Landare igokari bat
Minak zenbat irauten duen pentsatzen aritu naiz. Akaso denborarekin forma eta kolorea aldatuko zaizkio. Mahaspasa bihurtuta imajinatzen dut, zimurretan gordea. Gure gorputzean lokartuta egoten diren birusak bezala. Lo baino esna, gutxien espero duzunean gaixotzeko. Lo baino esna, erdi irekita dauden begi ikaratiak bezala.
1936ko gerran fusilatutakoen omenezko oroigarriaren aurrean ikusi dut emakume bat. Gurpil aulkian ekarri dute etxekoek, 90 urteak paseak izango ote dituen kalkulatzen aritu naiz. Baietz esango nuke, baina ez aspaldi. Alegia, 1936ko gerran haur txiki bat zen. Lore sorta bat darama altzoan. Oroigarriaren parera eraman dutenean, negar zotinka hasi da. Ez dakit bere etxeko zein fusilatu zuten frankistek. Hilerri horretan 200 baino gehiago daude. Baina negarrez hasi denean, 1936ko haurtxo hura etorri zait begietara. Ia ikusteraino. Eta 90 urtean barruan daraman min zahar horrek negar berri-berria dakarrela konturatu naiz. Iturri zaharreko ur berria. Min zaharrak sortzen duen negar berria, aldiro mina berritzen duena.
Bihotza uzkurtuta egon naiz begira, minak zenbat irauten duen eta zenbat pisatzen duen kalkulatzen.
Emakume bat ikusi dut telebistan, 75 urtetik gorakoa. Aztoratzaile faxista bat joan da bere herrira mitina ematera. Ahoan txilibitu bat hartu eta jende artera agertu da emakumea, bakarrik. Eta txilibitua jo du indartsu, behin eta berriz. Faxista guztiak haserrearazi ditu, saiatu dira emakumea ekitaldi horretatik botatzen eta berak berean jarraitu du, txilibitua jo eta jo. Miresgarria. Emakume horrek bere azalean sufritu du zapalkuntza frankista. Bere eskubideak zapaldu dituzte eta horien alde egin du borroka. Ez dira liburuetan agertzen diren eskubideak eta askatasunak, bere-bereak dira, usaina eta forma daukate bere gorputzean. Eta horregatik agertu da hitzordu faxista horretara bere gorputzarekin eta txilibituarekin. Inork ez dio azaldu behar zer izan zen frankismoa. Nahiko lukeen arren, berak ezin du ahaztu. Gorputzean darama.
Behin sentitu genuen mina gorputzean geratzen zaigula uste dut; landare igokari bat azalaren barrutik.
Adineko gizon eta emakumeak ikusi ditugu kaleetan, faxismoari aurre egiten. Badakite zer dagoen jokoan, badakite eskubide sozialen eta politikoen alde egunero borrokatu behar dela. Miresmen infinitua sentiarazten didate. Eta hotzikara. Adituko ote dugu haien mezua.

Grazia Garagorri, XVII. mendeko hilketa matxista bat, gaur egungoen ispilu

Grafitis de trinchera, de la memoria al arte

Urbasa en su mejor momento: el otoño, un éxtasis de colores

Antes éramos el pastel, ahora, solo la crema

