MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Errugabeak

Errua etxetik gertu ikusten dugunean, denok aldarrikatzen dugu errugabetasun presuntzioa. Zuzena da printzipio hori aintzat hartzea, baita Barcenas jaunarentzat ere, epaileek azken hitza ematen duten arte. Baina ez daitezela partidak karta markatuekin hasi, izan ere, batzuek epai bat gustatzen ez zaienean protesta egiten dute eta bizkarreratzen zaie beti protesta egiten dutela. Besteek ez, besteek legeak aldatzen dituzte, hasieratik argi utzi izan duten bezala, euren esku dagoen guztia egingo baitute, ingeniaritza juridikoa erabiliz.

Espainiako gobernuaren presidente izandakoak, Felipe Gonzalezek esandakoak esanguratsuak iruditu zaizkit eta ingurumari honetan kokatu ditut. Gaur zortzi Espainiako egunkari garrantzitsu batean egin zioten elkarrizketan esandakoen arabera, ezin omen du epaile batek erabaki, ezin omen du haren esku egon ustelkeriagatik auzipetutako pertsonak hauteskunde zerrendetan egon edo ez. Gonzalezek ongi adierazten zuen gerta daitekeela epaile bat guztiz “garbia”, “kutsadurarik” gabea izatea, baina orokorrean bulkada bat edo beste izango duela epaileak ere, eta gerta daitekeela gainera kasu batzuetan bulkada horren araberakoa izatea bere epaia. Horiek horrela, ustelkeriagatik inputatutako pertsonak hauteskunde zerrendetan ez egotea besterik gabe, ez zaiola erabaki zuzena iruditzen zioen. Adibideak ere jarri zituen, antzeko kasuak jasandako pertsona errugabeak aipatuz.

Hausnarketa sortu dit, Euskal Herrian, akusazio oso larriak tarteko, atxilotu eta egun pare batean, zortea izan dutenek tratu txarrik jasan gabe, libre utzi dituzten pertsonen inguruan. Beste batzuk sartu dituzte kartzelara, pasa dituzte hamabost hilabete edo bi urte, atera dira epaitu gabe... eta ez dago erantzunik, ez erantzukizunik. Halako batean hasiko dute euren aurkako makroepaiketa bat... esango dute denak ETAkoak direla eta ateratzen direnean, betiko ETAkoak izango dira... Eta direnak dira, baina ez direnak ez dira. Eta zigorra bete dutenek kitatu dituzte euren zorrak. Gustatu ala ez.

Baina zenbat herritar daude Euskal Herrian, muturreko egoeretara iritsi gabe, une batean legez kanpo egondako ezker abertzaleak utzitako tokia betetzeko sortu diren ekimenetan parte hartu dutelako eta epaile batek, bulkada bat edo bestea zuenak, independentea edo ez hain independentea zenak debekatu dituelako, ezin izan dutenak aurkeztu kargu publiko batera? Edo dena ETA delako ETAko egin dituztenak? Zein zerrendatan daude herri honetako ehunka pertsona, prozesuren batean auzipetuta egon, absolbituak izan, errugabetzat jo dituzten pertsonak? Zergatik ezin dute, adibidez, oporretan AEBetara joan? Nork sartu ditu, zein zerrendatan? Obamak pertsonalki edo Espainiako Barne Ministerioak? Nork eta noiz aterako dituzte zerrenda horietatik, auzipetuta ez dauden, justiziak absolbitu dituen eta inorekin inolako zorrik ez duten pertsona horiek? Eta inoiz inolako zorrik izan ez dutenak? Zenbat zerrenda daude?

Izan ere, Gonzalez jauna, denontzako berdintsua behar luke justiziak. Ala ez?