Maddalen IRIARTE
IRITZIA

Hauteskundeak? Ze hauteskunde?

Komeniko da gure burua zentratzea eta gurea zein helburu den argi izatea. Nahastu gabe.

Syrizak aldaketa ekarriko du. Greziara aldaketa ekarriko du, baina baita Europara ere. Ikusiko dugu ze modutan eta nola, ze zailtasun eta nolako ahaleginarekin, baina gauzak aldatu egingo dira herrialde hartan. Ikusi besterik ez dago mehatxuka ari zen troika askoz ere baretuago zegoela, Syrizaren garaipena oraindik ere jakin gabe, inkesta guztiek zalantzarik gabeko garaipena ematen zioten hauteskunde bezperan, argi utziz, etorkizuna etorkizun, beldurraren kanpaina indarrean izan dutela azken unera arte. Gauzatu zen garaipena. Eta oraindik ere Grezian boto guztiak kontatu gabe zeudela, oraindik ere tarteka Tsiprasen alderdiak gehiengo osoa hatz muturrez ukitzen zuela, jakin genuen Espainian, Andaluzian, hauteskundeak izango direla martxoaren 22an. Greziako aldaketaren lehenengo ondorioa dela ere esango nuke, nahiz eta Susana Diazek horrela egitea nahiko ziurtzat jotzen zen. Susana Diazen kalkuluen arabera, Podemos Andaluzian erabat antolatu gabe egoteak tarte bat ematen dio berari eta hauteskundeak irabazteko aukera eskaintzen, gehiengo osotik oso urruti geratuko bada ere. Agur, beraz, IUri, eta hauteskundeak. Susana Diazek ezagutzen du zer egoera duen Andaluzian eta ikusi du zer gertatu den Grezian eta norainoko erorketa izan duten alderdi sozialistako kideek: ez dira deus sortu berria den Greziako panorama politiko berrian. Badaki halakoak kutsatu egiten direla apur bat eta, Espainiak bezalako murrizketak izan dituen herrialde batean, Espainiak bezalako PP bat izan duen herrialdean, Espainiak bezalako PSOE bat duen herrialdean, inkestek Podemos-i gaur bai eta bihar ere bai sekulako indarra ematen diotenean, ezin duela unerik ere galdu. Grezian hasi da olatua eta auskalo! Momentuz, irteera-marran lehenengo ageri da eta ez du nahi maiatzeko udal hauteskundeen zurrunbiloak harrapa dezan. Denbora irabazi, denbora gelditu eta ustekabean harrapatu nahi izan du bere arerio politiko berria. Ez dira Diazen arrazoi bakarrak, baina gainerakoak bere alderdiaren barrura begirakoak dira eta hori beraien arazoa da.

Beraz, Greziak emango digu tarte baterako, Andaluziak ere bai... Ez da martxoko zita bakarra izango. Europako alderdi sozialisten tenperatura hartzeko, Frantziako kantonamenduetako hauteskundeei begiratzea ere interesgarria izango baita oso, eta tartean Euskal Herrian gertatzen dena arretaz begiratzekoa izango da. Euskal Herrian ere beherakada aurreikusten diote Alderdi Sozialistari nahiko era garbian. Eta gero maiatza, eta ondoren, ezer geratzen ez bada, irailean Katalunian, eta gero Espainiako Gorteetarakoak. Zita hauetako askotan zer esana dugu Euskal Herriko herritarrok, alderdi politikoek eta gizarte eragileek. Zita hauetako batzuk bilakatuko ditugu eredu, eta hartuko ditugu aintzat, kanpainaurre eta kanpainei batuko zaizkie kanpainaurre berriak eta kanpaina berriak. Komeniko da gure burua zentratzea eta gurea zein helburu den argi izatea. Nahastu gabe.