08/02/2015

Duela hamar urte
Duela hamar urte Espainiako Gorteek aintzat ere ez zuten hartu Eusko Legebiltzarrak gehiengoz onartu eta orduko lehendakari Juan Jose Ibarretxek defendatutako plana. Komenigarria izaten da tarteka hemerotekara jo eta egoera aldatu den ala ez ikustea
MADDALEN IRIARTE

Otsailak lehenengo eguna zuen, 2005. urtekoa. Espainiako Gorteek aintzat ere ez zuten hartu Eusko Legebiltzarrak gehiengoz onartu eta orduko lehendakari Juan Jose Ibarretxek defendatutako plana, gaur egun ere haren izenaz ezagutzen dugun “Ibarretxe plana”. Lehenengo aldia izan zen gorte horietan Espainiako Estatuaren barruko edo menpeko nazio baten lehendakariak halakorik egiten zuena, eta garaiko kronika ugarik –San Jeronimoko karrerako jauregian lehoiak lekuko– gertatutakoa gutxietsi nahi izan zuen arren, bertan bizitakoa egun historikoa izan zen, nahi edo nahi ez.

Komenigarria izaten da tarteka hemerotekara jo eta egoera aldatu den ala ez ikustea. Ekitaldi hartan Mariano Rajoyk, garai hartako oposizioko buruak, gaur esaten jarraitzen duen gauza bera esan zuen, hitzik aldatu gabe, komarik aldatu gabe: «Soberania espainiar herriarengan dago». Hamar urte beranduago, ETA gabe, Europan beste prozesu batzuk bozkatzen diren egunotan, gauza bera esaten du hitzik aldatu gabe eta, bide batez esan dezagun, egoerari irtenbiderik eman gabe, esku artean dauzkan arazoak konpondu gabe. Ekitaldi hartan Ibarretxek beste hau ere gehitu zuen: «Ez zuk, Zapatero jauna, ez zuk ere, Rajoy jauna, ez duzue gure etorkizuna erabakiko».

Gehiengoari, PSOE, PP, CCri eta pentsatzen dut kontra bozkatu zuen IUri eta abstenitu zen ICVri ere ez agian, ez zitzaien gustatu esaldi hura eta marmarra sumatu zen hemizikloan.

Ez dakit zer esan nahi izan zuen Zapaterok egun hartan, esan zuenean «gaur proiektu berri baten hasieraren lekuko gara». Izan ere, geroztik ez dirudi Alderdi Sozialistak urrats bakar bat eman duenik erabakitzeko eskubidearen inguruan; zentzu horretan PP bezalaxe agertu da.

Etxera begira EAJ-k eta ezker abertzaleak ordukoak elkarri aurpegiratzen jarraitzen dute. Batak justuko botoak baino ez zizkiola eman planari Eusko Legebiltzarrean eta besteak aurrera egiteko nahikoa izan zirela eta alderdian bertan zuela galga Ibarretxek.

Denborak erakutsi digu ze garrantzitsua den batasunaren indar erakustaldia, eta horren lekuko da Katalunia, eta ze garrantzitsua den bozeramaile egiten duenaren alderdia harekin bat eginik egotea, eta horren lekuko da ere Katalunia. Baina Kataluniari sarri begiratzen diogun arren, lezioa mahai gainean jarria zegoen Euskal Herrian aurretik, ikasteko moduan.

«Guri dagokigu etorkizuna erabakitzea eta horrela izango da», esan zuen Ibarretxek egun hartan.

Hamar urte beranduago herri honen gehiengoak horrela uste du, eta gainera uste du erabakitzea dagokigula baita azken erabakia gustukoa ez bada ere. Ariketa demokratiko bat dela, XXI. mendeko Europa honetan edozein gatazka, arazo, zalantza argitzeko bidea herritarrei galdetzea dela. Egunerokoa ari da erakusten erabakiaren esparrua non dagoen. Sarri entzuten dugu ezin dela hitz egin Estatuaz joan den mende hasieran bezala. Ziur nago, baina erabakia hartzeko moduaz ere ez. Horretaz ere konbentzituta nago. Ea hamar urte barru beste kontu batzuekin ari garen.