Miren Amuriza

Balearen oroimena

Gure amamak ere balearen oroimena dauka, ozeanoak bezain sakon eta enigmatikoa. Xibartek nola, argi-argi gogoratzen ditu ia bizitza osoan iraun dion isilaldiaren aurretxoan jazotakoak.

Iragan azaroaren lehen egunetan ezusteko bisitaria agertu zen Euskal Herriko kostaldean: xibarta balea (edo balea konkorduna). Itsas bidaiari erraldoi honek kolore gris iluna du gorputzaren gainazalean eta zurixka paparrean, sabelean eta hegatsetan. Mutrikuraino iritsi zen balea hura iparraldeko ur hotzetatik abiatuko zen beharbada inguru epelagoen bila eta bidean kideengandik aldenduko. Distantzia luzeak zeharkatzen dituzte migrazio garaian: uda ur polarretan igarotzen dute elikatzen eta indartzen; aldiz, neguan, itsasertz tropikaletara inguratu eta umatu egiten dira. Konkorduna da ekuatorearen alde bietako balearik ezagunenetakoa; lantzean behin ur azalean egiten dituen braustada ikusgarriengatik eta, batez ere, bere kantaera sarkorragatik. Zenbat marinel, kortsario eta pirata ez ote ziren galduko behe-lainotan, inoiz aurkituko ez zuten sirenaren bila balearen auhenei jarraika...

Xibartek soinu mota ezberdinak ekoizten dituzte eta, hots horiek erritmo jakinekin konbinatuz, doinu bereziak sortzeko gai dira. Doinuotan egitura oinarrizkoak mantentzen dituzten arren, noizean behin bariazio txikiak erantsiz melodiak garatzen joaten dira urte batetik bestera. Aldaketa horiek arestian aitaturiko migrazio zikloaren arabera gertatzen dira: neguan, emeak erakartzeko nahiz kumeak gidatzeko aritzen dira kantari;  udan, ostera, bolada luzeak egiten dituzte isil-isilik. Baina handik urtebetera umatzeko lekura bueltatzen direnean, aurreko negutean kantaturiko doinu berberak gogoratzeko gai izaten dira; horrexegatik esaten da baleek oroimena dutela.

Gure amamak ere balearen oroimena dauka, ozeanoak bezain sakon eta enigmatikoa. Batzuetan ez da akordatzen txapako suari egurra sartzeaz, afalosteko pastilla hartzeaz edo atea giltzaz ixteaz. Ahaztu egiten zaizkio fetxa seinalatuak eta kafekoletxea sutatik erretiratzea. Baina xibartek nola, argi-argi gogoratzen ditu ia bizitza osoan iraun dion isilaldiaren aurretxoan jazotakoak. Zelan berak 4-5 urte zituela abioneta bat inguratu zitzaien baserrira eta haren tarratada hotsarekin ikaratu ziren, eta zelan hegazkin hartatik paper txatal gorriak ikusi zituen erortzen udazkeneko orbelak bailiran, eta zelan jakin zuten orduantxe gerra amaitu zela. Tamalez, adinean aurrera joan ahala, itsaso infinitu eta emankor izaniko memoria gauetik goizera bihur daiteke oroitzapen izoztuen Artiko. Ez dago jakiterik baleak noiz kantatuko duen, ezta zu parean zaudela berriz kantatuko duen ere. Bere inguruan sarri samar ibiliz gero, gerta daiteke usterik gutxienean burua ur azalera arrimatu eta kantuz entzutea. Eta hala ez bada ere, estimatzen du konpainia.