MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Hemen da udaberria!

Beldur guztien gainetik, gauaren ostean eguna datorren moduan, neguaren atzetik udaberria loratzen den bezala, esklabotzaren atzetik libertatea datorrelako, morrontzaren ondoren askatasuna.

Meteorologoen prebisioak bete badira, euri tantaren bat gorabehera, oro har egun eguzkitsua izango da gaurkoa Atenasen: 15 bat gradu, eta laino gutxi zeruan. Bruselan ere eguzkia, han hotzago normala denez, baina aparteko arriskurik ez.

Ekonomisten prebisioak bete badira, berriz, Europako Banku Zentrala dagoeneko hasita egongo da Estatuen bonuak (estatuen zorra) erosten; euroa bera orain astebete baino ahulago ibiliko da eta petrolioa are merkeago egongo da; burtsak eta dibisa merkatuak dar-dar batean ibiliko dira.

Greziarrak botoa ematen ari dira gaur; demokraziaren sehaska omen denak hango Gobernuaren ardura noren esku utzi erabakiko du. Ez dute libreki erabakiko, jakina. Inoiz ez da erraza erabat libreki erabakitzea: nor ez dago baldintzatuta erabakiak hartzean? Baina greziarren kasuan, apokalipsiaren pareko hondamendiarekin egin diete mehatxu, eta inork ondo ulertzekotan, greziarrek ulertzen dute ondoen apokalipsiak zer esan nahi duen. Hala ere, kasu honetan soziologo eta politologoen prebisioak betetzen badira, Syriza alderdi ezkertiarrak irabaziko ditu gaurko hauteskundeak.

Bihar, beraz, Alexis Tsipras, 40 urteko ingeniaria, izan daiteke Greziako lehen ministroa. Eta bihar ikusi ahal izango da demokrazia asmatu omen zuten greziarrek demokraziaren berpizkundea sorraraziko duten. Eta merkatuak urduri egongo dira agian, zenbaki gorritan; eta Bruselan, Berlinen eta Frankfurten, teknokrata, politikari eta bankeroak haserre; munduko enpresari handiak sutan, beharbada. Baliteke. Nahiagoko nuke hala balitz. Baina ziurra, benetan segurua, Atenasen eguzkia goizeko 07.35ean aterako dela bezain ziurra da Syrizak irabazten badu milioika greziarrek ilusioa berreskuratuko dutela, berriro ere herritar sentituko direla, eta ez esklabo, eta asko balio du horrek. Udaberri europar baten hasiera izan daiteke. Krisia (hara, greziarrek beste inork baino hobeto uler dezaketen beste hitz bat!) zerutik etorria izan dela sinetsarazi nahi izan digutenen aurrean, herritarren indarra.

Euskal Herrian, Ituren eta Zubietako joaldunek bihar eta etzi egingo diote dei ama lurrari, esnatzen has dadin. Joareen hots zaharrak hats berria ekarriko du. Negua badoa, eta badator udaberria gurera ere. Inoiz baino gehiagotan hurbildu beharko dugu hautetsontzietara datozen hilabeteotan: martxoan Iparraldean, eta maiatzean eta azaro-abenduan Hegoaldean. Eta tartean, irailean, Kataluniara begira egongo gara, adi-adi. Katalanak ere, greziarren moduan, Europako udaberri horren protagonista nagusi izan daitezkeelako. Eta munduari lezio handi bat eman diezaioketelako: naturari aurre egiteko beharbada ez, baina beste ia guztietarako balio du herri baten borondateak.

Beldur guztien gainetik, gauaren ostean eguna datorren moduan, neguaren atzetik udaberria loratzen den bezala, esklabotzaren atzetik libertatea datorrelako, morrontzaren ondoren askatasuna.