dut. Ikaragarria da. Arazoa da gero eta espazio gehiago utzi autoei, gero eta gehiago hartzen dutela. Berdin da zenbat aparkaleku plaza prestatu, dena betetzen da autoz. Berdin da zenbat erraiko errepideak eraiki, denak okupatzen dituzte autoek. Aseezina da autoen okupatzeko gosea.
Lehen etxe txikia genuen, armairu txikiak zituen etxe txikia. Moldatzen ginen. Armairu askoz handiagoak zituen etxe handiago batera aldatu ginenean pozik geratu nintzen tarte batez hutsik zeuden armairu horiei begira. Beti erdi beteta eta erdi ordenatuta egongo zirela pentsatu nuen, ez ginela gai izango dena trastez betetzeko. Gutxi iraun zuen ametsak. Egunero pentsatzen dut zerbait bota beharko dudala gaur-biharretan.
Akaso, autoek dena okupatzen duten bezala, eta armairuak goraino betetzen ditugun antzeko grinaz, okupatzen ditugu bizitzak.
Esaten dutenez, bizitza okupatuaren sindromea kapitalismoaren fruitua da. Produktibitatea dena omen da lanaren bueltan eraikitzen den kultura honetan. Baina, nago, lanaz gain, lanetik kanpoko armairuak ere gehiegi betetzeko joera ez ote dugun. Nonbait, zenbat eta denbora libre gutxiago izan, orduan eta begi hobez ikusten da pertsona bat estatusaren piramide aldrebes horretan. Kontrakoa, denbora libreaz gozatzea edo ezer ez egitea gaizki ikusia dago, alferkeriarekin eta anbizio faltarekin lotzen omen da.
Okupatua egotea ez dakit ba hain ederra ote den. Okupatutik preokupatura tarte txikia dago. Akaso ikasi egin beharko dugu okupatu gabeko tarteak zabaltzen, eginbeharren armairuan tokia libre uzten. Uste dut aspertzea ederragoa izan daitekeela. Probatuko nuke.





