Planak
Nuria Labarik “Nunca te fíes de mí” ipuinean dio: «Argi zegoen ideia bat saldu zidatela. Baina ez nekien zein zen, ezta zergatik ordaindu behar nuen ere. Ziurtasun bakarra zen zerua urdina izango zela eta eguzkiak argituko zuela iritsi behar ginen lekua». Familia oporren inguruko pasartetxo bat da, Karibea ezagutzeko egindako bidaia baten harira.
Batzuetan gertatzen zait zerbait irakurri eta oihartzuna geratzen zaidala buruan. Edozein momentutan etortzen zait irakurritakoa, egiten nabilen horretan eragin nahiko balu bezala. Dela beste liburu bat irakurtzea, dela patata-tortilla bat egitea. Azaldutako kasuan, lagun batzuekin mugikorraren bidez hitz egiten ari nintzela etorri zitzaidan burura pasartearen muina. Betikoaz ari ginen, oso zaila dela aurrez aurre batzea, eta, behintzat, digitalki bada ere, badugula aukera elkarren berri izateko. Halere, saiatu behar genuela tarte bat topatzen hurrengo batean zerbait egiteko. Mugikorretik hitz egitea ez den zerbait egiteko esan nahi genuen, jakina. Eta, hain zuzen, hor hasi zen salmenta. Labariren hitzen durundia zabaldu zitzaidan hipokanpotik zehar. Horra proposamenak: antzezlan bat ikustea -lagun baten konpainiak zerbait oso interesgarria eta polita egin du, eta izan zitekeen ideia ona lagunari ere sostengua emateko-, jatetxe japoniar berezi batean bazkaltzea -sukaldaria Japonian ikasitakoa da eta, antza, benetako janari nipondarra proba genezake- edo tardeo batera joateko sarrerak erostea -proposamen egin zuen lagunaren ustez une aproposa da aurreiritziak alde batera utzi eta 80ko hamarkadako musikaz gozatzeko ez dakit zer toki berezitan-.
Ideia bakoitza proposatzearekin batera, kontsumoak, espektatibak edota salmentak eragiten duten zirrara barreiatu zen gure artean. Planek, izan ere, oso argi dute eskaintzen dutena: giroa, estetika, sentitu behar den emozioa. Ideiak erosten ari ginen. Azkenean, beste zenbaitetan bezala, bermuta hartzeko geratu ginen. Batzuek, ondoren, aukera izanez gero, zeozer bazkaldu zezaketen handik hurbil, beste batzuek, aldiz, lana, osasuna edo familia betebeharrak tarteko, trago arin bat hartu eta alde egin beharko zuten. Hasierako besarkaden ostean, irribarreen eta ohiko «zer moduz» eta «ondo» galde-erantzunen ondoren, bermuta eskatu eta tragoak jada eskuan, heldu zen salmentaren funtsa: mugikorrak libratu ziren poltsikoetatik eta hurrengo planaren ideia osatzeari ekin genion. Planak burutuko ziren espektatibaren kontura, plana irentsi eta digeritu beharrik gabe. Ideiak kontsumitu egiten ditugu momentua heldu aurretik. Aurrez aurre gaudenean ere, hurrengo planaren xarma da batzen gaituena, momentuan elkarrekin egotearen gozamenak esku artetik ihes egiten digun bitartean.




