08/02/2015

amagoia mujika
Hitz itsusiagoa

«Elkarbizitza» hitza, askotan eta gaizki erabiltzearen ondorioz, gastatu egin da. Eta gehien erabili dutenak dira elkarrekin bizitzeko gogo gutxien dutenak. Badirudi espero dutela beren kolore politikoa ez dutenak halako batean behin betiko desagertu egingo direla. Hitz askoz itsusiagoa behar du horrek.

Hitz ponpoxoak alferrik erabiltzea debekatu egin beharko litzateke. Puntilla asko eta mami gutxi duten hitzak bihurtu zaizkigu, gehiegi eta gaizki erabiltzearen ondorioz. Elkarbizitza da horietako bat. Zarta-zarta erabili izan da, gastatu eta kolorea galtzeraino. Kanpotik ponpoxoa dirudi, baina barrutik hutsa dago. Finean, zer da elkarbizitza? Ba, horixe, elkarrekin bizitzen jakitea, elkarren artean oso desberdinak izan arren. Gure herri honetan badakigu zer den elkarren artean desberdinak izatea. Orain, bestea ikasi behar dugu, desberdinen artean modu sano samarrean bizitzea, alegia.

Bada jendarte honetan familia politiko bat, kopuruz oso handia ez bada ere, oso builosoa dena. Ahotsa goratzen du honegatik eta hargatik, eta Madrilen agintean duen anaia nagusiari deitzen dio haserretzen denean. Eta hor etortzen dira lasterka denak, politikari, kazetari eta polizia, jolastokiko beren arauak zeintzuk diren zorrotz gogoraraztera. Dena elkarbizitzaren izenean. Eguna joan, eguna etorri «gu ere jendarte honen parte gara» entzun behar izaten diegu, «gu ere jolasten gara». Arazoa da beti beren arauen arabera jolastu nahi dutela, ez dutela besterik onartzen. Eta, bestela, purrustada eta dei zuzena Madrilgo politikari-kazetari-polizia familiari.

Aspaldi erakutsi ziguten eskolan eta etxean oso jende desberdina bizi garela gurean. Bakoitzak kolore desberdinez amesten duela gure herria, baita hizkuntza desberdinez ere. Eta erakutsi ziguten denak kabitu behar dugula hemen, gustatu edo ez. Inor ez dela inoren gaineko, ezta inoren mendeko ere. Bai, nork bere kolorez marraztu behar duela ingurua, ahalik eta pareta zati handiena, baina ondoan dagoen bestearen kolorea tapatu gabe. Akaso koloreak nahastu gabe, baina batez ere koloreak tapatu gabe.

Guri erakutsi ziguten. Beldur naiz beste horiei, jolastokiko arauak inposatzen dituztenei, ez zietela erakutsi. “Elkarbizitza” hitza haiek adina aldiz erabili duenik ez dago. Behin eta berriz, hitza gastatu eta ingurukoak aspertu arte. Dena gezurra. Benetan elkarrekin bizitzen ikasteko garaia iritsi denean, ikasgelako aulkietan ondoan esertzeko garaia, kanpoan geratu dira, jolastokian, Madrilgoen babesa duten tokian. Ez daude lanerako, ez daude elkarbizitza serio eraikitzeko. Erosoago daude betiko jolasetan, «andereino, honek jo egin nau», salatari eta kontakatilu.

Egia esaten hasita, guri ez zaigu beren kolore politikoa gustatzen, ez dugu maite jendartearen pareta nola marraztu nahi duten. Baina gure baitan badakigu haien ondoan bizi behar dugula. Haiek, ordea, iruditzen zait espero dutela halako batean behin betiko desagertuko garela ondotik. Hori ez da elkarbizitza, hitz askoz itsusiagoa behar du horrek.